Bateria finkoak, berriztagarrien iraultzarako gakoa

Bateria bidez energia biltegiratzeko sistemak asko eta bizkor ari dira zabaltzen. Energia berriztagarrien ezarpen berrien euskarri bihurtu dira, eta iraultza dakarte argindar sistemara.

Iberdrolak Ingeteamekin Burgosen jarritako bateria bat. IBERDROLA
Iberdrolak Ingeteamekin Burgosen jarritako bateria bat. IBERDROLA
Irune Lasa.
2026ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kalifornian arratsa eguzki argia estaltzen hasi zenean ekin zioten bateria handiek egun osoan biltegiratutako argindarra sareratzeari; igandea zen, martxoaren 29a, eta argindar eskari handieneko orduak zetozen; arratsaldeko zazpiak aldera, une jakin batean, bateriek bete zuten Kaliforniako argindar eskari osoaren %44.

Eguzki energia zen, eguzkirik gabeko orduetan agertzen argindar merkatuko sorkuntzaren partean. Une jakin hartan, gainera, mix elektrikoan gas naturala zen iturri fosil bakarra, ez baitzen inportatutako argindarrik sartu, AEBetan izan zitekeena ikatzetik sortua.

Errekor egun bat izan zen, baina erakusgarria. Iraultza ikusgarria dakarte BESS edo bateria bidez energia biltegiratzeko sistema finkoek, eta bizkor, gainera. Kalifornian bertan, bateria parkearen %90 azken bost urteetan eraiki da.

Munduan, 2025ean bakarrik, 108 gigawatt energia biltegiratze gehitu ziren orotara, aurreko urtean baino %40 gehiago. BESS bateria bidez energia biltegiratzeko sistemen munduko kapazitatea 11 aldiz biderkatu da 2021. urteaz geroztik. Eta goraka doa.  

Loraldi horren atzean hainbat arrazoi batzen ari dira. Arrazoietan lehen-lehena, baterien merkatze nabarmena. Urtetik urtera behera doa haien prezioa, eta baterien iazko batez besteko prezioa 2020ko salneurriaren herena da. Prezioen beherakada horrekin, bateria finkoak tresna errentagarri eta ezin hobeak bihurtu dira argindar sareen arazo bati aurre egiteko.

Errentagarritasuna

Eta hor dator BESSen hedapenaren bigarren arrazoia: beharra. Ingeteam euskal enpresak bateria finko handi zein txikietarako potentzia bihurgailuak diseinatu eta fabrikatzen ditu, eta, BERRIArekin hizketan, malgutasunaren garrantzia dakar hizpidera: «Orain, argindar sareek malgutasun handiagoa behar dute; irtenbideak behar dira iturri berriztagarrien gehiegizko sorkuntza kudeatzeko». Funtsean, eguzki panelek eta haize errotek mix energetikoan gero eta pisu handiagoa izateak gauzak asko aldatu ditu argindar sisteman.

Gehiegizko sorkuntza berriztagarria kudeatu beharra azpimarratu du EEE Energiaren Euskal Erakundeak ere: «Eguzki zentralek egun argiko ordu zentraletan saldu behar dute beren ekoizpena, eta askotan presio handiak jasaten dituzte salmenta prezioetan, zentralen beraien errentagarritasuna kolokan jartzeraino. Bateriekin, ekoitzitako energia horren parte bat biltegiratu dezakete, eta gero saldu, gehiago balio duen momentuetan».

Gehiegizko sorkuntza arazo bihurtu da energia berriztagarri askoko zona batzuetan. Une jakinetan, argindar kontsumoa baino sorkuntza handiagoak zerora edo zenbaki gorrietara eraman ditzake argindarraren handizkako prezioak; zentralak deskonektatzeko agindua jaso dezake, eta horrek guztiak zentralaren errentagarritasuna amiltzen du, baita halako zentral gehiago egiteko inbertsio asmoak ere.

Espainiako handizkako argindar merkatuan, 2025. urtean, 500 ordutik gora izan ziren zero preziokoak edo prezio negatibokoak, aurreko urtean halako bi.

Sarearen beharrak

Gerta daiteke, gainera, zentrala deskonektatzeko agindua ez etortzea gehiegizko eskaintzarengatik, baizik eta sarearen egonkortasunarekin zerikusia duten arrazoi teknikoengatik: energia berriztagarrien intermitentzia erronka da oraintxe sarea kontrolatzeko. Nodo batzuetan haien pisua mugatu behar izaten da, egonkortasuna bermatzeko, eta horrek esan nahi du tokia gorde behar zaiela zerbitzu hori ematen duten energia iturri tradizionalagoei —ziklo konbinatu eta zentral hidroelektrikoei—. Gerta daiteke une horretan megawatt-ordua 100 euroan egotea, baina zentral fotovoltaikoa deskonektatu behar izatea.

Beraz, energia biltegiratzea eta gero saltzea irtenbide bat da zentral berriztagarriarentzat. Baina bada beste aukera bat ere dirua irabazteko: sorkuntza tradizionalek egiten duten moduan, gai izatea ekarpena egiteko argindar sarearen kapazitatean eta egonkortasunean. Horretan, sarerako kontrolean eta doikuntzan, zerbitzuak ematen oraintsu hasiak dira zentral berriztagarri eta bateria batzuk, besteak beste Ingeteamen inbertsore eta bihurgailu garatuenei esker.

Hor dago, hain zuzen, BESS biltegiratzeak hedatzearen beste arrazoi handi bat: araudi berriak. «Legeetan eta arauetan egindako aldaketak bidea irekitzen ari dira halako irtenbide teknologikoak integratzen dituzten merkatuak sor daitezen», esplikatu du Ingeteamek. Hor negozioa dago.

Kapazitate, kontrol eta doikuntza zerbitzuen merkatuak dira, batzuk orain sortzen ari direnak. Orain arte, esan daiteke zerbitzu horiek esleitu egiten zituela sistemaren operadoreak, batez ere ziklo konbinatuei eta zentral hidroelektrikoei. Baina, inbertsore garatuenekin, zentral berriztagarriek eta bateriek lan horiek ere egin ditzakete, eta guztientzat merkatuak sortzen ari dira zerbitzu horien eskaintza antolatzeko.

EEEk zehaztu du zerbitzu osagarrien merkatu horiek ez direla sortu eta diseinatu behar teknologia jakin baten mesederako, baizik eta argindar sistemaren egiazko beharrak asetzeko. «Hori esanda, egia da bateriek rol garrantzitsua bete dezaketela zerbitzu horietako askotan, bizkor erantzuten dutelako eta une jakin batzuetan malgutasuna eskain dezaketelako. Pentsatzekoa da eremu horietan presentzia gero eta handiagoa izango dutela».

ENERGIA BILTEGIRATZEA, IBERDROLA (1)
Iberdrolaren Romeral bateria Cuencan (Espainia), zentral fotovoltaikoarekin hibridatuta. IBERDROLA

Eta fakturan?

Galdera ezinbestekoa da. Igarriko da hori guztia argindar fakturan? EEEk jaitsiera espero daitekeela uste du, baina ez dela erradikala izango. «Erantzuna baiezkoa da, baina ñabardurak egin behar dira. Eguerdi aldean kontsumitzaile gehiago izango dira [bateriak kargatzen], eta prezioak ez dira horren txikiak edo negatiboak izango; aldiz, eguzkirik ez dagoen orduetan sorkuntza gehiago sartuko denez [bateriak argindarra sareratzen], prezioak apalagoak izango dira. Esan dezakegu prezioen kurba leundu egingo dela».

Kaliforniarekin batera, Australia eta Txile dira beste aitzindari handiak. Eta Australiako sare elektriko nagusian dagoeneko baterien presentzia antzematen da handizkako prezioak ezartzeko orduan. Han, gaur egun, gaueko prezio garestienen erpinean, denboraren ia erdian bateriak dira enkantean prezioa ezartzen dutenak, gero eta toki gehiago kenduz inportatutako gas natural garestiagoari.

Gasari tokia kentzeaz gain, iturri berriztagarrien ezarpen berriak salbatzera ere badatoz bateriak, haien errentagarritasuna ematera. «Bateriekin jardutea ezinbesteko baldintza bihurtu da ezarpen berriak ekonomikoki bideragarriak izateko», dio EEEk.

Iberdrolak ere argi dauka hori. Argindar konpainiak, bere urtegi guztiekin, asko daki energia biltegiratzeaz. Orain apustua egiten ari da punpatze zentral hidroelektrikoekin, baina baita zentral eoliko eta fotovoltaikoak bateria biltegiratzeekin hibridatzen ere: «Txandakatzeko gai diren bi teknologiak izanda, asko murrizten da eguraldi aldakorrarekiko dependentzia, eta eguzki edo haize faltak ekar ditzaketen mugak. Ekoizpena egonkorragoa da, eta eraginkorragoa».

ESPAÑA APAGÓN ELÉCTRICO (9)
Afixa bat azpiestazio elektriko batean, Galizian. KIKO DELGADO / EFE

Entxufea behar

Zentral berriztagarriak bateriekin hibridatzeak badauka beste abantaila bat ere, Iberdrolak azpimarratu duenez: «Sarerako konexio bera erabiltzen da, eta azpiegiturak partekatu: azpiestazioa, argindarra ebakuatzeko lerroak... Bateriak, maiz, eraikitako zoruetan altxatzen dira, eta jada egindako bideak erabiliz. Horrek ingurumen inpaktua murrizten du». Iberdrolak 2022. urtean hibridatu zituen bi zentral eoliko Euskal Herrian: Oizkoa eta Elgea-Urkillakoa.

Sarerako konexioarena da, beharbada, BESS sistemak zabaltzeko oztopo handienetako bat. Garraio eta banaketa sareen saturazioak asko zailtzen du sorkuntza eta kontsumo gehiago izatea, eta eragozpen bihurtu da elektrifikaziorako. Saturazio horrek azaltzen du biltegiratze finkoko proiektu handiak oraindik tokia duten azpiestazio eta ebakuazio lerroen ondoan garatzea.

EEEk azaldu duenez, orain gutxi araudi aldaketa batek BESS proiekturik helduenei bidea erraztu die konexioetarako, espekulazioa mugatuz. «Eskari malguaren figura ere agertu da. Ikusi beharko da nola garatzen den, baina, funtsean, soilik ordu batzuetarako konexio baimena ematen da; ezin duzu kontsumitu edo sortu eguneko 24 orduetan, baizik eta ordu jakin batzuetan. Ordutegiak beteta, nodo horretan zure bateria beste kontsumitzaile eta sortzaileen bizikide izan daiteke».

Garai batean, energia segurtatzeko tresnak ziren bateriak. Orain, gauean eguzki energia baliatu ahal izatea posible egin dute, eta sareei, merkatuei, inbertsioei forma berriak emateko gai bihurtu dira. Iraultza, eraldaketa dakarte, eta gakoa dira energia berriztagarrientzat eta elektrifikazioarentzat. 

GERMANY ECONOMY IAA
CATLren litio ioizko LFP bateria bat erakusgai, Municheko (Alemania) automobilgintza azoka batean. BILAN / EFE

Sodio-ioi bateriak, bertan

Energia biltegiratzearen inguruko teknologiak ziztu bizian ari dira garatzen. Eta indarrean dauden teknologien merkatze bizkorra da, ziurrenik, garapenik berrienak zabaltzeko oztopo nagusia. Horrek ez du esan nahi bateriak aldatuko ez direnik, besteak beste bateria berriak are merkeagoak izan baitaitezke etorkizunean. 

Oraintsu arte, automobilgintzan litio ioizko NMC —nikel, kobalto eta manganeso oxidoko— bateriak izan dira nagusi. Baina LFP bateriak nabarmen merkatzen hasi dira: iaz %15 jaitsi zen haien prezioa, eta %5 NMC bateriak. LPFak ere litio ioizko bateriak dira, baina burdin-litio fosfatoko katodoak dituzte, eta ez dute ez nikelik eta ez kobaltorik behar. Kobaltorik ez dutenez, besteak beste, su hartzeko arrisku txikiagoa dute.

Seguruagoak, iraunkorragoak eta ekonomikoagoak, munduan egiten diren auto elektrikoen erdiek daramatzate litio-ioizko LFP bateriak. Energia biltegiratzeko BESS sistemetan, berriz, nagusi dira LFPak —%90eko kuota—.

LFP baterien garatzaile nagusia Txinako CATL da. Hura da, BYDrekin batera —Txinakoa hura ere—, munduan egiten diren auto elektriko gehienen bateria hornitzailea.

Hori bai, beti material merkeago, seguruago eta eraginkorragoen bila, garatzaileek urteak daramatzate litioa bera ordezkatu nahian, eta sodioa da litioa ordezkatzeko hautagai nagusia. Izan ere, sodioa litioa baino askoz ugariagoa da, eta, gainera, hobeto egiten die aurre muturreko tenperaturei.

Aste honetan bertan, sodio ioizko baterien etorkizuna distiratsua izan daitekeela —maila industriala bertan dela— erakutsi du albiste batek: CATL munduko bateria ekoizle nagusiak hiru urteko kontratua sinatu du Hyper Strongekin, Txinako BESS ekoizle nagusiarekin, sodio ioizko 60 gigawatt bateria egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA