Makina-erremintaren azokak 39.000 bisitari izan ditu

Fabrikatzaileek beren azken teknologiak eta aurten martxan jarriko dituzten proiektuak aurkeztu dituzte Barakaldoko BECen. Antolatzaileak «pozik» azaldu dira emaitzarekin.

Makina-erremintaren biurtekoko pabiloietako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Makina-erremintaren biurtekoko pabiloietako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko martxoaren 6a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Makina handien burrunba, robot besoen mugimendu zehatzak eta pantaila digitalez beteriko standak. Giro horretan egin dute aste honetan makina-erremintaren 33. biurtekoa Barakaldoko BEC erakustazokan, Bizkaian. Fabrikazio aurreratuarekin lotutako enpresek bost egunez erakutsi dituzte beren azken teknologiak. Antolatzaileak «pozik» agertu dira azokaren emaitzarekin, eta nabarmendu dute «industria sektorearen erakusleiho nagusietako bat» bihurtu dela beste behin. 1.503 enpresak parte hartu dute, 34 herrialdetatik etorritakoak, eta 65 herrialdetako 39.000 bisitari inguru pasatu dira handik.

Edizio berezia izan da aurtengoa. Martxora aurreratu dute —lehen maiatz amaieran egiten zuten— eta, antolatzaileen arabera, erabaki egokia izan da, ekoizleek merkatuan dituzten makinez gain, aurten martxan jarriko dituzten proiektuak aurkezteko aukera izan dutelako. Parte hartzaileen artean, sei enpresa saritu ditu AFM makina-erremintaren klusterrak: Ibarmia, Intermaher, Lantek, Sicnova, Soraluce eta Zayer.

Txinaren itzal luzeak ere baldintzatu du aurtengo biurtekoa, oso denbora laburrean lehen mailako bezero izateari utzi eta lehiakide garrantzitsu bilakatu baita. Euskal enpresak ere nabaritzen hasiak dira horren eragina. Iaz, haien fakturazioa %5 apaldu zen oro har, eta eskari zorroa ahula dute oraindik ere, bereziki deformazioaren azpisektorean.

Komunikabideetara bidalitako oharrean, AFMk egunotan BECetik pasatu diren ordezkari instituzionalen zerrenda luze bat eman du. Han izan dira, besteak beste, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Mikel Torres lehendakariordea eta Lan eta Ekonomia sailburua, Mikel Jauregi Industria sailburua, eta Jordi Garcia Brustenga Espainiako Gobernuko Industriako estatu idazkaria. Eta alderdi politikoetako buruzagien artean, honako hauek: Aitor Esteban (EAJ), Arnaldo Otegi (EH Bildu) eta Alberto Nuñez Feijoo (PP).

Makina-erremintaren biurtekoaren hurrengo edizioa 2028ko martxoaren 6tik 10era egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA