Lehen aldiz munduan, argindar gehiago sortu da berriztagarrien bidez ikatza baliatuz baino

Elektrizitate eskariaren gorakadari iturri berriztagarriekin soilik erantzun ahal izan zaio urteko lehen erdian. Emberren arabera, hamarkada hau amaitzerako energia fotovoltaikoa izango da munduan argindarra ekoizteko bide nagusia.

Zentral fotovoltaiko bat Hainanen, Txinan. ALVARO ALFARO / EFE
Zentral fotovoltaiko bat Hainanen, Txinan. ALVARO ALFARO / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 7a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduan, lehen aldiz, ikatza baliatuz baino elektrizitate gehiago ekoizten da haizearen, eguzkiaren eta beste iturri berriztagarri batzuen bidez. Argindarraren %34,3 ekoiztu da iturri berriztagarrien bitartez, eta %33,1 ikatzaren bitartez. Atzera bueltarik ez duen mugarri garrantzitsua da energiaren sektorearentzat: aurtengo lehen seihilekoan energia berriztagarriekin soilik erantzun ahal izan zaio eskariaren hazkundeari, eta, ondorioz, sektorearen emisioek ez dute gora egin. Ember think tank-ak eman ditu datuak.

Energia berriztagarrien ekoizpena azkarrago hazten ari da munduko argindar eskaria baino. Eskaria %2,6 hazi da 2025. urteko lehen erdian (369 terawatt-ordu); eguzkiaren bidez, berriz, iaz aldi berean baino %31 argindar gehiago ekoiztu da (306 terawatt-ordu), eta %7,7 handitu da haizearen bidez lortutakoa ere (97 terawatt-ordu). Horri esker, zertxobait apaldu da erregai fosilen bidez lortutakoa, %0,3.

%34,3

 

Munduan kontsumitu den elektrizitatetik zenbat ekoiztu den iturri berriztagarrien bidez. Urteko lehen erdian 5.072 terawatt-ordu lortu dira energia berriztagarrien bidez (%34,3), eta 4.896 terawatt-ordu ikatzaren bidez (%33,1). 

Horrela lortu da mugarri historikoa: ikatzak 50 urte baino gehiago zeramatzan munduan elektrizitatea eskuratzeko iturri nagusia izaten. Oraindik ere erregai horri esker ekoizten da munduan kontsumitzen den argindarraren herena, baina aurrea hartu diote energia berriztagarriek. Txostena osatu duen analistak, Malgorzata Wiatros-Motykak, uste du «mugarri bat» dela: «Energia berriztagarrien ekoizpena argindar eskariaren erritmo berean ari da hazten».

(ID_11341893) ZENTRAL TERMIKOA
Zentral termiko bat Dattelnen, Alemanian. FRIEDEMANN VOGEL / EFE

Aldaketaren eragile nagusia energia fotovoltaikoa da. Izugarri hedatzen ari dira mota horretako zentralak, eta haiekin soilik erantzun ahal izan zaio eskariaren hazkundearen %83ri. Gaur egun, munduan ekoizten den argindarraren %8,8 ekoizten da modu horretan. Iaz %6,9 zen, eta, duela lau urte, oraingoaren erdia ere ez.

Teknologia hori asko merkatu da, eta zenbait herrialdek inbertsio handiak egin dituzte. Txina da nagusi: munduan energia fotovoltaikoak izan duen hazkundearen %55en erantzule da Asiako erraldoia. Joera hori, gainera, goranzkoa izango da aurrerantzean ere, zentral fotovoltaikoak eraikitzeko proiektu mordoa baitaude martxan munduan; asko, hazten ari diren herrialdeetan: Pakistanen, Hegoafrikan, Nigerian, Egipton...

Txostenean diotenez, litekeena da energia fotovoltaikoa izatea munduan elektrizitate gehien sortzen duen iturria hamarkada hau amaitzerako

Oraindik ere Txina da munduan gehien kutsatzen duen herrialdea, baina agerikoa da aurrerapausoak ematen ari dela. Ikerketak dioenez, energia berriztagarrien hazkundearen arduradun nagusia da, Indiarekin batera. Txinak energia berriztagarriekin soilik egin ahal izan dio aurre argindar eskariaren igoerari, eta %2 murriztu du ikatzarekin funtzionatzen duten zentral termikoen ekoizpena. Indiak ere %3,1 murriztu du ikatzaren erabilera.

Ameriketako Estatu Batuetan eta Europako Batasunean, berriz, kontrakoa izan da joera urteko lehen erdian. Azken hamarkadan asko murriztu da ikatzaren erabilera mendebaldeko herrialdeetan, baina elektrizitatea geroz eta beharrezkoagoa da datuen zentro erraldoiak eta industria martxan mantentzeko, eta eskariaren gorakadari modu jasangarrian erantzuteko zailtasunak izaten ari dira.

AEBetan %30 egin du gora energia fotovoltaikoak, baina %2 soilik eolikoak, eta ikatzaren bidez %17 gehiago ekoiztuta erantzun behar izan diote eskariari. EBk, berriz, gasa erabili du nagusiki eskariari aurre egiteko. Sektore elektrikoaren emisioek %4,3 egin dute gora AEBetan, eta %4,8 EBn. 

Garai erabakigarria

Etorkizunera begiratuta, Emberrek esan du beharrezkoa dela inbertsioak areagotzea elektrizitatea biltegiratzeko baterietan eta sare elektrikoan, energia berriztagarrien ekoizpen handia erregularragoa izan dadin. Horrez gain, hazten ari diren herrialdeei laguntzeko deia egin die herrialde aberatsenei, finantzaketa ez dadin oztopo izan energia berriztagarrietara jauzi egiteko.

Ondorio modura, txostenak dio garai erabakigarria dela oraingoa. Baieztatu du energia berriztagarriek lortu dutela jada sektorearen emisioen gorakada etetea, agerian geratu dela ikatza ez dela ordezkaezina, eta, oraingo erritmoarekin jarraituta, litekeena dela energia fotovoltaikoa izatea munduan elektrizitate gehien sortzen duen iturria hamarkada hau amaitzerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.