Gaur goizean lan istripua izan da Urruñan (Lapurdi). Duhalde eraikuntza enpresako langileak Euskal Hirigune Elkargorako xantier batean ari ziren, ur edangarriko biltegi berri baten eraikuntzan, eta orduan gertatu da ezbeharra. Langileetarik bat hil da, eta beste bat larriki zauritu. Sokorriak iritsi direnerako, ezin izan dute lehena salbatu; bigarrena urgentziaz eraman dute Baionako ospitalera, helikopteroan.
Duhalde enpresak adierazpenik ez du egin mementoko; Euskal Elkargoak, berriz, gertatutakoarekiko «tristura» adierazi du.
Istripua nola gertatu den argitzeko, ikerketa bat abiatu du Frantziako Poliziak. Duhalde enpresak sostengu psikologikorako egitura aktibatu du istripuaren lekuko izan diren lankideentzat. Ur biltegiaren obrak, bestalde, bertan behera geldituko dira istripua ikertzen ari diren artean.
Aurten Euskal Herrian lan istripu batean hildako lehen langilea izan da. Iaz, berriz, 74 langile hil ziren beharrean ari zirela, LABen arabera, eta 57, berriz, ELAren zenbaketan. Garraioaren sektorean izan zen istripu hilgarri gehien.
Segurtasun eta osasuna
LAB sindikatuak Urruñako heriotza salatu du, eta Ipar Euskal Herrian osatua duten protokoloari jarraiki datozen orduetan intersindikala bildu eta erantzun kolektibo bat emanen dutela jakinarazi du. «Eraikuntzan, lanak bukatzeko presa eta arrazoi ekonomikoak tarteko, ohikoak diren arriskuak pairatu behar dituzte langileek. Enpresariak dira egoera larri guzti horien errudun eta langileak biktima», adierazi dute agiri batean. «Osasuna eta segurtasunari lehentasuna emango balitzaio ez ginateke egoera honen aitzinean egonen». Sindikatu abertzaleak eskatu du uneoro segurtasun araudia eta osasuna bermatu behar direla. «Ez da onargarria berme hauek eskaintzen ez dituen edozein lanpostu, sinpleki ez da bideragarria».