Langile bat hil da Amezketako paper fabrikan

Astelehenean, mantentze lanak egiten ari zela, istripua izan zuen 30 urteko langileak.

Istripuaren egunean lantegiaren aurrean egindako elkarretaratzea. LAB
Istripuaren gertatu eta hurrengo egunean lantegiaren aurrean egindako elkarretaratzea. LAB
Iker Aranburu.
2024ko abuztuaren 29a
13:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Astelehenean, hilaren 26an, istripu larri bat gertatu zen Aralar paper lantegian, Amezketan (Gipuzkoa). Larri zauritu zen langile bat, P.R.C., 30 urtekoa, eta gaur goizean hil dela jakinarazi du Aralar lantegiko enpresa batzordeak.

Hildakoa ez da paper fabrikako langilea, Ibarra Argi Lanak azpikontratutako enpresakoa baizik. Enpresa hori mantentze lanak egiten ari zen Aralarren. Edonola ere, enpresa batzordeak (LAB eta ELA) nabarmendu du lantegiari dagokiola azpikontratetan aritzen direnen koordinazioa eta segurtasuna bermatzea. «Eta hori egoki ez egiteak ekarri du langilearen heriotza. Onartezina da», salatu du enpresa batzordeak.

Agiri baten bidez, LABek ziurtatu du sarritan salatu duela azpikontratutako enpresak baliatzen dituzten konpainietan ez dituztela «prebentzio plan egokiak» egiten. «Heriotza honek agerian utzi du hori, beste behin ere».

Aralarreko langileak Amezketako lantegiko sarreran bildu dira goizean, lan heriotza salatzeko. Enpresa batzordeak azpikontratutako langileei dei egin die protesta horretara batu daitezen. 24 orduko lanuztea hasi dute 14:00etan.

LABen zenbaketaren arabera, urtea hasi zenetik Euskal Herrian 38 langile hil dira lanean ari zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.