Maiatzaren Lehena

Maiatzaren Lehen «historikoa» Baionan, erreformari erantzuteko

Manifestazio oso jendetsua izan da: 30.000 lagun zeuden intersindikalaren arabera; Poliziaren arabera, berriz, 7.000. Protesta bitan zatitu da amaierako ekitaldirako, LABen bazterketaren eraginez

Baionako Maiatzaren Leheneko manifestazioaren burua, sindikatu guztien ordezkariak pankarta gibelean, baita LAB ere. GUILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Baiona
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Sindikatuek manifestazio «historikoa» espero zuten Maiatzaren Lehenerako Baionan. Eta hala izan da. Frantziako Gobernuak indarrean pasatu duen erretretaren lege berriaren aurka hainbat mobilizazio jendetsu egin ondotik, Maiatzaren Lehenak oihartzun berezia izan du Frantzian zehar, baita Ipar Euskal Herrian ere. Bertako ekitaldi nagusia Baionakoa izan zen atzo. Intersindikalak 30.000 lagun bildu zirela adierazi zuen; Poliziaren arabera, berriz, 7.000 protestari elkartu ziren.

«Historikoki, Maiatzaren Lehenean langileen aldarria izan zen lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka lortzearena», adierazi zuen Mercedes Graciet CFDTko kideak. Hari beretik joan da Julien Delion CGTko kidea: «Langileen ongizaterako, erretreta ere funtsezkoa da; horregatik, aurten toki berezi bat eman nahi izan diogu erretreten erreformaren gaiari». Sindikatu guztiek ere bat egin zuten erreferendumaz Frantziako Kontseilu Konstituzionalak etzi eman beharreko erabakiari dagokionez: «Aurreko aldian bezala, ez dugu ezer espero haiengandik», Delionen hitzetan.

Argitxu Dufau LABeko kideak «erretreten erreforma kendu arte amore emanen ez» dutela adierazi zuen, baita «beste sistema bat eraikitzeko» xedea dutela ere.

Mobilizaziobat, bi ekitaldi

Baionako tren geltokitik abiatu zen manifestazioa. Buruko banderolak Baturik aitzinamendu sozialaren alde; ez gara gibelera eginez borrokatuko leloa zeraman frantsesez, erretreten erreformari begi kliska egiten ziona hitz joko baten bidez. Intersindikala Leon-Bonnat lorategiko kioskora —haren helmugara— iritsi zenerako, LAB eta haren atzean zeuden blokeetako manifestariak oraindik Santizpiritu zubian zeuden, abiapuntutik gertu. Jende andana zegoen seinale izan zen. LAB Baionako merkatura joan zen zuzenean, hori baitzen haren ekitaldi gunea.

Dufauk erran zuenez, Maiatzaren Lehen «bateratua» antolatzeko gomita egin zioten intersindikalari. Alta, azaldu zuen argiki adierazi zietela ez zutela tokirik intersindikalaren manifestazio «bateratu eta herrikoian»: «Arrazoia da LAB ez dela departamentu mailan antolatua; nik arrazoia ez dut ulertzen, LAB antolatua baita, baina Ipar Euskal Herrian».

Gracietek, berriz, «mugimendu bateratu» gisa aurkeztu zuen intersindikala, zeinak «kontsentsu» baten inguruan «babesten» duen bere burua, eta LABekin ez ziren «kontsentsu» horretara iritsi. « LABek bere tokia du bere aldarriak kalera ateratzeko», adierazi zuen. Bizi eta Aldak giza katea osatu zuten bi ekitaldien artean, «mugimendu sozialen batasuna eskatzeko Macronen politika antisozial eta klimatiziden aurrean», Emma Tosini Biziko kidearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.