Egunero bezala, Laudioko lantegiaren aurrean (Araba) elkartu dira Maderas de Llodioko langileak protesta egiteko. Irailaz geroztik greba mugagabean daude, zuzendaritzak 39 langile kaleratu eta ekoizpenaren zati bat beste lantegi batzuetara eraman nahi dituelako. Hori gertatuko balitz, «beste kolpe bat» litzateke jada kolpatuta dagoen eskualdean. Langileak eta sindikatuak batera ari dira —CCOO izan ezik—, eta argi dute azkenera arte negoziatu nahi dutela. Santi Castaño (Amurrio, Araba, 1973) behargina eta LABeko kidea da.
Ehun egun baino gehiago daramatzazue greban. Zer moduz zaudete?
131 egun dira jada, eta, egia esateko, zertxobait gogogabetuta gaude, abenduan akordio bat lortu genezakeela uste genuelako. Gabonetako oporren bueltan, ordea, enpresak erabaki zuen jada ez zuela negoziatu nahi; adierazi zigun nahiago zuela epaiketa egin arte itxaron.
Beraz, zuzendaritzak mahaitik alde egitea kolpea izan da zuentzat.
Enpresaren estrategiari lotuta dago erabakia: langileon batasuna pitzatu nahi du. Ez du lortu; pare bat beharginek lanera itzultzea erabaki dute, baina gainontzean batuta eta tinko eusten diogu.
Zergatik ez du negoziatu nahi?
Abenduan, langile batzordea akordioa ixtear zela, enpresak esan zigun hiru bezero handik galdetu ziotela ea 2026an haiek hornitzeko gai izango ginen. Oporren bueltan, ordea, esan ziguten bezeroek beste merkatu batzuk aurkitu zituztela, eta maiatzera arte edo ekainera arte ez zutela gure produktuen beharrik izango. Gu prest ginen lanera itzultzeko, baldin eta kaleratzeak bertan behera utziko bazituen. Baina ez digute apurrik ere eman nahi izan.
Enpresaren asmoa da produkzioaren %40 Garnica taldearen beste lantegi batzuetara eramatea. Deslokalizazioren beldur zarete?
Erabat. Kezka hori dugu, bai: gaur %40 da, baina bihar beste apur bat izan daiteke, pixkanaka dena hara eraman arte. Egurrezko xafla kontratxapatuak ekoizten ditugu, eta produktu oso zehatza da. Huts egiten badu, hurrengo pausoa ixtea litzateke. Horregatik, gure ustez, ekoizpena bermatzea da gakoa.
Enpresak «produktibitate eta antolaketa arrazoiak» argudiatu zituen enplegua erregulatzeko espedientea aurkezteko.
Hori ez da egia. Guk bertako pinuen egurra erabiltzen dugu gure produktuak ekoizteko, eta enpresak esan digu Frantziatik ekartzea merkeagoa dela. Alegia, hemen ekoizteko gastuak handiagoak direla Frantziatik egurra landuta ekartzea edo Leongo plantan ekoiztea baino. Hori hala balitz, langile asko sobera leudeke Laudioko lantegian, eta ez soilik 39.
Aurrez akordiorik lortu ezean, gatazka epaitegian ebatziko da. Otsailaren hasieran hasiko da epaiketa. Zer espero duzue?
Hiru aukera daude: guri arrazoia ematea, kaleratzeak baliogabetzat jotzea, edo enpresari arrazoia eman eta kaleratzeak ontzat ematea. Baliogabetzat jotzeko itxaropena dugu guk, baina inoiz ez dakizu zer gertatuko den.

Aurrez ere izan dira eskualdean enpresaren aurkako epaiak, Tubacexena, kasurako.
Bai, eta horrek itxaropena ematen digu. Edozein kasutan, argi dugu gure lehentasuna negoziatzea dela: enplegua bermatu nahi dugu. Epaiketak ez baitu ezer konponduko; arrazoia bati edo besteari emango dio, baina ziurgabetasuna are handiagoa izango da. Eta horrek ez dio inori onik egingo.
Instituzioei esku hartzeko eskatu diezue asteon. Zehazki, zeinentzat da mezua?
Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari gutun bana eman genien astelehenean, eta eskatu genien bitartekari aritzeko, enpresak negoziazioei berriz ekin diezaion. Enpresari proposatu geniona berretsi genien instituzioei ere: lanera itzultzeko prest ginela, betiere gutxienez bi edo hiru urtez enpleguari eusteko bermea izanez gero.
«Muga zergek min handia egin zioten taldeko beste lantegiei, AEBetara esportatzen dute eta. Guk, berriz, Europarako lan egiten dugu. Enpresaren egoitza Errioxan dagoenez, gure ekoizpena hara eraman nahi dute, hango hutsunea betetzeko»
Aurrez ere bildu zineten Jaurlaritzarekin. Zer deritzozue orain arteko inplikazioari?
Tira, argazkia ateratzeko baino ez da izan. Orain artean ez dute ezer. Gehiago hitz egin dute enpresarekin gurekin baino.
Jaurlaritzak 30.000 euroren laguntza eman zion enpresari, baina trukean enpleguari eusteko bermerik eskatu gabe. Zer irizten diozue horri?
Betikoa da: enpresak 30.000 euro horiek itzuliko ditu, eta kito. Baina hau ez da diru kontua: gure lanpostuak daude jokoan, eta gure etorkizuna. Enpresaren jabe den funtsak dirua sobera du. Arrazoia beste bat da: enpresaren antolaketa negargarria. Izan ere, Donald Trumpen muga zergek min handia egin zieten taldeko beste lantegiei, ekoizten duten gehiena AEBetara esportatzen dute eta. Guk, berriz, Europarako lan egiten dugu. Enpresaren egoitza nagusia Errioxan dagoenez, gure ekoizpena hara eraman nahi dute, hango hutsunea betetzeko.
Horrek gatazka korapilatu dezakeela uste duzue?
Gatazka hor hasi zen, hori argi dugu. Guk ez dugu beste lantegietan inor kaleratzerik nahi, baina hemen, Maderas de Llodion, ez dago inor sobera. Lana badago. Are, uztailean lan hitzarmena berritzekoak ginen, eta abuztuko oporraldiaren ondoren jaso genuen albistea.
Gatazka luzatzeko arriskua ikusten duzu?
Bai, kezkatuta gaude. Horregatik negoziatu nahi dugu, eta otsailaren 10a baino lehen akordio bat lortu. Halere, benetako arazoa konpontzea lortuko ez bagenu, hau da, otsailaren 10etik harago enplegua bermatuko ez bagenu, ez genuke ezer lortuko.
Tubacexen lan gatazkak ere luze jo zuen. Orain arte, zenbateraino izan da ispilu zuentzat?
Erreferente bat da guretzat. Babestu egin gaituzte eta, hein handi batean, egoerari nola aurre egin ere erakutsi digute. Haiek lortu zutena lortzeko itxaropena dugu guk ere.
«Erakundeek abandonatuta daukate Aiaraldea. Politikariek langabezia tasa %6 ingurukoa dela saldu arren, Laudion eta Amurrion, eskualdeko bi herri handienetan, hori halako bi da tasa»
Guardian, Valvospain, Maderas de Llodio… Zer ari da gertatzen eskualdean?
Erakundeek abandonatuta daukate Aiaraldea. Politikariek langabezia tasa %6 ingurukoa dela saldu arren, Laudion eta Amurrion, eskualdeko bi herri handienetan, hori halako bi da tasa. Gazteek hemendik alde egin beste aukerarik ez dute izango azkenean.
Arabako Aldundiak martxan du industria bultzatzeko mahai bat. Ezer espero duzue?
Ez dugu ezer espero, egia esan. Tubacexen eta Guardianen gatazkak izan zirenean, sindikatuek mahai bat sortzeko eskatu zuten, baina orain arte ez dute ezer egin. Berandu dator. Industria bertan errotzeko neurriak hartu behar dira, eta enpleguari eusteko bermeak eskatu behar zaizkie enpresei.
Argi duzue ez dagoela mobilizatzea beste aukerarik.
Hala da. Azkeneraino jarraituko dugu, eskualdean enplegua bermatu arte.