Lan gatazka

Langile batzordeak bost egunez grebara deitu du Volkswagenen

Landabengo auto ekoizleak erabaki du mutualitateek kudea ditzatela langileen gaixo agiriak, eta sindikatuek neurri horren aurka egin dute

Landabengo fabrika atarian ekoitzitako autoak, aparkatuta. VOLKSWAGEN NAVARRA
joxerra senar
2019ko abenduaren 11
10:41
Entzun

Datorren asteartetik ostiralera, baita abenduaren 23an ere, greba egitera deitu du Volkswageneko langileen batzordeak. LABek prentsa ohar batean jakitera eman duenez, gaur egin dute bileran proposatu du sindikatuak aukera hori, eta sindikatu guztiek bat egin dute. Sindikatuen artean ezinegon handia zegoen bilera aurreko egunetan ere, Volkswagenek berriki hartu duen erabakiaren inguruan.

Aurreko astean, Volkswagenek erabaki zuen fabrikako langileen gaixo agiriak mutualitateen eskuetan uztea. Duela hiru urte, 2016an, neurri bera hartzen ahalegindu zen, baina orduan ere sindikatuak erabat kontra agertu ziren, eta atzera egin zuen bere erabakian. Volkswagenen arabera, mutualitateen esku utzita, gaixo agirien kopurua murriztea lortuko dute.

LABek oharrean salatzen du aspaldi honetan Espainiako Gobernua saiatzen ari dela mutualitateen eskumena indartzen, «osasun sistema publikoaren kalterako». LABen arabera, «Volkswagen Navarra bat egin du estrategia horrekin, absentismo faltsuan eta sistema publikoarekiko iruzur susmoan oinarrituta». Sindikatuaren irudiko, langileen lan osasuna hobetu eta prebentzio neurriak hartu ordez, «kontrol eta presio handiagoa» hartu nahi dute. LABek azpimarratu du taldeak azkenaldian hainbat kaleratze egin dituela gaixo egoteagatik.

Gainerako sindikatuek ez dute oharrik kaleratu oraingoz, baina aurreko egunetan atsekabea adierazi dute. Ordezkari gehien dituen sindikatuak, UGTk, zuzendaritzari ohartarazi zion aldebakarreko erabakia hartuz gero «zail» izango zuela urte honetarako aurreikusitako produkzio helburuak betetzea —lanuzteak egon zitezkeela iradoki zion, hortaz—. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.