Lantegiek ez dituzte makinak itzali udan

Langabezia tasa %6,6ra jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 3.100 langabe gutxiago zenbatu ditu Eustatek bigarren hiruhilekoan. Industriaren bilakaera oso ona izan da: udaberrian baino 2.100 langile gehiago izan ditu eta iaz baino 4.500 gehiago.

Bi langile makina batean lanean Basauriko Sidenor altzairutegian. LUIS TEJIDO / EFE.
Bi langile makina batean lanean Basauriko Sidenor altzairutegian. LUIS TEJIDO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 23a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udaberri pattalaren ondoren, udako beroak suspertu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan merkatua. Ekainetik irailerako hilabeteetan dinamismo handia izan da, eta langabezia tasa %6,6ra jaitsi zen, bigarren hiruhilekoan baino hiru puntu gutxiago eta iazko irailean baino bi puntu gutxiago

Eta zenbat langabe gutxiago dira hiru puntu, bada 3.100 gutxiago. Haren eskutik lanean ari den pertsona kopurua ere handitu da, 1.012.800 dira guztira, udaberrian baino 1.700 gehiago eta iazko hirugarren hiruhilekoan baino 6.500 gehiago. Eustatek bildutako datuak dira.

Hirugarren hiruhilekoak uda hartzen du bete-betean, eta urtaro horretan zerbitzuek langile gehiago behar izaten dituzte turismoari aurre egiteko. Aurtengo hiruhilekoan, baina, industria izan da bilakaera onena izan duen sektore. BPGak iragarri zuen hobekuntza enplegu estatistikak berretsi du. Hiruhilekoan 208.000 langile erregistratu zituen industrian, bigarren hiruhilekoan baino 2.800 gehiago eta iazko epe berean baino 4.500 gehiago. Dena den, oraindik ere iazko hiruhilekoan baino 3.100 gutxiago dira.

Zerbitzuetan ere hazkundea izan zen, baina hori ohikoa izaten da udan: 740.500 langile guztira, 1.700 gehiago –iaz baino 2.800 gehiago--. Eraikuntzak, aldiz, bilakaera kezkagarria izan du, 1.900 lanpostu galdu baititu, guztien %2,9, eta baita lehen sektoreak ere, 1.100 langile gutxiago (-%12,9). Urte arteko argazkiak, dena den, beste irudi bat erakusten du: eraikuntzak 4.500 langile gehiago ditu eta lehen sektoreak 2.300 gutxiago.

Eustaten datuek galbahe asko egiten dituzte, esaterako lurraldeka, eta haren arabera Gipuzkoako langabezia tasa %5etik behera dago berriz: %4,9, bigarren hiruhilekoan baino bi puntu txikiagoa. Araban ere lau puntu jaitsi da, %6,4, eta Bizkaian bi: %7,7. Urte arteko alderaketa eginda, Araban 1,1 puntu jaitsi da tasa, Bizkaian bi eta Gipuzkoan bi igo da.

Generokako bilakerari erreparatuz gero, langabezia tasaren bilakaera oso ezberdina izan da: Gizonezkoena %5,8ra jaitsi da, sei puntu gutxiago, eta emakumeena hiru igo, %7,4. Hala ere, okupaturiko populazioa bi arloetan igo da, gizonezkoetan 700 langile gehiago eta emakumeetan 1.000 gehiago. Eta hala ere emakumeen langabezia gora? Tasa da igo dena, alegia, lan merkatuan sartzeko prest dauden emakumeen kopurua lana lortu dutena baino gehiago hazi dela –1.900 langabe gehiago dira—.

Gazteen langabezia, behera

Eustatek eman duen datu deigarrienetako bat adinkako galbahean dago, 16 eta 24 urte artean dituztenen langabezia tasa asko jaitsi baita: %15,2tik %13,2 ra. Adin tarte hori da normalean tasa altuena izaten duena. Bigarren hiruhilekoan adin tarte horretan 11.300 langabe zeuden, hirugarrenean, aldiz, 9.300 ziren. Okupazioari dagokionez, dena den, langile kopurua iazkoa baino txikiagoa da —9.900 ziren—.

Txostenak aztertzen dituen beste bi adin tarteetan ere, 25-44 urte eta 45 urtetik gorakoak, langabezia tasak behera egin du. %7,9, bi puntu gutxiago, eta %4,8, puntu bat gutxiago, dira hurrenez hurren. Langabezia jaitsiera nabarmenen 25-44 urte tartean izan da, bigarren hiruhilekoan 34.900 ziren eta hirugarrenean 33.400.

Etxebizitzen egoerari erreparatuta, hamarretik seitan kide guztiak dituzte lanean; aldiz, heren batean ez du inork lan egiten. Eustaten arabera, 934.200 etxebizitza daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 558.000tan kide guztiak daude lanean, bigarren hiruhilekoan baino 3.000 gehiago eta iazko hirugarren hiruhilekoan baino 8.400 gehiago. Kide guztiak langabezian dituzten etxebizitzak 22.200 dira (%2,4), bigarren hiruhilekoan baino 100 gutxiago eta iaz baino 500 gehiago.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA