Eusko Legebiltzarrak eskatu du lan agintaritzak izatea berriro enplegu erregulazioei buruz erabakitzeko ahalmena

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek babestu dute adierazpena, langileen eskubideak eta enpresen jarduna bermatuago egongo direla argudiatuta.

Tubos Reunidoseko langileen protesta bat, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Tubos Reunidoseko langileen protesta bat, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2026ko apirilaren 16a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak 2012an indargabetu zuen lan agintaritzak enplegua erregulatzeko espedienteak bidezkoak diren edo ez erabakitzeko zuen eskumena, eta orduz geroztik epaileek dute azken hitza. Mariano Rajoyren gobernuak onartu zuen lan erreformaren bidez etorri zen aldaketa. Eusko Legebiltzarrak, ordea, kontrol publikoa berreskuratzeko eskatu du gaur, langileen eskubideak eta enpresen jarduna bermatuago egongo direla argudiatuta. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek babestu dute adierazpena.

Koalizio subiranistaren ekimenez eztabaidatu da gaia. Pazis Garcia legebiltzarkideak salatu du enplegua erregulatzeko espedienteei buruzko araudiak ez duela negoziazioa sustatzen, eta langileen etorkizuna jokoan dagoenean enpresek erabakiak alde bakarrez hartzen dituztela, legeak horretarako «ahalmen osoa» ematen dielako. Turbos Reunidosen eta Maderas de Llodioren kasuak jarri ditu adibide gisa.

Hori dela eta, kontrol publikoa berreskuratzeko beharra defendatu du Garciak, eta azpimarratu «enplegua babesteak» izan behar duela helburua; hau da, «jendea babestea enplegua suntsitzen duten enpresen erabaki arbitrarioen aurrean». Izan ere, gogora ekarri du iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.200 behargin baino gehiago kaleratu zituztela modu horretan, gehienak Aiaraldean.

Markel Aranburu EAJko legebiltzarkideak adierazi du enpresek zailtasunak dituztenean lehen erabakia ezin dela izan langileak kaleratzea, baina zehaztu du egoera onbideratzeko erantzukizuna bi aldeena dela: enpresarena eta langileena. Aranburuk azpimarratu du beharginen eskubideak bermatzeko sindikatuen zeregina «funtsezkoa» dela, baina, ñabartu duenez, horrek «arduraz jokatzea» ere badakar, batzuetan jokoan dagoena enpresaren etorkizuna bera baita.

Bide beretik, Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak ere adierazi du negoziazio kolektiboa ez dela «tramite hutsa», kaleratzeak eragozteko edo gutxitzeko «elementu garrantzitsu bat» baizik. Edozein kasutan, ontzat jo du enplegua erregulatzeko espedienteei buruz erabakitzeko eskumena tokian tokiko lan agintaritzaren esku uztea berriro. Bien bitartean, Lan Ikuskaritzaren kontrola areagotzeko eskatu du, espedienteak legezkoak direla bermatu eta negoziazioak behar bezala gauzatzen direla egiazta dezan.

Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak ere ezinbestekotzat jo du lan agintaritzari itzultzea enplegua erregulatzeko espedienteei buruzko erabakimena, «interes orokorrari» eragiten diola iritzita. Eta Espainiako Gobernuko Lan ministerioa Sumarren esku dagoenez, bere gain hartu du dagokion ardura guztia. Izan ere, 2022an onartu zuten lan erreformak PPk egindakoaren zati gehiena indargabetu bazuen ere, kaleratze kolektiboei zegokion puntua ez zuten lehengoratu.

Hain justu ere, Alvaro Gotxi PPko legebiltzarkideak sutsuki defendatu du bere alderdiak 2012an sustatu zuen lege aldaketa, eta azpimarratu du hari esker gaur egun «kontrol judizial independente batek» duela azken hitza. Eta EH Bilduren ekinaldia babestu duten taldeei gogorarazi die adierazpena «ezerezean» geratuko dela, azken hitza Madrilek duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA