Lointekek aztarna utzi du Ingalaterrako energia biltegirik handienean

Bizkaiko enpresak parte hartu du Highview konpainiak LAES teknologia garatzeko sortu duen Manchesterko plantan. Hamabi ekipo bidali ditu, eta osagai horiek funtsezkoak dira prozesuan.

Lointekek Urdulizen duen lantegia. Irudian, Ingalaterrara bidaliko duen sistema termikoko instalazioetako bat. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Lointekek Urdulizen duen lantegia. Irudian, Ingalaterrara bidaliko duen sistema termikoko instalazioetako bat. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Urduliz
2026ko maiatzaren 29a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia trantsizioak dakarren erronka eta buruhauste nagusietako bat da nola bildu iturri berriztagarriek sortzen duten energia. Berriztagarriekin sorturiko energia zuzenean bideratu behar da sarera, baina zer egin sorturikoarekin, energia eskari txikia dagoenean? Esate baterako, gauez. Erronka horri aurre egiteko hainbat sistema ikertzen ari dira munduan, eta ikerketa lana lasterketa bilakatu da dagoeneko.

Euskal Herrian, bateria erraldoien parkeak zabaltzen ari dira, baina hori ez da berriztagarriekin sorturiko energia biltegiratzeko teknologia bakarra. Erresuma Batuan, esaterako, LAES teknologiaren aldeko apustu handia egin dute, hau da, energia aire likidotuaren bidez biltegiratzeko sistemaren aldekoa. Teknologia hori baliatzen duten egitasmoetan handiena Highview konpainiak bultzatu du, eta haren «bihotza» Urdulizko (Bizkaia) Lointek enpresak egingo du.

300

Zenbat langile diren Lointeken. Lointek industriarako sistema termikoak diseinatzen eta fabrikatzen dituen Bizkaiko enpresa bat da. 1996an sortu zen, egun hirurehun langile ditu, eta 2024an 60 milioi euro fakturatu zituen. Urdulizen du lantegi nagusia, eta Mecaner trokelgintza enpresak hutsik utzitako pabiloia erosi berri du. Bilboko portuan ere badu planta bat. Eraikitzen dituzten sistemak oso handiak dira, eta portuko lantegi horretan muntatzen dituzte, errazago itsasoratzeko.

Highviewek 346 milioi euroko energia parkea eraiki du Carringtonen, Manchesterren alboan (Ingalaterra). LAES teknologiari esker, 300 megawatt-orduko biltegiratze ahalmena lortuko du, eta 50 megawatt-ordu askatu ditzake sarera orduko. Enpresaren arabera, 480.000 etxerentzako adina da hori. «Energia hori hainbat astez gordetzeko ahalmena izango du», azaldu du Javier Loroño Lointekeko zuzendari nagusiak.

Loroñorena da «bihotzaren» metafora, eta teknologiaren nondik norakoak azaltzeko antolaturiko bisitan ekarri du hizpidera. Baina zer rol du Lointekek planta horretan? Energia soberakina airea likido bihurtu arte hoztuz gordetzen da —zehazki, -160 gradutara— ; gero, beharraren arabera, aire likidoa gas bihurtzen da, eta hura, berriz, turbina bati eragiteko baliatu. Prozesu termikoan, gatz urtuak erabiltzen dituzte, eta teknologia horretan aditua da Lointek.

Lointek
Lointeken langile bat Urdulizko lantegian. M. M. T. / FOKU

Lantegiak sistema termikoko hamabi ekipo oso bidali ditu Carringtonera, eta ekainean amaituko ditu lanak. U formako hamar metro luzeko tutuak dira, eta 33 tona pisatzen du bakoitzak. LAES teknologia laborategietan probatu izan da orain arte, eta Highviewen lantegia jauzi kualitatibo bat da —2012an hasi zuen proiektua—. Planta 2027an hasiko da jardunean, eta 50 urtetik gorako bizialdia izango du.

Etorkizunera begira

Loroñok nabarmendu du egun konpainia gutxik dutela horrelako sistema batean parte hartzeko aukera, eta horrek abantaila ematen diola Lointeki. Gainera, azaldu du LAES teknologiak bateria parkeek baino biltegiratze ahalmen handiagoa duela, eta uste du teknologia hori munduan barna zabalduko dela. Lointekek aurreratu du eskari zorroan dituen hurrengo bi eskari handiak ere Erresuma Batukoak dituela. Ez du haien inguruko xehetasunik eman.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia ere izan da bisitan, eta txalotu egin du Bizkaiko enpresa batek teknologia hori «menderatzeko ahalmena» izatea. Halaber, gaineratu du energia «sektore estrategiko bat» dela Bizkaiko industriaren etorkizunerako. Aldundiak kenkari handiak onartu ditu azken urteetan sektore horretako inbertsioentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA