Bart gauean amaitu da Europako estatuen goi bilera, eta lau eguneko negozioazioak akordio historiko batekin amaitu dira: lehen aldiz, batasuneko kideek elkarrekin zorpetzea adostu dute. Modu horretan finantzatuko dute koronabirusak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko 750.000 milioi euroko plana. Diru kopuru horretatik 350.000 milioi laguntzetan banatuko dituzte, eta beste 360.000, maileguetan. Hiru urteko iraupena izango du planak.
Deal!
— Charles Michel (@eucopresident) July 21, 2020
«Akordioa!», esan du Twitterren Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak. Hitzartutako diru kopurua hegoaldeko herrialdeek nahi zuten baino txikiagoa da, eta iparraldekoek egin dituzten eskaerei men egin behar izan diete. Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Espainiak gutxienez 400.000 milioi euro nahi zituzten diru laguntzetan, eta Europako Batzordeak 500.000 milioikoa proposatu zuen (maileguetan, ordea, 250.000 milioi euro).
Herbehereek, Austriak, Danimarkak, Suediak eta Finlandiak, gainera, kontrol estuagoa izatea lortu dute: hartzaileek aurrekontu politika estuagoa izan beharko dute, eta Zuzenbide Estatua errespetatzea baldintza gisara izango dute.
Errekuperaziorako planek beste herrialdeen babesa beharko dute
Diruaren hartzaileek Europako Batzordera bidaliko dituzte errekuperaziorako euren planak, eta gehiengo kualifikatu batek onartu beharko ditu. Europak beste herrialdeetako agintariek zalantzak badituzte, diru laguntza goi bilera batera bideratu ahal izango dute, eta erabaki bitartean izoztuta geratuko da laguntza hori.
Horrez gain, Europako herrialde horiek beherapenak izango dituzte Europako aurrekontuari egiten dioten ekarpenean. Alemaniak bereari eutsiko dio (3.671 milioi euro urtean), eta Herbehereek 1.921 milioikoa izango du, Danimarkak 377 milioikoa, Austriak 565 milioikoa eta Suediak 1.069 milioikoa.
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du urratsa historikoa dela eta harro egoteko moduan daudela. Baina gogoratu du akordioak orain Europako Parlamentuaren babesa behar duela.
Today is a big step forward towards recovery. #EUCOpic.twitter.com/jIDVDlqbbj
— Ursula von der Leyen (@vonderleyen) July 21, 2020
Historikotzat jo dute, halaber, akordioa Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Sophie Wilmes Belgikako lehen ministroak honela esan du: «Europako Batasunak Sekula ez du etorkizunean hain modu anbiziotsuan inbertitu».