«Uste dugu goizegi dela Mercosurreko akordioa sinatzeko», esan du gaur Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak herrialde horretako parlamentuan, eta, hala, zalantzak areagotu ditu, Europako Batasuna gai izango ote den Mercosurrekin merkataritza libreko ituna sinatzeko larunbat honetan Brasilen.
Italiak ituna orain sinatzearen kontrako jarrera hartzen badu gaur eta bihar egingo den Europar Kontseiluaren bileran, ituna blokeatzeko beharrezko baldintzak beteko dira —gutxienez lau herrialde izatea haren kontra, eta EBko biztanleriaren %35eko ordezkaritza izatea—. Izan ere, Frantziak, Poloniak, Irlandak, Austriak eta Hungariak jada adierazi dute ezezkoa emango diotela. Frantziak, zehazki, erabakia atzeratzeko eskatu zuen astelehenean, Italiarekin batera.
«Itxaron egin behar dugu», azaldu du gaur Melonik, «nekazaritza sektorea babesteko beste neurri batzuk zehazten diren arte, eta aldi berean, haiek azaltzeko eta gure nekazariekin eztabaidatzeko». Lehen ministroaren arabera, «horrek ez du esan nahi Italiak akordioa blokeatu nahi duenik edo haren kontra jarri nahi duenik: kontua da akordioa onartu nahi dugula soilik baldin eta gure nekazaritza sektorearentzako neurri egokiak biltzen baditu. Konfiantza osoa daukat datorren urtean baldintza horiek bete egingo direla».
Emmanuel Macronek ere hitz egin du Mercosurreko itunaz gaur. Frantziako presidenteak berretsi du «irmo» eutsiko diola bere kontrako jarrerari, EBko erakundeek, Batzordeak eta Kontseiluak ituna «inposatzen saiatzen badira».Â
Azken ordura arte
Espero daiteke, hala ere, azken ordura bitarte negoziatzen arituko direla gaur eta bihar Bruselan, Alemania eta Espainia itunaren defendatzaile handiak baitira. Beharbada, Italiak eta Frantziak kontzesioren bat lortuko dute ituna sinatzea ez oztopatzearen truke. Baina, bihar, nekazariak ere Bruselan izango dira protestan, besteak beste, itunaren kontra.
Hori bai, aldi berean, Melonik eta EBko beste agintariek kontuan hartu beharko dute EBren eta Mercosurren arteko ituna beste behin atzeratzeak —25 urte iraun dute negoziazioek— zenbateraino ahuldu dezakeen EBren egoera nazioarteko merkataritzan, gaur egun EB harrapatuta baitago Etxe Zuriaren nagusikeriaren eta Txinaren nagusitasunaren artean.