Madrilen jokatuko da Maderas de Llodio egurgintza sektoreko enpresako lan gatazkaren azken partida. Zuzendaritzak eta sindikatuek Espainiako Auzitegi Gorenera joko dute, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari aurka egiteko.
Iazko irailean, Garnica taldeak enplegua erregulatzeko espediente bat aurkeztu zuen Laudioko (Araba) lantegi horretan. 151 langileko lantaldean 39 kaleratze izango zirela iragarri zuen, ekoizpen eta antolaketa arrazoiak argudiatuta. Urrian 35 langilek utzi zuten enpresa, kalte ordainak jasota. Helburua, enpresaren arabera, Laudioko produkzioaren %40 beste zentro batzuetara lekualdatzea zen.
Duela astebete, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak partzialki onartu zituen sindikatuen eskaerak, eta kaleratzeak bidegabeak izan zirela ebatzi zuen. Adierazi zuen zuzendaritzak aurkeztutako espedientea ez datorrela bat zuzenbidearekin. Bestela esanda, kaleratze espediente bat aplikatzeko eman zituen arrazoiak ez daudela behar beste egiaztatuta.
Epai horren aurka gora jotzeko aukera zuten bi aldeek, eta epea amaitzearekin batera iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela Auzitegi Gorenean. Zuzendaritzak espedientearen zilegitasuna berretsi nahi du; sindikatuek, aldiz, kaleratzeak baliogabetzat jotzea, ez soilik bidegabetzat, eta enpresa behartzea kaleratutako langileak berriz onartzera.
Auzitegietako bideaz gain, langileak greban daude iazko irailetik. Datorren astean bilera egingo dute bi aldeek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Saileko ordezkarien bitartekaritzarekin. Bihar, langileek Errioxako Baños de Rio Tobiako lantegian egingo dituzte protestak. Maderas de Llodio Errioxako Garnica taldearen barruan dago 2018az geroztik. Gaur egun, Carlyle AEBetako funtsak du kapitalaren %70 inguru.