Madrilgo Bess Development enpresaren Bess Lezama proiektuari baiezkoa eman dio Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak. Lezaman (Bizkaia) 66,88 megawatt-orduko potentzia duen argindar biltegi bat egiteko bide administratiboari ekin zion sozietate hark, eta Gasteizko gobernuko Ingurumen Administrazioren Zuzendaritzak ondorioztatu du egitasmoa «bateragarria» dela hartuko dituen eremuetako ingurumen, paisaia, gizarte eta kultur balioekin, EAEko aldizkari ofizialean argitaratu dutenaren arabera. Behin baimenak lortuta, planta sei hilabeteko epean eraikitzea aurreikusten dute.
Bess Developmentek argindarra biltegiratzeko beste bi azpiegitura martxan jartzeko asmoa du Bizkaian: Barakaldo eta Gueñes udalerrietako biltegietarako baimena eskatu duen enpresa berak bultzatu du Lezamako proiektua. Nerbioi ibarreko ezkerraldeko egitasmoak 81,2 megawatt-orduko kapazitatea izango du, eta nahiko aurreratuta dago: Eusko Jaurlaritzaren eraikitzeko baimena jaso du jada, eta Barakaldoko Udalak lizentzia eman dio jarduera aurrera eramateko.
Gueñeskoari dagokionez, 85 megawatt-orduko kapazitatea izango du, eta Eusko Jaurlaritzak aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimena eman dizkio jada Bess Developmenti. La Jarako azpiestaziotik gertu egongo da, eta bertara konektatuko da. Gasteizko gobernuak martxoan eman zion aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena. Behin Jaurlaritzaren baimena edukita, jarduera ahalbidetzeko udal lizentziak behar ditu enpresak.
Lezamako biltegiratze zentroa Txorierriko udalerri haren kanpoaldean egingo dute, eskualdea errepidez zeharkatzen duen korridorearen ondoan, eta Larrabetzuko mugetatik ez oso urrun; Lezamako dorretxetik gertu dauden industria lurretan, alegia. Lau megawatt-ordu pasatxoko hamasei bateria jarriko dituzte, eta 66,88 megawatt-orduko biltegiratze ahalmena izango du. Gordetako argindarra Asua eta Galdakao lotzen dituen linea elektrikora bideratuko dute, lur azpiko 30 kilovolteko linea baten bidez. Argindarra biltegiratzeko Lezamako plantak 2.500 metro koadrotik gora izango ditu.
Bateria biltegiak
Energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturek ekoizpen handiko uneetan sobera sortzen duten argindarra biltegiratzea da bateria biltegi handien helburua, ekoizpena txikiagoa den uneetan —eguzki edo haize gutxi dagoenean— sarera argindar hori bera bidaltzeko. Horretarako, litio ferrofosfatozko bateriak erabiltzen dituzte. Hala ere, teknologia hori ez da asko garatu oraindik, erronka handiak baititu sektoreak. Izan ere, energia kantitate handiak biltegiratzeko azpiegitura handi eta garestiak behar dira.
Euskal Herrian martxan dagoen proiektu bakanetariko bat Iberdrolak Oiz mendian (Bizkaia) jarri zuen 3,5 megawatt-orduko kapazitateko pila da. Han dauden haize errotek sortzen duten energiaren zati bat biltegiratzen dute. Proba pilotu moduan dago martxan.