Aldeak daude sektore batetik bestera, baina guztietan «errealitatea bera» da, LABen iritziz; sindikatuak jakinarazi duenez, aspaldi honetan hiru langile hil dira beharrean zeudela, Gipuzkoan den-denak: basogintzan ziharduen behargin bat atzo, Azkoitian, eta bi garraiolari, bat Idiazabalen eta beste bat Oiartzunen.
Atzoko lan istripua Azkoitian izan zen, eta han 44 urteko langile bat hil zen, beharrean zebilela enbor bat gainera erorita. Bestalde, LABek jakinarazi duenez, garraiolari bat hil zen uztailaren 23an Idiazabalen, eta beste bat uztailaren 30ean Oiartzunen. Sindikatuak ez du bestelako xehetasunik eman azken bi heriotza horien inguruan.
LABen iritziz, «lan baldintza txarren ondorio» dira aipatutako heriotzak, eta ez da kasualitatea horrelakoak gertatzea basogintzan, garraioan eta «arrisku handiko» beste sektore batzuetan: «Lan baldintza gogorrak, ekoizteko presioa, prebentzio neurri eskasak eta administrazioen kontrol falta behin eta berriz agertzen dira laneko heriotzen atzean».
Basogintzari dagokionez, LABek gogorarazi du sektore horretako egoera salatu zuela Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean, eta han «aldaketak» eskatu zituela ustiaketa moduetan, prebentzioan, ikuskaritzan eta kontrol publikoan. Sindikatuaren iritziz, atzoko istripuak erakusten du arazoak «bere horretan» dirauela, eta kargu hartu die Gipuzkoako Lan Ikuskaritzari, Osalani eta Gipuzkoako Foru Aldundiari: «Erakunde guztiek dute erantzukizuna lan baldintzak hobetu eta laneko heriotzak prebenitzeko». Sindikatuaren iritziz, beharrezkoa da langileen osasuna eta bizitza «edozein interes ekonomikoren gainetik» jartzea.
39 hildako
LABek egiten duen zenbaketaren arabera, aurten dagoeneko 39 pertsona hil dira lanean Euskal Herrian. Horietatik gutxienez sei garraiolariak ziren; sindikatuak uste du datu horrek agerian uzten duela sektore horretako egoeraren larria.