Uztailak beste koska bat eman dio langabeziari. SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren arabera, Hego Euskal Herrian 153.895 lagun daude lanik gabe, ekainean baino 4.750 gutxiago. Kopururik txikiena da 2020ko otsailaz geroztik, hau da, konfinamendua ezarri aurreko hilabetetik. Enplegu bulegoetako errgistroetatik 2.700 langabe atera beharko lirateke koronabirusaren agerraldiaren aurreko egoerara itzultzeko.
Uztaileko datuak, ordea, badu ifrentzurik. Batetik, Gizarte Segurantzak 1.030 afiliatu galdu ditu. Uda guztietako ohiko galera da hori, eta hezkuntza sektoreko milaka langile oporraldian lanik gabe geratzeak eragiten du. Lanpostu horiek, normalean, irailean eta urrian berreskuratzen dira.
Beste alde iluna ere klasiko bat da jadanik: sortzen diren lanpostu gehienak aldi txiki baterako dira. Uztailean sinatutako kontratuen %6,5 baizik ez dira mugagabeak izan.
Lanpostu berrien prekaritatea nabarmendu dute sindikatuek. «Aldi baterako enpleguei zor zaie soldatapeko lanpostuen berreskuratze osoa; mugagabeko enplegua galtzen ari da, bai gizonena, bai emakumeena, eta lanaldi partziala zabaltzen ari da», ziurtatu du EAEko CCOOk.
Sindikatu horren Nafarroako adarrak, berriz, eskatu du iristear dauden EBren funtsak erabiltzea «desberdintasunak txikitzeko eta emakumeei, gazteei eta migratzaileaei eragiten dieten enplegu arrakalak gutxitzeko». Ildo horretatik, Nafarroako UGTk azaldu du lurralde horretan langabeen %60 emakumeak direla, %21,3 atzerritarrak, eta %10 gazteak.
Balantze baikorragoa egin dute, berriz, Iruñeko eta Gasteizko gobernuek. «Serie historikoan ez zen inoiz uztail batean langabezia hainbeste jaitsi», gogorarazi du Carmen Maeztuk, Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilariak. Halaber, nabarmendu du azken hiru hilabeteetan Gizarte Segurantzako afiliatuen marka hautsi duela Nafarroak. Aitortu du, ordea, egoera okerragoan daudela emakumeak, gazteak eta atzerritarrak.
Afiliazioan oraindik marka historikoaren azpitik daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa —978.175 zeuden 2019ko abenduan, eta 964.391 2021eko uztailean—. Beste datu bati erreparatu dio Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak: pandemian lana galdu zutenen %93k jada berreskuratu dute enplegua. Hutsunea ostalaritzan ikusi du Gurpegik, eta arrazoia bosgarren olatuaren eragina izan daitekeela aipatu du. Izan ere, ostalaritzan 2019ko uztailean baino %41 kontratu gutxiago egin dituzte aurtengoan; aisialdian eta kulturan, berriz, %32 gutxiago.
Enplegurik gabekoen kontratazioa handitu da gehien
Laugarren hilabetez jarraian jaitsi egin da langabe kopurua, eta ez gutxi. 4.740 langabe gutxiago ageri dira Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. 1997ra egin behar da atzera uztail batean halako jaitsiera bat ikusteko. Horri esker, duela urtebete baino 29.500 lagun gutxiago daude zerrendetan. Pandemia aurreko mailara iristeko, beste 2.700 ateratzea beharrezkoa da, baina nekez lortuko da helburu hori abuztuan, langabeziak gora egiten duen hilabete bat izan ohi delako. Udazkenean gertatzea, ordea, oso litekeena da, urtaro ona delako enpleguarentzat.
Lurralde eta sektore guztietan jaitsi da langabezia uztailean, baina bada nabarmendu den arlo bat: aurretik enplegurik ez zuten 1.140 lagunek utzi diote langabe izateari. Uler daitekeenez, langile gazteak dira horietako gehienak, udarako hartutakoak.
35.000 kotizatzaile gehiago iazko abuztutik
Ia 39.000 enpleguren galera ekarri zuen pandemiak, 2020ko martxotik urte horretako abuztura. Dagoeneko, horietatik 35.000 berreskuratu dira, eta irailerako falta direnak berreskuratzea espero daiteke, hezkuntzako kontratazio berrien bitartez.
Kontratu asko, baina laburrak gehienak
Aurtengo uztailean 111.801 kontratu sinatu dira Hego Euskal Herrian, 2020koan baino 22.000 gehiago, eta koronabirusa iritsi arte ohikoa zen kopuru bat. Baina horietatik 7.266 baizik ez dira mugagabeak izan, hau da, %6,5. Halako kopuru txikirik ez da ikusi urte batean, eta horrek erakusten du sortu bezain bizkor desager daitezkeela sortutako enpleguak.
Emakume langabeak, %57,7
Enpleguari buruzko inkestetan ez bezala, enplegu bulegoetan askoz emakume gehiago ageri dira lanik gabe, ia 24 .000 gehiago. Langabeen %57,7 ziren emakumeak uztailean. Ezin daiteke esan pandemiaren ondorioa denik, 2019ko uztailean %58,5 baitziren. Emakumeen langabezia tasa %13,7 da; gizonena, %9,5.
5.000 langile gutxiago erregulazioan
Uztailaren amaieran, 16.631 lagun zeuden aldi baterako enplegu erregulazioan, hilabete lehenago baino 5.625 gutxiago, eta kopururik txikiena 2020ko martxoan lanpostuak ez deuseztatzeko formula zabaldu zenetik. Duela urtebete, esaterako, 50.000 langile zeuden.