ELA, LAB eta ESK sindikatuek helegitea jarriko diote Tubos Reunidosek (TR) egin asmo duen lan erregulazioari. LAB izan da bere erabakia baieztatzen azkena, eta haren jarrera garrantzitsua da, horrela langile batzordean gehiengoa duten sindikatuek joko baitute auzitara. Orain ikusteko dago zer egiten duten UGTk —kaleratze negoziatuen aurka egin zuen— eta CCOOk, eta baita enpresak ere, borondatezko kaleratzeak eta erretiro aurreratuak eskaini zituenean argi utzi baitzuen haiek mantentzeko ezinbesteko baldintza zela helegiterik ez jartzea.Â
Tubos Reunidosen Trapagarango (Bizkaia) eta Amurrioko (Arabako) plantek bat egin zuten lan erregulazioa negoziatzeko. Hamahiru kideko langile batzorde bateratua osatu zuten —ELAko bost ordezkari, UGTko hiru, LABeko eta CCOOko bina eta ESK-ko bat—, eta, LABen baiezkoarekin, zortzi ordezkariren sindikatuak agertu dira helegitearen alde. Xehetasun garrantzitsua da, hala izan ezean helegiteak indarra galduko luke eta. Langileen gehiengoaren ordezkariek ez babestea pisu handiko argudioa litzateke haren aurka egiteko.Â
«Lantaldearen eskubideak defendatzea ez da ziurgabetasuna sortzea, baizik eta erantzukizunez jokatzea. Zuzendaritzak sortzen du ziurgabetasuna, ez baitu azalpenik ematen, eta langileak presionatzen baititu»
LAB Sindikatua
LABek beste sindikatuen antzeko argudioak erabili ditu bere erabakia azaltzeko. Hasteko, iritzi dio enpresak ez duela negoziatzeko borondaterik izan eta funtsezko gaiei buruz hitz egiteari uko egin diola. Halaber, uste du kaleratzeak ez diren beste neurri batzuen bitartez bideratu zitekeela egoera eta «gardentasun falta» handia egon dela, enpresak ez duelako erakutsi eskatu zaion informazioa.
Sindikatuak ohar bidez eman ditu azalpenak, eta honela laburbildu du bere jarrera: «Lantaldearen eskubideak defendatzea ez da ziurgabetasuna sortzea, baizik eta erantzukizunez jokatzea. Zuzendaritzak sortzen du ziurgabetasuna, ez baitu azalpenik ematen, langileak presionatzen baititu, eta aurrera jarraitzen baitu enplegua eta etorkizun industriala suntsitzen dituen planarekin».
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi beharko du kaleratzeak bidezkoak diren, bidegabeak diren edo lan erregulazioa baliogabetu behar den. Hiru edo lau hilabeteko prozesua izan daitekeÂ
Auzia, orain, beste fase batean sartuko da. Hasteko, enpresak bere hitzari eusten badio, negoziazio epean 285 kaleratuei –erretiro aurreratuko 205 langile, 42 langile finko eta 38 behin-behineko— eskainitako baldintzak desagertu egingo dira, eta legeak ezartzen dituen baldintzetan egingo ditu kaleratzeak. Kalte ordaina txikiagoa izango da, eta epaileak ebazten duen araberakoa: bidezko kaleratzea den, kaleratze bidegabea den edo erregulazioa baliogabetu behar den. Erregulazioa baliogabetuko balitz, berriz ere onartu beharko lituzkete langileak, bere garaian ITP-PCBn gertatu bezala.Â
Erabaki hori hartuko duen epailea EAEko Auzitegi Nagusikoa izango da, lan erregulazioei jarritako helegiteak han ebazten baitira. Asko dira bide hori urratu dutenak: Tubacex, ITP-PCB, Maderas de Llodio… Azken horren negoziazio epea iazko urriaren 13an amaitu zen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak aurtengo otsailaren 18an ebatzi zuen kaleratzeak bidegabeak zirela. Epe horiek ikusita, litekeena da Tubos Reunidosen epaiketa eta ebazpena ekain-uztail aldera izatea. Ondoren Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko aukera dago.Â
GREBARI EUTSIKO DIOTE aMURRIOKO PLANTAN
Tubos Reunidoseko ehun langile inguruk protesta egin dute gaur Bilbon, eta besteak beste, gutun bat utzi dute enpresak Bizkaiko hiriburuan dituen bulegoetan. Gutunean erregulazioa bertan behera uzteko eskatu diote zuzendaritzari. Protesta horretan jakinarazi dute apirilaren 8an Eusko Jaurlaritzarekin biltzekoak direla, eta, dirudienez, Bizkaiko Aldundia ere agertuko dela. Bilera Jaurlaritzak deitu du, eta langile batzordeak ez daki enplegu saileko arduradunez gain industria sailekoak ere agertuko diren. Halaber, aurreratu dute ez dutela Amurrioko plantako greba mugagabea bertan behera uzteko asmorik, eta argitu dute langile batzordean ez dutela jaso haren inguruko bozketa eskaerarik.
Â