Astiro doa, baina gero eta gertuago dago. Tren konpainiaren jabetza eskualdatu eta egoitza fiskala Madrildik Euskal Herrira ekartzeko operazioan, emandako hitza bete du Espainiako Gobernuak; hala, berretsi egin du duela bi aste Madrilen egindako bileran Pedro Sanchez gobernuburuak eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adostutakoa. SEPI sozietate publikoak 75 milioi euro jarriko ditu, konpainiak duen zorra arintzeko: batetik, akzioen %7,8en jabe egingo da, 45 milioi euroren truke; halaber, beste 30 milioi jarriko ditu mailegu bihurgarrietan.
Orain arte, tren konpainiak duen zorra izan da traba nagusietako bat jabegoa aldatzeko: Talgok 409 milioi euro itzuli behar dizkie hogei bat bankuri. Horren zati handi bat gainetik kenduko du orain, lasterren pagatu behar duen zorraren parte bat, 150 milioi eurokoa. SEPIk 75 milioi jarriko ditu, eta Jose Antonio Jainaga enpresaria buru duen euskal partzuergoak, beste 75 milioi.
Duela aste batzuk erabaki zuen partzuergoak ekarpen hori egitea. Horretarako, Jaurlaritzak 50 milioi jarriko ditu, eta beste 25 milioiak Jainagak berak eta BBK eta Vital fundazioek jarriko dituzte. Jaurlaritzaren partea Ekarpen funtsaren bidez gauzatuko dute. Ekarpeneko bazkide dira Jaurlaritza, Kutxabank, foru aldundiak eta Mondragon taldea. Funtsak ez zuen baliabide propio nahikorik kopuru hori ordaintzeko, baina bazkideek asteotan hornidura berriak egin dituzte —Jaurlaritzak iragan asteko gobernu kontseiluan onartu zuen hori egitea—.
Orain, Madrilen babesarekin, gero eta argiago dago Talgoren etorkizuna. Sidenorren jabe den Jainagak baldintza bat jarri zuen horretarako: erosketa itxi aurretik, enpresaren bideragarritasuna bermatuta egotea. Partzuergoak 177 milioi euro ordainduko ditu Trilantic funtsaren akzioen %29,8en truke; Sidenorrek, Finkatuz-ek eta BBK-k 135 milioi euro jarriko dituzte —bakoitzak 45 milioi—, eta Vitalek hogei milioi. Pegasok akzioen %7,5ei eutsiko die, eta Abelloren familiaren Torrealek, berriz, %5ei. Gainerako %53,2 burtsan kotizatzen du.
Uda osterako
Talgoren operazioa luze jotzen ari da. Sidenorreko buruak Jaurlaritzarekin eta BBK eta Vital fundazioekin osatu zuen partzuergoa, eta otsailaren 14an adostu zuten Trilanticekin haren akzioak erosteko akordioaren oinarria —euskal partzuergoa sortu zuten Espainiako Gobernuak Talgo erosteko Hungariako eskaintza bati betoa jarri ondoren—. Eskualdaketa maiatzaren 15erako zegoen aurreikusita, baina atzeratzen joan da, finantzaketa arazoak noiz konpondu zain. Hori argituta, Talgoren akziodunen batzarraren oniritzia falta du operazioak, baina hori ez da urria baino lehen espero.
Prozesuan, gainera, beste oztopo batzuk egon dira. Handienetarikoa Renfek Talgori jarritako isuna izan da, 116 milioikoa, Avril modeloko hainbat tren egiteko kontratua bi urte baino gehiago atzeratzeagatik. Talgok 2024ko datuetan sartu zuen isun hori, eta 108 milioiren galerak eragin zituen. Dena den, zigorra 2031 arte ez kobratzea eta zazpi urtez zatitzea proposatu du Renfek.
Baina hori ez da Talgoren arazo bakarra: 4.000 milioitik gorako eskaera zorroa du. Berez positiboa izan behar lukeena traba bat bihurtzen ari da, konpainiak ez baitu lan horiek betetzeko bitarteko, fabrika eta langile nahikorik. Horregatik, ez da baztertzen industria gaitasun hori emango liokeen bazkide berri bat sartzea operazioan. Talgok bi fabrika ditu gaur egun: bata, Ribabellosan, Araban; bestea, Madrilen. Espainiako hiriburuan du egoitza fiskala. Jabea aldatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan izango luke.
albo ondorioak
Talgoren operazioak bestelako ondorioak ere baditu. Jainagaren jabetzako Innometal eta Ohmnia Electronics taldeek euren egoitzak Araban jarriko dituztela iragarri du Vital fundazioak. Jaurlaritzak eta Vitalek, Finkatuz funtsaren bidez, bi enpresa horien kapitalean sartu dira, 35 milioi euro jarrita. Bi taldeek zortzi lantegi eta 400 langile baino gehiago dituzte.
Halaber, astearte honetan jakin da Jainagaren Mirai Investments enpresak Arabako Imat erosi duela —ez dute diru kopururik zehaztu—. Aireportuetako altzariak egiten ditu enpresa horrek, eta Innometal taldean sartuko da.