Istripu bat izan da gaur goizean ACB altzairutegian, Sestaon (Bizkaia). Haren ondorioz bi langilek erredurak jasan dituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.
Altzairutegiko osasun zerbitzuek artatu dituzte zaurituak, baina gero Gurutzetako ospitalera eraman dituzte, erredura handiak artatzeko sail bat dagoelako han. Edonola ere, Arcelor Mittalek ziurtatu du zauriek ez diruditela uste bezain larriak.
Hasieran, leherketa bat izan dela zabaldu da, baina Arcelor Mittalek esan du ez dela eztandarik izan, baizik eta langileek deskarga elektriko bat jaso dutela eta horrek eragin dizkiela erredurak.
Langileak ez ziren Arcelor Mittalekoak, baizik eta eta Euskoime enpresakoak, eta koadro elektriko batean lan egiten ari ziren.
Sestaokoa ez da gaur gertatutako lan istripu bakarra. SOS Nafarroak azaldu duenez, astelehen iluntzean larri zauritu zen elikagai enpresa batean lanean ari zen 45 urteko emakume batek, Funesen. Gehitu dutenez, makina batek bi besoak harrapatu dizkio, eta zauri larriak eragin. Iruñera eraman dute, Nafarroako Unibertsitateko Ospitalera.