Martxoan %21eko BEZa izango du argindarrak Hego Euskal Herrian

Otsailean energia berriztagarriek ekarpen handia egin dute, eta horrek asko merkatu du argindarra otsailean, eta Espainiako Gobernuak indarrean jarriko du zerga %21era itzultzeko klausula.

ARGINDAR KONTADOREA
Argindar kontagailu bat, artxiboko irudi batean. J.J.GUILLEN / EFE
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 27a
15:40
Entzun

Iazko abenduan, Espainiako Gobernuak energiaren gaineko zerga batzuk berreskuratu eta BEZa %5etik %10era igo zuenean, inor gutxi ohartu zen klausula bat sartu zuen dekretuan. Haren arabera, hilabete batean argindarraren megawatt-orduak (MWh) handizkako merkatuan 45 eurotik beherako prezioa badu, hurrengo hilean tasa arrunta ordainduko du argindarrak, hau da, %21ekoa.

Hori gertatuko da otsailean. Azken bi egunak baizik falta ez direla, hilabeteko batezbestekoa 41 euro da megawatt-orduarentzat. Preziorik apalena da 2021eko otsailaz geroztik (28,5 euro), eta iazko otsailekoa baino ia lau aldiz txikiagoa (132,7 euro).

Tarifa arautua dutenek ez dute asko nabarituko, handizkako merkatu horretako prezioa baita haien fakturaren zatirik handiena, baina bai, ordea, merkatu librean daudenek, haiek etekin txikia aterako baitiote otsaileko prezio txikiari.

Energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren markak

Energia berriztagarrien ekarpenak jaitsi du argindarraren prezioa. Hilabetea oraindik amaitu ez bada ere, energia eolikoak eta fotovoltaikoak jada hautsi dituzte otsailerako beren markak, hilabete haizetsua eta, aldi berean, eguzkitsua izan baita Iberiar penintsulan. Energia hidroelektrikoak bere ekarpena egin du, euriteak izan baitira hainbat eskualdetan.

Energia berriztagarrien kostua txikiagoa denez, ordu batzuetan argindarraren kostua zero izan da handizkako merkatuan. Bihar ere gertatuko da, 11:00etatik 17:00etara. Batez besteko prezioa, berriz, 9,35 euro izango da.

Martxoan MWh-ak 45 euro gaindituko balitu, berriro ere %10era igaroko litzateke. Hori izango da BEZ arrunta aurten, baina 2025eko urtarrilean %21era itzultzekoa da, maila horretakoa baitzen energiaren prezioa neurriz kanpo hazi zen arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.