Migratzaileen erregularizazioak enplegu sorrera bultzatu du

Gizarte Segurantzak duela urtebete baino 34.000 kotizatzaile gehiago ditu, eta asko egonaldia legeztatu duten etorkinak dira. Langabezia handitu egin da, erregularizazioaren poderioz hori ere.

Gizonezko bat Lanbideren Bilboko bulego batean sartzen. LUIS TEJIDO / EFE
Gizonezko bat Lanbideren Bilboko bulego batean sartzen. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko urriaren 2a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etorkinen ezohiko erregularizazio prozesuak baldintzatu ditu iraileko enpleguaren datuak. Ia 65.000 lagunek eskatu zuten beren egoera legeztatzea, eta, paperak iritsi ahala, Gizarte Segurantzan izena ematen ari dira beltzean lanean ari zirenak, eta enplegu bulegoetan, berriz, oraintxe lanposturik ez daukatenak. Ondorioz, gora egin du langabeen kopuruak (+3.238), eta are gehiago modu legalean lanean ari direnenak (+12.281).

Irailean ohikoa izaten da langabezia apaltzea, udako oporren astean zenbait sektore berriz aktibatu egiten direlako. Hori gertatu da azken hamar urteetan, baina aurten ez. Abuztuan baino 3.238 langabe gehiago daude erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. Are gehiago: 2024ko irailaz geroztik lehen aldiz, urtebete lehenago baino langabe gehiago daude: 4.261 gehiago, zehazki.

Azken horien artean asko  azkenaldian kanpotik iritsitakoak direla erakusten du Nafarroako Gobernak emandako datu batek: lurralde horretan azken urtean %1,75 handitu da  langabezia Espainiako pasaportea dutenen artean, eta %25,9, berriz, ez dutenen artean.

Langabeziaren gorakadaren atzean bada beste datu esanguratsu bat: portzentualki, aurretik enplegurik ez zutenen artean handitu da gehien langabe kopurua (+1.269). Hots, beren egoera arautu ahal izan duten etorkinak eta lan munduan sartu berri diren gazteak dira langabe berrietako asko. 

Zerbitzuetan ere handitu da langabe kopurua (+1.515), baita lehen sektorean ere (+230), mahats bilketa ohi baino lehenago bukatu delako. 

Irakaskuntza eta etorkinak

Baina, langabeen kopuruan baino, enpleguan ikusten da erregularizazioaren emaitza. Irailean, Gizarte Segurantzak batez beste 1.366.838 kotizatzaile izan zituen, duela urtebete baino 34.000 gehiago. Inoizko kopururik handiena ekainekoa da —orain baino 1.110 gehiago—, baina oso litekeena da marka hori urrian haustea. 

Abuztu batean inoiz izan den gorakadarik handiena izan da aurtengoan (+12.281), bi faktore batu baitira. Batetik, ohikoa da irailean asko handitzea datua, irakaskuntzan, oporrak amaituta, ekainean lanik gabe geratutako asko berriro kontratatzen dituztelako eskoletan eta akademietan.

Baina orain arte ekonomia ezkutuan zeuden langile migratzaileek beren egoera arautu izana ere faktore garrantzitsu bat da. Ekainaren 30ean amaitu zen erregularizazio prozesu ezohikoa, eta jada Hego Euskal Herrian bizi ziren ia 65.000 migratzailek eskatu zituzten paperak. Asteazkenean amaitu zen eskaera horiei erantzuna emateko epea, baina askok oraindik ez dute ezer jaso. Hortaz, pentsatzekoa da hurrengo hilabeteetako datuetan ere eragina izango duela prozesu horrek. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken erregularizazioari lotutako 16.093 migratzaile ageri dira Gizarte Segurantzaren zerrendetan, Sara Buesa Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordeak azaldu duenez. Nafarroan, berriz, erregularizazio prozesua hasi zenetik 5.702 izan direla zehaztu du Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak. Gainera, Maeztuk nabarmendu du Nafar Lansaren langabe gisa erregistratu diren 2.172 erregularizatuetatik 737k dagoeneko aurkitu dutela lana. «Horrek erakusten du Nafarroako enpresa sarea eta lan merkatua gai diren modu dinamikoan xurgatzeko beren egoera erregularizatu berri duten pertsonak». 

Kontratazioan ere antzematen da erregulazioaren eragina. Irailean ia 125.000 kontratu sinatu dira, iazko irailean baino 10.500 gehiago. Kontratu horietatik %25,4 izan dira mugagabeak, iazko irailean bezainbeste 

datuak

%58,5

Langabeetatik zenbat diren emakumeak. Abuztuan langabe zerrendetara batu diren hamar lagunetatik sei gizonezkoak dira, baina, hala ere, emakumeak dira ia hamar langabetik sei (%58,5).

%57,6

Zenbatek jaso duten langabezia sariren bat. Hilabete gehienetan, langabezian daudenen erdiek soilik eskuratzen dute langabezia sariren bat, baina abuztuan %57,5 izan ziren, irakaskuntzan udan kalean geratzen diren gehienek eskuratu egiten dutelako.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA