KPI-A

Laugarrenez jarraian gora egin du inflazioak, energien garestitzeagatik

Elikagaien saskia apur bat merkatu da, baina iaz baino %9,5 garestiago dago. Olioaren igoerak ez du etenik: %40 garestitu da iaztik.

Gasteizko supermerkatu bat. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 13a
12:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Iraileko malda are gogorragoa izan da aurten. Hego Euskal Herrian prezioek gora egin dute beste behin: %3,5 batez beste, INE Espainiako estatistika erakundeak ostiral honetan argitaratutako datuen arabera. Abuztuan baino zortzi hamarren handiagoa da, eta maiatzetik laugarren igoera da jarraian.

Alde positiboan, azpiko inflazioa, elikagai ez-elaboratuak eta produktu energetikoak kanpo uzten dituena: irailean % 5,8ra jaitsi da. Eta elikagaien saskia: apur bat merkatu da. Dena den, iaz baino %9,5 garestiagoa da.

Energien prezioen igoerak eragin du inflazio orokorrak gora egin izana. Iazko irailean baino merkeago daude argindarra, gasa eta erregaiak. Bereziki, argindarra eta gasa: %27,6 merkeago. Hala ere, 7,3 puntu garestitu da abuztutik irailera, eta igoera handia da hori. Iaz, epe berean, 33,3 puntu jaitsi zen.

Erregaien kasuan, berdin. Uztailaren hasieratik, astez aste, garestitu egin dira gasolioa eta gasolina, eta abuztutik irailera beste 3,2 puntu egin du gora. Iaz, epe berean, 3,9 puntu merkatu zen. 95 gasolinaren litroak batez beste 1,621 euro balio zuen ekainaren 26an, eta atzo 1,702 euroan zegoen. Dieselaren litroak, berriz, 1,462 euro balio zuen ekainaren amaieran, eta atzo 1,679 euro ziren.

Nazioartera begira

Elikagaien eta erregaien prezioak oso aldakorrak direnez, EBZ Europako Banku Zentralak azpiko inflazioaren bilakaera erabiltzen du erreferentzia moduan bere erabakiak hartzeko; bi ondasun horiek kontuan hartu gabe kalkulatzen da azpiko inflazioa. Irailean abuztuan baino bost hamarren gutxiago da, eta 2022ko ekainetik erregistratutako txikiena da; % 5,5ekoa izan zen, eta %5,8koa da orain.

Beherako joera hori eurogunean ere gertatzen ari da. Eurostaten arabera, inflazioa bederatzi hamarren txikitu da abuztutik irailera. %4,3an dago orain, mailarik txikiena 2021eko urriaz geroztik. Hori kontuan hartuta, iraileko bileran EBZk iradoki zuen diruaren prezioa garestitzeari uztiko ziola, AEBetako Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak egin bezala. Baina testuingurua aldatzen hasi da.

Izan ere, energien merkatuan ezegonkortasuna gero eta handiagoa da. Eta baliteke Palestinako gatazkak are gehiago aztoratzea prezioak. Horrekin batera, Espainiako Gobernuak energiarako laguntzak kentzea edo moldatzea aurreikusten du; besteak beste, Europako Batzordearen eta Nazioarteko Diru Funtsaren iradokizunei jarraituz, eta gasaren eskaria ere gora egiten ari da, neguaren etorreraren ondorioz. Petrolio ekoizleek ere murrizketak iragarri dituzte produkzioan.

Baliteke horrek guztiak energien prezioak garestitzea, eta, aurrez gertatu izan den bezala, litekeena da inflazio orokorrak gora egitea datozen hilabeteetan, eta horrekin batera ugaritzea hari aurre egiteko neurriak: banku zentralek interes tasa handiei eustea, nagusiki.

AEBetako Erreserba Federalak (Fed) hala egingo duen susmoa zabaldu da egunotan, herrialdeko inflazioa %0,4 handitu dela jakinarazi ostean. Erreserba Federalak interesak handitzen baditu, EBZk ere gauza bera egingo luke. Izan ere, dolarraren garestitzeak prezioen garestitze orokorra dakar, bereziki petroleoarena. Hori berdintzeko, EBZk interes tasak handituko lituzke.

Elikagaiak, apurka behera

Beste aldean, erosketa saskia dago. Lasaitua hartu du irailean ere. Eta Hego Euskal Herrian seigarren hilabetez jarraian behera egin du, baina jaitsiera erritmoa motela da oraindik: abuztutik irailera 0,3 puntuko jaitsiera. Dena den, iaz baino %9,5 garestiago daude elikagaiak.

Olioaren prezioaren igoerak ez du etenik, eta beste %8,3 garestitu da hilabete bakarrean. Iazko irailetik %39,3 garestiago dago; besteak beste, lehorteek produkzioan izan duten eraginagatik. Olioarekin batera, azukrea da azken urtean gehien garestitu den beste elikagaia, baina azken hilabeteetan egonkortu egin da, eta igoerarik ez da izan azkenekoan. Hala ere, iaz baino %46,9 gehiago kostatzen da.

Abuztuarekin alderatuta gehien merkatu diren elikagaiak patatak (-%3) eta zerealak (-%2,7) dira. Patatak, dena den, iaz baino %11,5 garestiago daude, eta zerealak, berriz, %7,8.

Izan ere, urte arteko konparazioan estatistika erakundeak biltzen dituen 23 produktuetatik bakar bat ere ez da jaitsi Hego Euskal Herrian. Azukrearen eta olioaren atzetik, kafea garestitu da gehien: %12,3. Eta, jarraian, esnea: %12. Esnekiak, %6,1. Haragien kasuan, txerrikia garestitu da gehien: %8,5. Eta behikia eta hegazti haragia %3,4. Arrain freskoak ere igoera esanguratsua izan du: %7,6. Eta antzekoa frutak: %7,2. Lekaleak eta barazkiak %6,4 garestitu dira.

Edari alkoholdunen prezioak %7,5 igo dira. Antzekoa izan da ostalaritza produktuena: %7. Uda honetan bereziki deigarria izan da pakete turistikoek izan duten igoera: %21,4koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.