Lanera itzuli dira Tubos Reunidoseko langileak, bi hilabetez greba egin ostean

Hodigintza enpresaren Amurrioko plantako langile batzordeak joan den ostiralean utzi zuen bertan behera greba mugagabea. Langile batzordeak eutsi egin dio maiatzaren 26ko eta 28ko greba deialdiari.

Maderas de Llodioko langileak Tubos Reunidosekoei harrera egiten Amurrion, gaur. AIARALDEA
Maderas de Llodioko langileak Tubos Reunidosekoei harrera egiten Amurrion, gaur. AIMAR GUTIERREZ BIDARTE / AIRALDEA.EUS
Julen Otaegi Leonet - Gotzon Hermosilla
2026ko maiatzaren 18a
08:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanera itzuli dira gaur Tubos Reunidosen Amurrioko (Araba) fabrikako beharginak; langile batzordeak greba mugagabea bertan behera uztea erabaki zuen joan den ostiralean, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zela-eta. Maderas de Llodioko langileek harrera egin diete goizean goiz lantokiko sarreran, txalo eta suziri artean, «Zuekin gaude», «Eskualde oso bat borrokan» eta «Aiaraldea aurrera» zioten pankartei eusten ari zirela —iazko irailetik daude greban Laudioko (Araba) egurgintza sektoreko enpresa horretako langileak—.

Hodigintza enpresako langileek bi hilabete egin dituzte greba mugagabean, zuzendaritzak enplegu erregulazioa egingo zuela jakinarazi zuenetik; 301 kaleratze aurreikusten ditu —274 Amurrioko plantan eta 27 Trapagaranen (Bizkaia)—. Ostiralean, enpresa batzordeko ordezkariek argudiatu zuten enplegua erregulatzeko espedientearen auzia «beste fase batean» sartu zela, Tubos Reunidos hartzekodunen konkurtsoan sartu denez gero aurrerantzean konkurtsoaren administratzailearekin jardun beharko dutelako.

Lehenbiziko bilera datorren astean egitekoak dira, maiatzaren 26an, eta enpresako zuzendaritza bertan izango da. Greba mugagabea bertan behera utzi izanagatik ere, lanuzteei berriro ekiteko prest daudela ohartarazi zuten langileek, eta bi egunetarako deitu zuten grebara enpresa osoan, maiatzaren 26rako eta 28rako.

«Enpresa salbatzeko prest»

LABek enpresan duen ordezkari Oier Bidaurratzaga elkarrizketatu dute Naiz Irratian, eta han mezu bat helarazi nahi izan dio hartzekodunen konkurtsoaren administratzaileari: «Lanerako eta enpresa salbatzeko prest gaude, baina borrokari lotuta jarraituko dugu». Azaldu duenez, haien asmoa da «negoziazio erreal baterako aukera» zabaltzea.

Bidaurratzaga kritiko agertu da enpresaren zuzendaritzak prozesuan izandako jarrera dela eta. Esan duenez, «hutsaren hurrengoa» izan da enpresaren gardentasuna: adibidez, hartzekodunen konkurtsoan sartu baino bi egun lehenago, zuzendaritzak esan zien sindikatuei ez zuela aukera horren inguruko informaziorik. Sindikatuekin elkartzeko prestasun falta ere kritikatu du LABeko ordezkariak: «Enpresarekin azken bilera martxoaren 13an izan genuen. Geroztik, hainbatetan helarazi diegu bilera bat egin nahi genuela. Ez dugu bilera horren berririk izan, soilik esateko hartzekodunen konkurtsoan sartu zutela».

Halaber, langileei «beldurra» sartu nahi izatea leporatu dio enpresari. Izan ere, azken egunotan zurrumurruak hedatu dira, eta, horien arabera, enpresak zailtasunak izango lituzke langileei maiatzeko soldatak ordaintzeko. SEPIk zorra berregituratzeko aukerari dagokionez, berriz, Bidaurratzagak ez du horren garrantzia gutxietsi nahi izan, baina ostera ere berretsi du «barne inbertsoreak» behar direla enpresa bideragarri egiteko: «Hemen badaude akziodun batzuk urteetan diru mordoa eraman dutenak, eta orain, falta denean, nik uste dut jarri egin behar dutela».

Bidaurratzagak gogorarazi du maiatzaren 26rako eta 28rako egindako greba deialdiek bere horretan jarraitzen dutela. Esan duenez, prozesu osoan pilatutako «amorrua» azaldu nahi dute deialdi horien bidez.

Enpresak nahi zuen egoera

CNTk ere egin du enpresa konkurtsoan sartzeak ekarritako egoeraren balorazioa. Sindikatuaren iritziz, hasiera-hasieratik, enpresaren asmoa hartzekodunen konkurtsoan sartzea izan da, horrek aukera emango bailioke zorra berregituratzeko eta prozesuaren kudeaketa administratzailearen esku uzteko: «Orain enpresa nahi zuen egoeran dago».

Sindikatuak uste du konkurtsoaren prozesuan enpresa «erruduntzat» jo ahal izateko zantzuak badaudela, eta horietako batzuk aipatu ditu: SEPIren dirua ustez desbideratu izana beste xede batzuetarako, SEPIrekin lotura zuen aholkulari bat kontratatu izana hartzekodunen konkurtsoan sartu baino hilabete batzuk lehenago, kredituetan «influentzia trafikoa» egon izanaren lorratzak eta abar. CNTk iragarri du horiek guztiak «behar bezala» azter ditzatela eskatuko duela.

Bestalde, CNTk eutsi egingo die orain arteko eskakizunei zorra berrantolatzeko proposamenen bat baldin badago: altzairutegia ez ixtea, logistika arloa ez kanporatzea eta «kaleratze traumatiko» bakar bat ere ez egotea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE