Mercadonako langileek «jazarpena» jasaten dutela salatzeko manifestazioa egin du ELAk Bilbon. Hamaiketan hasi da manifestazioa, Jesusen Bihotzean, eta San Mamesen amaitu dute. Amaierara heldu baino lehen, Mercadonako ate aurrean egin dute geldialdia, eta «Mercadona zapaltzailea, kaleratzerik ez» oihuak entzun dira enpresaren parean.
ELA sindikatuak dio Mercadonak «familia handiaren» irudia saldu nahi duela, baina, egiaz, «langileen kontrako erasoak eta praktika antisindikalistak» dituen enpresa bat dela. Hain zuzen ere, sindikatuen aurkako jardunagatik zigortu zuten azaroan, eta 3.550 euro ordaindu behar izan zizkion ELA sindikatuko ordezkari bati.
Sindikatuaren iritziz, langileek pairatzen dituzten presio eta erasoak «enpresaren jarrera estrategikoa» dira: «Argi esan dezakegu Mercadonak modu sistematikoan ematen dizkiola tratu txarrak bere langileei», adierazi dute ELAko kideek. «Osasuna galdu duten langileei jazartzen zaie Mercadona, eta alde eginarazteraino presio egiten die» gehitu dute.
Osasun eskubidearen urraketak izan dira sindikatuak gehien nabarmendu dituenak. Sektoreko beste kateetan ez bezala, Azaldu dutenez, Mercadonako langile gazteek «lesio fisiko larriak» dituzte, eta enpresaren zerbitzu medikuaren «kontrol zorrotzaren» bitartez «estaltzen» dituzte.«Mercadonak A eta B aurpegia ditu. A aurpegia soldata egonkorren aurpegia da, eta B aurpegia, gaur azaltzen ari garen eskubide urraketa guztiena», salatu du Arabako Mercadonako langile batek.
Osasunaren inguruko salaketak nabarmendu badira ere, lanorduak ere aipatu dituzte: «Ezartzen zaizkien lan erritmo eta txandak onartezinak dira, eta bateraezina da bizitza pertsonalarekin».
Gertaeren aurre egiteko asmoz, afiliatuak mobilizatzera animatu ditu sindikatuak. Herritarrei, berriz, Mercadonaren kontsumo «arduratsua» egiteko eskatu die, «langile klasearen eskubideak urratuz aberasten direnak ez laguntzeko».