Lanean izandako bi heriotzaren berri eman du ELAk

Sindikatuak jakinarazi du hilaren 2an lan istripu bat izan zuela behargin batek Leioan, eta hilaren 8an hil zela. Amoroton zuhaitz batekin kolpea hartu zuen langile baten heriotzaren berri ere eman du.

Lan heriotza bat salatzeko mobilizazioa, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Lan heriotza bat salatzeko mobilizazioa, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi-Mikel Lizarralde
2026ko azaroaren 10a
18:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, lanean izandako istripuen ondorioz bi behargin hil dira azken egunetan. Miab enpresak Leioan (Bizkaia) duen lantegiko behargin bat hil zen azaroaren 8an, sei egun lehenago enpresaren biltegian istripu bat izan ostean. Sindikatuak azaldu duenez, ez dira heriotzaren arrazoi zehatzak ezagutzen, eta, hain zuzen horregatik, gertatutakoa argitzeko eta lantokiko segurtasun baldintzak egiaztatzeko eskatu du.

Sindikatuak azaldu duenez, azaroaren 2an beharginak istripu bat izan zuen enpresaren biltegian, inbentario lanak egiten ari zela. Haren ondorioz, ospitaleratu egin zuten, eta azaroaren 8an hil zen.

ELAk babesa eta elkartasuna adierazi dizkie hildakoaren senideei eta gertukoei, eta auzia «lehenbailehen» ikertzeko eta heriotzaren arrazoiak argitzeko eskatu du.

Horretaz gain, sindikatuak jakinarazi duenez, mendia garbitzen ari zela zuhaitz batek jo zuen langile bat joan den ostegunean, Amoroton (Bizkaia), eta istripu horrek eragindako zaurien ondorioz hurrengo egunean hil zen behargina. Sindikatuak adierazi du langilea basoa garbitzeko lanetan ari zela, eta gaineratu du basogintzan aurten lan istripuz zendutako laugarren pertsona dela. ELAren arabera, zuhaitzen kolpeek eragindako heriotzak ugaritu egin dira azken urteetan, eta «erraz eragotzi» ahalko lirateke, «lan prozedura zehatzak eta segurtasun distantziak» ezarriko balira.

Sindikatuak neurriak nahi ditu berriro halakorik ez gertatzeko eta erantzukizunak argitzeko. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzari exijitu dio «enpresen segurtasun baldintzak kontrolatzeko eta zigortzeko baliabideak handitzeko».

Era berean, ELA kexu azaldu da patronalak absentismoaren inguruan duen «diskurtso faltsuarekin», eta inbertsioak eskatu ditu arriskuen prebentzioan. Hain zuzen, gogoratu du, sindikatuaren zenbaketaren arabera 48 direla 2026an Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz hildakoak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA