Irizar E-mobilityk kontratu bat sinatu du Londresko Gatwick aireportuarekin, hura autobus elektrikoz hornitzeko. Hamalau ibilgailu izango dira guztira, hemezortzi metroko luzerakoak, eta aireportuko aparkalekuak eta terminalak lotuko dituzte. Irizarrenak Gatwick aireportuko lehen autobus guztiz elektrikoak izango dira.
Gatwick Erresuma Batuko aireporturik handienetan bigarrena da, eta munduko pista bakarreko aireporturik eraginkorrena —orduko 55 aire mugimendu egiteko gaitasuna du—. Vinci Airports eta Global Infraestructure Partners (GIP) dira jabe eta kudeatzaileak, eta sei urteko eta 2.000 milioi liberako programa bat ezarri dute 2030ean aireportua erabat elektrikoa izan dadin, besteak beste.
Irizar E-mobilityk Adunan (Gipuzkoa) duen plantan egingo dituzte autobusak. Lantegi hori 2016an sortu zuen Irizarrek, eta autobus erabat elektrikoak ekoizten dituzte bertan. Londresko proiektuarentzat Ie Tram autobus modeloa sinatu du enpresak. Tranbia itxura duten autobusak dira. Besteak beste, sei minutu baino ez ditu behar bateriak guztiz kargatzeko.