Ibilgailu elektrifikatuak erosteko laguntza plan berria onartu du Espainiako Gobernuak, zazpi hilabeteko atzerapenarekin. Moves III programakoak urtea amaitu baino dezente lehenago bukatu ziren, eta Pedro Sanchezen gobernuak beste programa bat iragarri zuen urte hasierarako. Dena dela, atzerapenak ez ditu laguntzarik gabe utziko urte hasieratik egindako erosketak: 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera erositakoek ere jaso ahal izango dute dirua.
Sektorea, baina, zalantzan da nahikoa izango ote den gobernuak jarritako 400 milioi euroko aurrekontua. Anfac Espainiako auto ekoizleen elkarteak kalkulatu du egungo salmenta erritmoari eutsiz gero irailean edo urrian bukatuko dela dirua.
Dirua kudeatzeko orduan ere aldaketa bat dakar plan berriak. Orain artekoetan, autonomia erkidegoek kudeatzen zituzten laguntzak; orain, Industria Ministerioak zuzenean banatuko ditu. Eskaera erosleak berak egin ahal izango du, edo kontzesionarioaren bidez egin ahal izango da.
Elektrikoak eta Europakoak
Partikularrek, autonomoek eta enpresek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Autoetarako 4.500 eurokoak izango dira gehienez; furgoneta eta ibilgailu komertzial arinetarako, 5.000 euro artekoak. Moto elektrikoek 1.100 euro jasoko dute gehienez, eta mikroauto elektrikoek, 1.500 euro gehienez.
Autoei dagokienez, laguntza handiagoa ala txikiagoa izango da baldintza batzuk betez gero: gehienezko 4.500 euroko laguntza ibilgailu %100 elektrikoek jasoko dute baldin eta 35.000 euro baino gutxiago balio badute —zergarik eta deskonturik gabe— eta Europako Batasunean egindakoak badira. 35.000 eta 45.000 euro arteko elektrikoek 4.050 euro jasoko dute gehienez, horiek ere EBn muntatu badira; eta Batasunetik kanpo egindakoek, berriz, 35.000 eurotik behera balio beharko dute, eta 3.375 euro jasoko dute gehienez.
Entxufagarri hibridoek ere jasoko dute laguntza, baina txikiagoa: 3.375 euro gehienez Europan ekoitzitakoak badira eta 35.000 euro baino gutxiago balio badute; inportatutakoek, 2.250 gehienez. Prezioaren arabera, laguntza 1.800 eurora jaits daiteke.
Laguntza horiei beste batzuk batu ahalko zaizkie: fabrikatzaileek eta kontzesionarioek gutxienez 1.000 euroko deskontu komertziala egin beharko dute auto eta ibilgailu komertzial arinen erosketetan.
Moto elektrikoak ere sartzen dira planean. 10.000 euroko prezio muga izango dute. Mikroautoek, berriz, ez dute muga zehatzik.
Besteekin bateraezina
Ikusteko dago Auto+ planeko laguntzak bateragarriak diren autonomia erkidegoek emandakoekin. Neurria Espainiako aldizkari ofizialean argitaratzean argituko da hori, baina pentsatzekoa da ezetz, Moves III planean bezala. Nafarroan, Tximista Auto 2026 programa indarrean dago oraindik. Horren bidez, gehienez 5.000 euro jaso daitezke Europako Batasunean egindako auto elektrikoetarako, eta 2.500 euro kanpotik ekarritako autoetarako; furgoneten kasuan, 5.500 edo 3.000 euro, hurrenez hurren.
Eusko Jaurlaritzaren Renove plana, berriz, amaituta dago, iazko urrian luzatu ondoren. Gehienez 3.500 euroko laguntza ematen zuen ibilgailu bakoitzeko, baina ez zen soilik elektrikoetara mugatzen.
Auto+ planaren laguntza zuzenaz gain, Espainiako zerga araudiak ibilgailu elektriko bat erosteagatik %15eko kenkaria aurreikusten du errenta aitorpenean. Hego Euskal Herrian, ordea, lurralde bakoitzak zerga sistema propioa duenez, foru ogasunek zehaztu beharko dute kenkari hori nola eta zer baldintzatan aplikatuko den.