Madrilek 700 milioi itzuliko dizkio Bizkaiari Coca-Colaren BEZagatik

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du edari konpainia horrek Galdakaoko lantegitik egiten dituela erosketak, eta ez Madrilgo egoitzatik.

Hiru ahaldun nagusiak eta Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun diputatua, hirugarrena ezkerretik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Hiru ahaldun nagusiak eta Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun diputatua, hirugarrena ezkerretik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko uztailaren 31
16:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezohiko diru sarrera bat izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Hamabi urte auzitan eman eta gero, Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman die: ebatzi du Bizkaiari dagokiola kudeatzea Coca-Colak Espainian egiten dituen erosketen BEZa, eta, ondorioz, Espainiako Ogasunak 700 milioi euro inguru itzuli behar dizkiola.

Ebazpena uztailaren 18koa da, baina ostegun honetan ezagutarazi du El Correo egunkariak. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak informazio hori baieztatu du Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Adierazi du ebazpena oso garrantzitsua dela, halako kasuetan BEZaren bilketak nola eta nork egin behar dituen zehazten duelako. Gainera, haren  ustez, finantza ondorioez gain, esanahi politikoa ere badu. Kontzertu Ekonomikoa «sendotzen» duela nabarmendu du.

Gatazka 2013an piztu zen, Coca-Colak Espainiako egitura korporatiboa berrantolatu zuenean. Egoitza nagusiak Madrilen jarraitu zuen, baina Galdakaoko (Bizkaia) lantegia edo filiala (Norbega) ekoizpen eta banaketa gune nagusi izendatu zuen: hortik kudeatzen hasi ziren lehengai nagusien erosketak, eta handik hornitzen Espainiako lantegiak.

Bestela esanda, Bizkaiko lantegiak egiten dituen erosketek —adibidez, Irlandatik ekarritako jarabeak— ez dute BEZik, eragiketa intrakomunitarioak direlako. Baina Norbegak lehengai horiek Coca-Colaren Espainiako filialei saltzen dizkienean, BEZa aplikatzen du.

Eta hori da, hain justu, Bizkaiak beretzat eskatzen zuena eta ez Espainia osoan Coca-Colaren salmentek sortzen duten BEZa, saltzen den tokiko ogasunari baitagokio hori biltzea. Aldundiek defendatu zuten enpresaren jarduera ekonomikoa Bizkaian zegoela eta zergapetze gaitasuna hango ogasunari dagokiola, baina Espainiako ogasunak interpretazio hori ukatu zuen.

Dirua hiru aldundientzat

2022an, Kontzertu Ekonomikoaren Arbitraje Batzordera jo zuten bi aldeek, eta Espainiako Ogasunaren alde egin zuen: Bizkaiak 218 milioi euro itzuli behar izan zizkion Madrili. Aldundiak, hala ere, helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean, eta hark arrazoia eman dio.

Ondorioz, 2013-2016 urteetako BEZei dagozkien 252 milioi euro itzuli beharko dizkio Espainiako Ogasunak Bizkaikoari, eta haren esku geratuko da 2016tik orain arte bildutakoa ere, 450 milioi inguru; guztira, 700 milioi euro inguru. Irizpide juridiko berriarekin, aurrerantzean Bizkaiak bilduko ditu Coca-Colaren BEZaren itzulketak.

Diru hori Bizkaiak jasoko du, baina Gipuzkoan eta Araban ere eragingo du, Euskal Autonomia Erkidegoan bildutako BEZa hiru foru ogasunen artean banatzen baita.

Iraganean ere egon dira antzeko gatazka batzuk. Adibidez, Rover auzia. 2000ko hamarkadan. Madrilen iritzia nagusitu zen Auzitegi Gorenean, eta Arabako Aldundiak 435 milioi euro ordaindu behar izan zizkion Espainiako Ogasunari. Erresuma Batuko autogileak Araian (Araba) zuen Espainiako gune logistikoa. Kasu hartan, baina, Madrildik zentralizatzen ziren erosketak eta salmentak.

Nafarroan ere antzeko auzi bat gertatu zen, 2007tik 2011ra Volkswagenek esportatutako autoen BEZaren itzulpenagatik. Espainiak 1.513 milioi euro erreklamatu zizkion foru ogasunari. Azkenean akordio bat egin zuten UPNren eta PPren gobernuek eta Nafarroak ez zuen dirurik itzuli.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.