Mercedesek arratsaldean eten du ekoizpena, langileen presioaren ondoren

Volkswagen, CAF, Michelin eta Irizar jada itxi dituzte. Petronorrek irekita jarraitzen du.

Ertzainak lantegitik irteten, langile batzordearen protestaren ondoren. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 16a
10:07
Entzun

Jarduera ekonomikoa ahal den neurrian mantentzeko erabakiak ez du bide luzea izango. Banan-banan ixten ari dira enpresak, argudiatuta ez dutela aukerarik beren langileen osasuna bermatzeko.

Gasteizen, Mercedeseko zuzendaritzak erabaki du lantegia 14:00etan ixtea, langile batzordearen presioen eraginez. Goizean, langile batzordeko kideek eserialdi bat egin dute muntaketa katea eteteko. Ertzaintzari eskatu diote enpresara joateko, ikus dezaten langile askok ezin dutela hartu metro eta erdiko distantzia elkarren artean eta lanean daudela, eta ez direla ari plantako leku komunak desinfektatzen, Igor Gebara (ELA) enpresa batzordeko presidenteak Efe agentziari azaldu dionaren arabera. Gaur goizean maskarak banatzen hasi dira lantegian, baina argibiderik eman gabe.

Goizeko lehen orduan hitz egin dute sindikatuek Emilio Titos zuzendariarekin, eta hark erantzun die Alemaniako zuzendaritzak besterik ezin duela hartu fabrika ixteko erabakia. Gasteizko lantegia Euskal Herri osoko handiena da —5.000 behargin ditu, eta beste hainbat harentzat lanean—.

Volkswagen Nafarroa izan zen lehenengoetakoa ixten. Atzo iluntzean erabaki zuen, gaueko txandarako nahiko langile ez zituelako. «Ezinezkoa da osasun agintariek ezarri dituzten neurri gero eta  zorrotzagoak betearaztea», esplikatu zuen enpresak, agiri baten bitartez. «Hurrengo jakinarazpenera arte» izango da itxita Landabengo planta, Nafarroako ekonomiaren zutabe nagusia. Lau mila langiletik gora enplegatzen ditu zuzenean, eta beste milaka batzuk zeharka.

Gaur eguerdian, berriz, zuzendaritzak ofizialki eskatu du langileen kontratuak aldi baterako etengo dituen erregulazio espediente bat. «Ezinbesteko arrazoiak» argudiatuta egin du, eta arazo sorta baten konbinazioaren ondorioz. «Batetik, langile eskasiak eragotzi egin du fabrikazio prozesua abian jartzea, eta, bestetik, ezin dugu bermatu langileen osasuna». Erregulazio eskaera onartu dute UGT, CCOO, ELA eta CCP sindikatuek —ordezkaritzaren %83 dute—, baina ez, ordea, LABek eta CGTk. 2018an sinatutako aldi baterako erregulazioan ezarritako baldintzak izango ditu oraingoak ere.

CAF eta Irizar

Gipuzkoako enpresarik handienean, CAFen, gutxienez astebete geratu dute produkzioa —ostegunean jai zuten, eta ostiralean, zubia—. Baina dagoeneko neurriak hartu dituzte egun gehiago geratzeko. LABek eta enpresako iturriek baieztatu dutenez, gaur bertan aldi baterako erregulazio espediente bat negoziatzen hasiko dira, eta martxoaren 23tik aurrera ezarriko dute. Ordura arte, soilik telelana egin dezaketenek egingo dute lan.

CAFek eta sindikatuek hitzartu dutenez, gaurtik asteazkenerako soldataren zati bat jasoko dute langileek, eta gainontzekoa aurrerago ordainduko diete, orain galduko dituzten lanorduak berreskuratzeko aukera dutenean.

Antzeko neurri batzuk hartu ditu Irizar kooperatibak. Ormaiztegiko eta Adunako autobus lantegiak «geldialdi teknikoan» daude gaurtik hasita eta asteazkenera arte. Tarte horretan neurtu nahi dute zer estrategia har ditzaketen lanari eusteko «osasun arriskuak ahalik eta gehiena txikituta».  Edonola ere, Irizarrek «gutxieneko zerbitzu derrigorrezkoak» agindu ditu.

Michelin, zortzi egunez

Michelinek ere erabaki du Gasteizko eta Lasarte-Oriako fabriketako ateak ixtea, gutxienez zortzi egunez. Espainiako, Frantziako eta Italiako beste lantegiak ere zarratuak ditu.

Enpresak onartu du Gasteizko lantegian koronabirus kasuak gertatu direla.

Langileen osasuna zaintzeko neurri bat dela azaldu du Michelinek, baina onartu egin du sindikatuen presioak ere zeresana izan duela. Joan den ostiralean eskatu zuten Gasteizkoek lantegia ixteko, segurtasun neurriak bermatzen ez zirelako. Sindikatuek argudiatu zuten eskuak garbitzeko xaboia eta alkohola falta zitzaiela eta ezinezkoa zela metro bateko distantzia hartzea. Koronabirus kasu batzuk azaldu dira lantegian.

Petronorren, lanean

Ekoizpenari eusten dio, berriz, Petronorrek. Enpresako iturriek azaldu dute Muskizko findegian «ohiko» ekoizpenari eusten diola.

Joan den astean, Petronorrek indarrean jarri zuen ekoizpena beste modu batera antolatzeko plana. 150 langile etxera bidali zituen, handik lan egin zezaten, eta Muskizen geratzen direnen osasuna bermatzeko neurriak hartu dituela ziurtatu du. Jantokia itxi du, langileen ordutegiak aldatu ditu, eta aldageletan eta beste leku batzuetan langileak ez pilatzeko neurriak hartu ditu.

Irekita dago Araba hegoaldeko enpresarik handiena ere, Aernnova, Berantevillan. Enpresa batzordeak salatu du zuzendaritzak ez duela fabrika itxi, eta hango 450 langileak «elkarren kontaktuan» daudela, «erremintak, espazio bat eta oxigenoa» partekatzen. Batzordeak azaldu du artean ez dagoela COVID-19 kasurik langileen artean, baina ohartarazi dute langile gehienak Gasteizen bizi direla, eta autoz joaten direla lanera. Autoak partekatzeari utzi diotenez, trafikoak gora egin du, eta horrek istripu bat izateko arriskua areagotzen duela ohartarazi dute.

Euskal Herritik kanpo ere ari dira lantegiak ixten. Azkenetakoa izan da PSA, Peugeot, Citroen eta Opel marken egilea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.