Greba bertan behera utzi dute Tubos Reunidosen

Langile batzordeak erabaki du lanuztea etetea, enpresa hartzekodunen konkurtsoan egoteak egoera aldatu duela argudiatuta. Grebari esker enplegu erregulazioa eten dutela eta enpresaren benetako arazoak agerian utzi dituztela adierazi du.

Tubos Reunidosko langile batzordeko kideak eta grebalariak, gaur, Amurrion. AIARALDEA
Tubos Reunidosko langile batzordeko kideak eta grebalariak, gaur, Amurrion. AIARALDEA
Iker Aranburu.
2026ko maiatzaren 15a
11:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi hilabete pasatxo iraun duen greba baten ondoren, astelehenean dira lanera itzultzekoak Tubos Reunidosen Amurrioko fabrikako langile gehienak. Goizean batzarra egin dute lantegian, eta lanuztera deitu zuen organoak, langile batzordeak, protesta amaitzea erabaki duela jakinarazi die langileei. Ez da bozketarik izan, nahiz eta langile batzuek hala egitea eskatu duten.

Sindikatuetako ordezkariek argudiatu dutenez, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu izanak egoera aldatu du, eta horregatik hartu dute lanera itzultzeko erabakia. «Borroka beste agertoki batean sartu da», azaldu dute enpresa batzordeko ordezkariek, aurrerantzean konkurtsoaren administratzailearekin tratatu beharko dute eta. Lehen bilera maiatzaren 26rako deituta dago, eta zuzendaritza bertan izango da.

Hori bai, ohartarazi dute berriro lanuzteak «aktibatzeko» prest daudela egoerak hala eskatzen badie, eta, erakusteko lanpostuen defentsan presio egiten jarraituko dutela, bi greba egunetara deitu dute enpresa osoan: maiatzaren 26an eta 28an egingo dituzte. 

ELAk, LABek eta ESKk deitu dute gaurko batzarrera, haien botoekin eutsi baitio enpresa batzordeak greba mugagabeari. ESK greban jarraitzearen alde zegoen (bi ordezkari ditu), baina ELAk (zortzi) eta LABek (lau) uste zuten eteteko ordua iritsi zela, eta haien iritzia nagusitu da.

«Zein agertokitan egongo ginatekeen gaur borroka egin izan ez bagenu? Ziur aski, erregulazioa finkatua izango genuke, altzairutegia ixteko bidean, eta logistika kanporatua, eta hori guztia enpresaren benetako arazoetako bat bera ere konpondu gabe».

TUBOS REUNIDOSEKO ENPRESA BATZORDEA

Hiru sindikatu horiek nabarmendu dute greba «baliagarria» izan dela, haren bitartez lortu baitute 301 langile kaleratzeko enplegu erregulazioa behin-behinean etenda geratzea. «Zein agertokitan egongo ginatekeen gaur borroka egin izan ez bagenu? Ziur aski, erregulazioa finkatua izango genuke, altzairutegia ixteko bidean, eta logistika kanporatua, eta hori guztia enpresaren benetako arazoetako bat bera ere konpondu gabe». 

Horregatik, «langileen borroka gutxiesten saiatzen direnen aurrean», grebaren lorpenak aldarrikatu dituzte: «Grebak ez du Tubos Reunidos lehiaketara eraman. Greba enpresaren inposaketen, kudeaketa txarreko urteen eta erabateko gardentasun eta negoziazio faltaren ondorioa izan da [...] Grebak balio izan du Tubos Reunidosen benetako arazoa eztabaidaren erdian jartzeko». Arazoa, haien ustetan, ez dira lan baldintzak: «Finantza, industria eta kudeaketa arlokoa izan da, eta hala da oraindik».

DSC00135 2
Tubos Reunidosko langile bat, grebari buruzko botoa eskatzen, gaur. AIARALDEA

Gaineratu dutenez, hurrengo asteetan erakunde publikoen gaineko presioa handitzen saiatuko dira, uste baitute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak irtenbidearen parte izan behar dutela. Haiekin bildu nahi dute hurrengo asteotan, «Tubos Reunidosen etorkizun industrialari buruzko azalpenak, gardentasuna eta konpromiso argiak eskatzeko».

Aurreko batzarra

Enpresa batzordearen gehiengoak argitu nahi izan du gaurko erabakiak ez duela zerikusirik joan den astean langile batzuek bultzatutako batzarrarekin. Izan ere, maiatzaren 7an, langile batzordearen onespenik gabe lantegian bertan batzarra egin zuten langile batzuek. Batzar horretan 234 lagunek hartu zuten parte, eta haietatik 232k egin zuten greba uztearen alde. Piketean zeuden lankideek ironiaz txalo eta txistu egiten zietela sartu ziren batzarrera, eta grebalariek jarritako alfonbra gorri bat igarota. Erabaki horren ondorioz, asteartean dagoeneko itzuli ziren lanera Tubos Reunidoseko langile batzuk, bulegoetakoak haietako asko.

ELA, LAB eta ESKko ordezkariek ziurtatu dute batzar hura «presio mediatiko eta enpresarial handiko testuinguru batean» egin zela, eta grebari «enpresaren egoeraren erantzukizuna leporatzeko eta langileak zatitzeko kontakizun bat elikatzeko» erabili zela. 

TUBOS REUNIDOS
Ertzainak eta lanera itzuli nahi zuten Tubos Reunidoseko langileak, joan den asteartean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

Batzar horrek CCOOren eta UGTren babesa jaso zuen, baina grebari buruz erabakitzeko legitimotasuna kendu zion enpresa batzordearen gehiengoak, ELAk, LABek eta ESKk osatutakoak.

Zorra ezin ordaindu

263 milioi euroren zorra du Tubos Reunidosek, horietatik 150 milioi SEPI Espainiako Gobernuaren menpeko erakundearekin, eta zor horri aurre egiteko ezintasunak eraman du zuzendaritza konkurtsoa eskatzera. Asteartean, Gasteizko epaitegi batek ontzat hartu zuen enpresaren eskaera, eta PKFAttest Concursalen esku utzi zuen konkurtsoaren administrazioa.

Aiaraldea-k jakinarazi duenez, konkurtsoaren administratzaileak maiatzaren 26an bilera batera deitu ditu zuzendaritza eta langileen ordezkariak, bere asmoen berri emateko. Haren esku dago orain enpresarentzat irtenbide bat bilatzea eta bi bide nagusi ditu: Tubos Reunidos bere gain hartuko duen inbertitzaile bat aurkitzea —Balenciagarekin egin zuen bezala— edo enpresa likidatzea eta lortutako diruarekin zorraren ahalik eta zatirik handiena ordaintzea —Navalen egin zuen bezala—. 

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak ohartarazi die langileei enpresa ixteko arriskua benetakoa dela eta inor ez dagoela prest enpresari maileguak emateko, diru hori galtzeko beldur direlako.  

Sindikatuek, berriz, auzitan jarri dituzte enpresaren azken urteetako emaitzak, uste baitute zuzendaritzak puztu egin zituela galerak.

Aldi berean, behin eta berriro salatu dute zorraren zati bat enpresaren akziodunek eragin zutela, enpresa garai hobeagoan zegoenean zorpetu egin zirelako haien artean irabazi handiagoak banatzeko. Horregatik, orain enpresa salbatzeko dirua haiek jarri beharko luketela argudiatu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE