Maderas de Llodio enpresak 39 langile kaleratu nahi ditu

Laudioko lantegiko produkzioaren zati bat Garnica taldearen beste zentro batzuetara eraman nahi dute. Bitartean, langileek greba egingo dute irailaren 16an eta 18an.

Maderas de Llodio enpresaren kanpoaldea, artxiboko irudi batean. AIARALDEA.EUS
Maderas de Llodio enpresaren kanpoaldea, artxiboko irudi batean. AIARALDEA.EUS
14789412 kepa
Laudio
2025eko irailaren 9a
16:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den astean kaleratzeak izango zirela iragarri arren, Maderas de Llodio enpresak ez zuen zehaztu zenbat behargin bota nahi dituen Laudioko lantegitik (Araba). Gaur bilera izan du zuzendaritzak enpresa batzordearekin, eta bertan jakinarazi dio 151 beharginetatik 39 kaleratzeko asmoa duela.

Hori jakinda, langileen ordezkariek bi greba antolatu ditu datorren asterako: lanuzteak irailaren 16an eta 18an izango dira. Maderas de Llodiok egurrezko xafla kontratxapatuak ekoizten ditu, pinuzkoak gehienbat. Errioxako Garnica taldearen barruan dago 2018az geroztik. Hain zuzen, Garnicaren beste lantegi batzuetara eraman nahi du produkzioaren zati bat, zuzendaritzak enpresa batzordeari gaur jakinarazi dionez. Kaleratzeak egiteko, «produktibitate eta antolaketa arrazoiak» argudiatu ditu enpresak.

Beharginak, ordea, ez daude prest «lanpostu bat bera ere suntsitzea eta lan baldintzak prekarizatzea» onartzeko: «Enpresak kaleratzeak ez baditu bertan behera uzten, mobilizazio eta greba gehiago egingo ditugu, eta beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu erabaki horri aurre egiteko», ohartarazi du enpresa batzordeak. Enpresak gaur aurkeztu dien dokumentazioa xehetasunez aztertu artean, greba egingo dute irailaren 16an eta 18an, langile batzordeak eta LABek ohar bidez jakinarazi dutenez.

Izan ere, hura da Laudioko lantegian gehiengoa duen sindikatua ―hiru ordezkari ditu―. ELAk, CCOOk eta UGTk, berriz, bina ordezkari dituzte.

Erabaki bateratua

Atzo bildu ziren langileak, eta batzordearen eta lantalde osoaren erabakia bateratua izan zen: «Maderas de Llodion ez dago inor sobran». Horiek horrela, enpresaburuei adierazi diete haien helburu bakarra hitzarmen kolektiboaren negoziazioari berriz heltzea dela, baina soilik kaleratze horiek bertan behera utzita, «lantalde osoarentzat kalte larria dakar eta».

Izan ere, uztaileko lehen asteetan aurrerapausoak eman ziren hitzarmenaren negoziazioan. ELA sindikatuak  salatu duenez, «bilera horietan, ordea, ez zuen adierazi zer asmo zuen gerora etorriko zenaren inguruan». ELAk uste du «irmo» erantzun behar zaiola enpresaren asmoei, mobilizazio eta greba gehiagorekin.

Gaur egun, Carlyle AEBetako funtsak du Garnicaren kapitalaren %70 inguru, baina Garnica familia akziodunen artean dago oraindik. Laudiokoaz gain, beste sei lantegi ditu taldeak, lau Espainian eta bi Frantzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.