Urtea gaizki hasi du lan merkatuak. Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko Eustaten inkestan jaso dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 73.300 langabe zeudela denera urteko lehen hiruhilekoaren amaieran, 2025eko azken hiruhilekoan baino 5.900 gehiago. Langabezia tasak puntu erdia egin du gora, %6,7raino. Langabe gehiago daude, eta baita langile gutxiago ere: 1.013.600 landun daude, 2.700 gutxiago.
Ohikoa da urteko lehen hiruhilekoan lan merkatuaren datuek okerrera egitea, eta ondoren, udaberrian eta udan bereziki, hobetzea. Hala, 2026ko lehen hiruhilekoa 2025ekoarekin alderatuz gero, Eustaten inkestak datu positiboak ematen ditu: orduan baino 18.700 langile gehiago daude, eta 1.300 langabe gutxiago.
Eustaten arabera, zerbitzuak dira langile gehien enplegatzen dituztenak (%73,2), industriaren (%19,5) eta eraikuntzaren (%6,4) gainetik. Baina eraikuntza da azken hiruhilekoan landunak gehitu dituen bakarra (+4.200). Lehen sektorean, berriz, 9.300 langile daude, guztizkoen %0,9.
Gorabehera handiak Araban
Inkesta bat da Eustatena, eta horrek askotan gorabehera handiak eragiten ditu hiruhileko batetik bestera, batez ere biztanle gutxiagoko eremuetan. Hori gertatu da aurten ere, estatistika erakundeak adierazi baitu azken hiruhilekoan landun kopuruaren murrizketa ia osoa (-2.100) Araban gertatu dela. Herrialde populatuagoetan, jaitsierak oso apalak dira: laurehun gutxiago erregistratu dira Bizkaian, eta ehun gutxiago Gipuzkoan.
Are gehiago, hiriburuei erreparatu die Eustatek, eta datu horiek islatzen dute Gasteizen 2.400 lanpostu galdu direla eta Donostian beste 2.000. Bilbon, berriz, 1.100 landun gehiago zenbatu dituzte. Baina, aldi berean, Gasteizen 1.100 langabe gutxiago daudela adierazi du, eta Bilbon, berriz, 2.200 gehiago daudela.
Bizkaiko hiriburuak du langabezia tasarik handiena (%9,3), Gasteizen (%6,2) eta Donostiaren (%5,9) oso gainetik.
Eta joera hori ikusten da lurraldeetan ere: Bizkaian aktiboen %7,9 daude lanik gabe, %6,5 dira Araban, eta %5 Gipuzkoan.Â
Emakumeak, okerrago
Langabezia erregistratuan ez bezala, inkesten arabera neurtzen denean ez da alde izugarririk sexuen artean, baina ageri den hori emakumeen kalterako da halere: emakumeen %6,9 daude lanik gabe, eta gizonen %6,6.
Hori bai, kontuan hartu behar da Eustaten irizpideen arabera —OITrenak dira— langabetzat jotzen diren 27.700 lagun ez daudela langabe gisa erregistratuta Lanbideren bulegoetan. Lanbideren azken datuek diote 89.700 langabe daudela EAEn, baina 73.300 dira Eustaten inkestaren arabera.
DATUak
%3,2Zenbat handitu den biztanleria aktiboa. Immigrazioari esker, gora egiten ari da 16 urtetik gorako biztanleria (+%4,8), baita biztanleria aktiboa ere (+%3,2). Azken horien artean, 962.900 lagunek dute Espainiako herritartasuna (+%0,1), eta 124.000k ez (+%3,1).
%65,7Atzerritarren jarduera tasa zenbatekoa den. Kanpotik iritsitakoak, proportzioan, aktiboak dira lan merkatuan. Espainiako herritartasuna dutenen %55,4 daude aktibo, eta ez dutenen %65,7. Baina, aldi berean, haien langabezia tasa askoz handiagoa da (%12,9) bertakoena eta espainiarrena baino (%6).Â
25.400Zenbat familiak dituzten kide guztiak langabezian. Eustaten arabera, 932.100 etxe edo familia daude Euskal Autonomia Erkidegoan. Horietatik heren batean ez dago pertsona aktiborik (erretiratuak, nagusiki), eta hamarretik seitan aktibo guztiak lanean ari dira. Baina 25.400 etxetan, aktibo bakar batek ere ez du enplegurik.