Inoizko garestien daude erregaien prezioak Hego Euskal Herrian. Are gehiago BEZa igo zutenetik. Igoera horri aurre egin, eta prezioak merkatzeko asmoz, erregaiek haien banatzaileei ematen dizkieten marjinak nola jaitsi aztertuko du Espainiako Gobernuak. Europako Batasuneko batez bestekoaren parera jaitsi nahi ditu, gaur egun Espainian bi puntu handiagoak baitira. Madrilen datuen arabera, Espainian berunik gabeko 95 oktanoko gasolinaren marjina %15,5ekoa da, eta A gasolioarena, berriz, %15,1ekoa. Europan, aldiz, bai gasolinarena eta bai gasolioarena %13,3koak dira.
Marjin horiek zergen bidez merkatu asmo ditu Espainiako Gobernuak. Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordearen esanetan, kontsumitzaileek gehiago ordaintzea saihestu nahi dute neurri horrekin. Hori bai, azaldu du neurri hori ekoizleekin eta banatzaileekin adostuko duela.
Frantziaren bide beretik doa Espainia ere. Izan ere, Frantziako Gobernuak akordioa lortu du erregai ekoizleekin eta banatzaileekin erregaiak merkatzeko datozen hiru hilabeteetan. Kopuru hori, baina, zerbitzuguneen araberakoa da; hau da, gerta liteke zerbitzuguneak dagokion zatia ez merkatzea —bat eta hiru zentimo artean—, eta estatuarena bakarrik merkatzea —hiru zentimo—.
Hortaz, gutxienez ere hiru zentimo aurreztuko dituzte litroko, eta zerbitzuguneei dagokiena gehituta, gehienez ere sei.
Ez da izan, baina, Espainiako Gobernuak agindutako azterketa bakarra. Autobietako, autobideetako eta hipermerkatuetako gasolina zerbitzuguneen liberalizazioari buruzko azterketa bat ere egingo du.
Joera desberdina
Ipar Euskal Herrian erregaien prezioek behera egiten du, baina Hego Euskal Herriko erregaien prezioak garestitzen jarraitzen dute. Berunik gabeko 95 oktanoko gasolinaren batez besteko prezioa 1,489koa da, BEZa igo aurretik baino %1,29 garestiago. A gasolioa gehiago igo da: %1,44. Gaur egun, gasolioaren litroko batez bestekoa 1,410 eurokoa da. Frantziako Gobernuak erregaiak merkatzeko hartutako erabakiaren ostean, jaitsi egin dira prezioak Ipar Euskal Herrian: gasolina, %1,29, eta gasolioa, %1,44. Hori hala, gasolina litroko 1,47 euro ordaintzen dira egun, eta gasolioaren batez bestekoa 1,39 eurotan dago.
Madrilek ere gasolinaren prezioa jaitsi nahi du
Erregaien marjinak Europako Batasunean baino bi puntu handiagoak dira Espainian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu