Txinak lur arraroen esportazioa mugatuko du

Trumpen eta Xiren arteko bilera baten atarian iragarri du neurria Pekinek, merkataritza negoziazioetan posizio indartsu batean egoteko.

Iker Aranburu.
2025eko urriaren 9a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpekin posizio indartsu batetik negoziatzeko prestatzen ari da Xi Jinping. Urriaren amaieran biltzekoak dira AEBetako eta Txinako presidenteak, bi herrialdeen arteko merkataritza gerraren su etenari nola eutsi erabakitzeko. Negoziazio horiei ahalik eta etekin handiena atera nahian, AEBetako enpresei min handia egin diezaiokeen neurri bat iragarri du Pekingo gobernuak: zorroztu egingo ditu lur arraroak esportatzeko baimenak.  

Arau berriekin, atzerriko konpainiek Txinako Gobernuaren oniritzia beharko dute lur arraroak ez ezik haien arrastoak dituzten produktuak ere inportatzeko. Pekinek segurtasun nazionala jarri du argudio gisa kontrolak estutzeko, salatu baitu beste herrialde batzuetan Txinako lur arraroak erabiltzen ari direla armagintzan ere. 

Ikusi gehiago

Hamazazpi elementu kimiko jotzen dira lur arrarotzat, eta, haien ezaugarri magnetikoen ondorioz batez ere, asko erabiltzen dira, besteak beste, telefonoen eta ordenagailuen pantailak egiteko, bateria elektrikoetarako, laserretarako eta eguzki plaketarako. Berez, ez dira arraroak, baina arraro deitzen zaie bereizteko edo prozesatzeko oso zailak direlako. Txinak lur arraroen erreserba ezagunen erdiak ditu, baina prozesamenduaren %90 berak egiten duenez, merkatuaren gaineko kontrol handia du.

Apirilean jarri zizkion Pekinek lehen mugak lur arraroen esportazioari, eta emaitza ona eman zion. Izan ere, egun gutxiren buruan AEBetako autogile batzuk antzematen hasi ziren produktu batzuekin arazoak zituztela, eta, egoera okertu aurretik, Trumpek onartu egin zuen Txinarekin abiatutako merkataritza gerran su eten bat adostea. 

Txinako Gobernuak iragarri du kontrolak abenduaren 1ean ezarriko direla, eta helburu militarra duten guztiak atzera botako dituztela. Beste helburuetarako direnak, berriz, kasuz kasu aztertuko dituzte. Ikusteko dago Txinako administrazioak gaitasunik ba ote duen kontrol horiek guztiak egiteko.

Lur arraroak ez dira Trumpekiko negoziazioari begira Txina jokatzen ari den karta bakarra. Azken hilabeteetan, eten egin ditu AEBetako sojaren esportazioak, eta Brasilen jasotako uzta ona baliatzen ari da bere burua hornitzeko.

Washington ere ez da geldi egon. Teknologia handiko mikrotxip eta erdieroaleak Txinako konpainia batzuei esportatzea debekatu die bere enpresei, eta joan den astean zigortutako enpresen zerrenda zabaldu egin zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.