Langile bat hil da Etxarri Aranatzen

Industrial de Armaduras Omnia enpresan gertatu da ezbeharra. Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

joxerra senar
2023ko azaroaren 28a
09:37
Entzun

24 orduren buruan beste langile bat hil da Nafarroan. Etxarri Aranazko Zumurdiñeta industrialdean izan da istripua, Industrial de Armaduras Omnia enpresan, goizeko lehen orduan, 06:51ean.

Langileak 51 urte zituen. Foruzaingoa ikertzen ari da ezbeharraren zergatia. Lehen datuen arabera, prentsa mekaniko batek harrapatu du mantentze lanetan ari zela.

Nafarroako 112 larrialdi zerbitzuak Altsasuko parkeko suhiltzaileak, eskualdeako zaintzako osasun zerbitzuak eta Foruzaingoa mobilizatu ditu, baina bertaratu direnerako behargina hilik zegoen. Foruzainek bere gain hartu dute ezbeharraren ikerketa.

LABen arabera, Hego Euskal Herrian aurten hil den 51. langilea da.

Cintruenigon, hildakoa

Atzo, Cintruenigoko enpresa bateko sabaian lanean ari zela, 54 urteko langile bat hil zen, hamabost metrokotik erorita.

Langilea Construcciones Metalicas Eneis eraikuntza enpresarentzat egiten zuen lan. Beste eraikuntza enpresa baten biltegiko teilatua aldatzeko lanetan ari zela, lotzen zuen sostengua korapilatu zitzaion, hura askatu, eta une horretan estalkia apurtu zen. Erorketaren ondorioz hil zen.

LABek gogorarazi zuen mota horretako lanean aurten hil den bosgarren langilea izan zela Cintruenigokoa.

ELAk salatu zuen aurreko astean, Iruñean, Labriteko pasarelaren mantentze lanetan beste langile batek istripu larria izan zuela aldamio batetik erorita. Sindikatuak eskatu du, hortaz, sakon ikertzeko Cintruenigoko ezbeharra, «altueran lan egiteko babes neurrien eta enpresen arteko koordinazioaren inguruko ez-betetzeak argitzeko». Iruñeko istripuko langileak Carpinteria Metalicas Eneis azpikontratutako enpresarentzat egiten zuen lan. Sindikatuaren ustez, egoeraren larritasunak zerikusi zuzena du «enpresaburuen zigorgabetasunarekin eta erakunde publikoen konplizitearekin».

Ildo beretik, CIntruenigoko istripuaren harira, UGTk eskatu zuen istripu lazgarri horren zergatiak sakon ikertzeko, enpresak lan arriskuen prebentziorako neurriak zorrotz bete dituen ikusteko.

Nafarroan aurten izan diren lan istripu kopuru handia dela eta,  CCOOk ezinbestekotzat jo zuen enpresen gaineko ikuskaritza handitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.