erretreten erreforma

«Ekonomia blokeatu» eta «borroka iraunarazi» nahi izan dute Baionan

Erretreten erreformaren aurka Baionako Ametzondo merkataritza gunea blokeatu dute protestariek. Maiatzaren Lehenean manifestazio «historikoa» espero dute sindikatuek Baionan.

Ametzondo zentro komertzialaren blokatzea, protestariak gidari bat bideatzen. PATXI BELTZAIZ
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko apirilaren 20a
16:21
Entzun

Maiatzaren Lehenean Baionan espero den manifestazio handira arte ez dute itxaron haserrea kaleratzeko. 80 lagun inguru bildu dira beste ostegun batez Baionako Ametzondo merkataritza gunearen aurrean sarrera blokeatzeko. CGT, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek deitu dute ekintzara. «Helburua ekonomiari min egitea eta borrokan irautea da», adierazi du Peio Dufau CGTko kideak. Datozen ekintzen berri eman dute ere bai: datorren ostiralean Hendaiatik Baionarako maratoia antolatuko dute, Maiatzaren Lehenean berriz, manifestazio «historikoa» espero da Baionan.

Goiz osoan zehar ukan dute protestariek Ametzondo zentro komertzialaren sarrerako biribilgunea okupaturik. Hasieran, sarrera bera soilik blokeatu bazuten ere, fite hedatu dira biribilgune guztira eta ibilgailu jarioa eten dute. Hain zuzen, zentro komertzialerako sarreraz gain, autobideko sarrera eta irteeran du eragina biribilguneak baita Mugerreko pleitagunean ere (Lapurdi). Hainbat kamioilariren sostengu keinuak ikus zitezkeen, eta kamioiak umore onean gelditzen zituzten protestariek eraiki oztopo hesien aurrean eta protestariei batzen ziren. «Aspaldi aipatzen dugu ekintza hau egitea: IKEA liberalismoaren eta globalizazioaren ikur handi bat da, eta, zentro komertzial honetan beste hainbat enpresekin bateratua dago, hala nola Carrefourrekin», azaldu du Dufauk.

Frantziako Gobernuak ez du atzera egiteko intentziorik erakusten. Parlamentuko bozka saihestu eta indarrez onartua izan ondotik, joan den ostiralean eman zuen erreforma ontzat Frantziako Konstituzio Kontseiluak, eta biharamunerako promulgatu zuen Macronek. «Frantziako Gobernuak bortxatzen segitzen du, espero du jendea beste gauza batera pasarazten lortuko duela». Mugimendu ez horren aitzinean, langileen animoak ez direla apaltzen ari uste du Peio Dufauk. «Haustura bada Frantziako Gobernua eta talde politiko batzuen artean, haustura bada ere sindikatuekin, baina garrantzitsuena da haustura badela gizartearekin; inork ez du kontrolatzen gizartea eta hau sekula ez bezala karrikara ateratzen ari da protestatzera».

Borrokan jarraitzeko, Hendaiatik Baionarainoko maratoia antolatuko dute datorren ostiralean. «49,3kilometroko ibilbidea egingo dugu, erreforma bozkatu gabe pasarazteko erabili zuten artikuluari keinu egiteko». Bakoitzak nahi distantzia korri egitera gonbidatu dute sindikatuek, eta nahiago dutenek bizikletaz edo beste edozein eraz batu ahal izango da ekimenera. Dufauren aburuz, garrantzitsua da horrelako ekinaldien bidez «jendeen arteko harremanak sendotzea»: «elkartasuna da bidea, hemen ez gaude bakoitzaren buruarentzat, gizarte modelo baten alde baizik». Baionara iristean zuzi manifestazioa aurreikusi dute.

Maiatzaren Lehenean, berriz, «manifestazio historikoa» espero dute sindikatuek. «Haserre den jende guztia kalera ateratzeko parada da», azaldu du Dufauk gogoan izan baitu greba egin ezin izan duen jendea: «batzuentzat ez da erraza greba egitea, baina Maiatzaren Lehenean gehiengoak manifestaziora etortzeko aukera ukango du». Intersindikaleko sindikatu guztiek dei egingo dute Baionako manifestaziora. LABek ere bai, nahiz eta intersindikalean LAB baztertzeko dagoen asmoa salatu duen. Sindikatua lanean ari da Maiatzaren Leheneko Baionako manifestazio bateratuari eusteko, eta oraingoz, manifestazio deialdia 11:00etan da, Baionako tren geltokian. Ikusi beharko da saiakeren ondoren deialdia aldatzen duten ala ez. Intersindikalak oraindik ez du zehaztu noiz hasiko den haren martxa, baina 10:30ean izan ohi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.