Lehen aldiz, EBk argindar gehiago sortu du haizearen eta eguzkiaren bidez erregaiekin baino

Emberren arabera, energia nuklearrak sortzen du gehien, baina azken bost urteetan hazkunde handia izan dute berriztagarriek. Gasarekiko mendekotasuna apaltzeko erronka eta AEBetako politika energetikotik aldentzeko beharra azaleratu dituzte txostenean.

Planta fotovoltaiko bat meategi bat egon zen lurretan, Brandeburgon, Alemanian. HANNIBAL HANSCHKES / EFE
Planta fotovoltaiko bat meategi bat egon zen lurretan, Brandeburgon, Alemanian. HANNIBAL HANSCHKES / EFE
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 22a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpek erregai fosilen aldeko bere apustuarekin munduko agenda energetikoan eragin nahian dabilen honetan, Europako Batasunak bereari eusten dio. Hala ondorioztatu du Erresuma Batuko Ember think tank-ak. Hark egindako azken txostenaren arabera, EBk elektrizitate gehiago sortu du 2025ean eguzki energiatik eta energia eolikotik erregai fosiletatik baino. EBko argindarraren ia erdia berriztagarriek sortu zuten (%47,7).

Hala ere, energia nuklearra da oraindik ere EBko mix elektrikoaren lehen iturria, guztizkoaren %23,6; ondoren datoz eolikoa (%16,9), gasa (%16,7), eguzkia (%13,2), hidraulikoa (%11,7) eta ikatza (%9,2).

Datu horietatik, Emberrek ondorioztatu du haize eta eguzki teknologien bitartez 27 herrialdeetako elektrizitatearen %30 sortu dela, erregai fosilen gainetik (%29).

Hori, neurri handi batean, eguzki panelen eta haize erroten ugaritzeagatik eta «ezohiko baldintza meteorologikoen» ondorioz izan dela azpimarratu du. Laugarren urtez jarraian egin du gora haien ekarpenak. Hala, energia berriztagarriek beste marka bat ezarri dute, nahiz eta iaz sorkuntza hidroelektrikoak %12ko beherakada izan zuen eta eolikoak %2koa.

Argindarra sortzeko gasa erabiltzen duten zentral termikoek ere %8 handitu dute produkzioa, hidroelektrikoaren murrizketaren ondorioz bereziki. Hala ere, Emberren arabera, beheranzkoa da joera, eta gogoratu du iazko ekoizpena 2019koa baino %18 txikiagoa izan zela.

%19

 

Zenbat handitu den gasaren erabilera Iberiar penintsulan. Iberiar penintsulan handitu zen gehien gas bidezko sorkuntza iaz (%19), sareko zerbitzuetarako erregai hori gehiago erabili zelako eta sorkuntza hidroelektrikoak behera egin zuelako. Apirileko itzalaldiarekin eta horrek gerora sortu zuen «tentsioarekin» lotu du Emberrek. Haren arabera, «aldi baterako» egoera izan beharko luke, Espainiako Gobernuak erregulazio aldaketa bat onartu baitu, tentsioa kontrolatzeko zerbitzuetarako bateriak eta berriztagarriak erabili ahal izateko.

Ikatzak, berriz, minimo historikora egin du behera, eta «gainbehera etengabea» da. EBko hemeretzi herrialdek beren elektrizitatearen %5 baino gutxiago sortu zuten erregai fosil horrekin, eta %74 Poloniaren eta Alemaniaren artean sortu zuten. Gainera, Irlandak eta Finlandiak ikatza erretzeari utzi zioten udaberrian.

Trumpen «xantaia»

Enberren arabera, berriztagarrien hazkundeak «joera orokor» bat eta «egiturazko aldaketa bat» erakusten dute, EBko estatu kide guztietan handitu baita eguzki energien produkzioa aurreko urtearekin alderatuta. Azken bost urteetan, eolikoak eta eguzkiak batera sortu dute EBko elektrizitatearen %20tik %30era; aldi berean, erregai fosilak %37tik %29ra jaitsi dira, eta hidraulikoa eta nuklearra egonkor mantendu dira.

Gainera, hamalau herrialdetan haizeak eta eguzkiak iturri fosil konbinatu guztiek baino elektrizitate gehiago sortu zuten, eta fotovoltaikoa «mix» elektrikoaren %20 baino gehiago izan zen Hungarian, Zipren, Grezian, Espainian eta Herbehereetan.

Emberrek azpimarratu du berriztagarriek testuinguru jakin batean izan dutela progresioa EBn, Donald Trumpen AEBak «klima politikan eta energia berriztagarrietan atzera egiteko seinale berriak erakusten ari diren garai batean», hain zuzen ere. Trumpek gasaren eta petrolioaren alde egin duen apustua, eta haren  «mugimendu geoestratikoak» kritikatu ditu Emberrek. «Erregai fosilekiko mendekotasunak jokaleku globalaren ezegonkortasuna elikatzen duen heinean, energia garbietarako trantsizioan aurrera ez egiteko arriskuak inoiz baino nabarmenagoak dira», ohartarazi du Beatrice Petrovich txostengileak.

Errusiako gasa erosteko jarritako debekuak eta hori ordezkatzeko AEBetatik gehiago erosteko erabakiak %16 handitu du hidrokarburo horren inportazioen kostua EBn: 32.000 milioi eurokoa izan zen iaz. Eta batez besteko prezioa %11 garestitu da. Lehen igoera da 2022ko energia prezioen krisitik.

Emberren arabera, EBren hurrengo lehentasuna «gas garesti eta inportatuarekiko mendekotasuna nabarmen murriztea» izan beharko litzateke. «Gasaren xantaiak, EB energetikoki kalteberagoa egiteaz gain, prezioak gorantz bultzatzen ditu».

BATERIAK GASA ORDEZKATZEKO

EBko sare elektrikoko baterien ia erdiak Italian eta Alemanian daude, baina, Emberrek nabarmendu duenez, energia berriztagarriak biltegiratzeko teknologia horrek bultzada handia jaso zuen iaz, inportatutako gasaren menpekotasuna hausteko. Iberiar penintsulan jarri du arreta. Instalatutako energia eolikoaren eta eguzki energiaren gaitasunari dagokionez egun instalatuta dauden baterien gaitasuna txikia dela dio, baina nabarmendu du iaz inoiz baino gehiago izan zirela azpiegitura horiek jartzeko egitasmoak. «Aukera izugarria dago Iberiar penintsulan. Europako eguzki energiaren ekoizle nagusietako bat den aldetik, baterien proiektuei esker gas gehien kontsumitzen duen orduetan erabili ahal izango lukete sorkuntza berriztagarri hori, elektrizitatearen prezioak are gehiago murrizteko», azpimarratu du Wilmar Suarezek, Emberreko Energia analistak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.