Mercedeseko langileek 38 gradurainoko tenperaturan lan egiten dutela salatu dute ELA, LAB eta ESKk

Sindikatuek hainbat salaketa aurkeztu dituzte Lan Ikuskaritzan, ekoizpena eteteko eskaera barne, eta langileen osasuna bermatuko duen protokolo garden bat eskatu dute.

Elkarretaratzea egin dute gaur Mercedes lantegiaren atarian, ELA, LAB eta ESKk deituta. BERRIA
Elkarretaratzea egin dute gaur Mercedes lantegiaren atarian, ELA, LAB eta ESKk deituta. BERRIA
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko uztailaren 23a
14:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko hainbat pabiloitan 38 gradurainoko tenperaturetan ari dira lanean langileak, eta bero estresaren indizeak prebentzio araudiak ezartzen duen muga gainditu du hainbatetan. ELA, LAB eta ESK sindikatuek jakinarazi dutenez, egoerarik larrienak erdi eta amaierako muntaketa ataletan eta pintura gunean ari dira gertatzen. Lantegiaren pabiloi zaharretan daude gune horiek, eta han milaka langilek egiten dute lan «isolamendu oso eskasa» duten eraikinetan, atseden hartzeko gune klimatizaturik gabe, hiru sindikatuen arabera.

Sindikatuen arabera, bastidoreak muntatzen diren eremuan 38 graduko tenperaturak neurtu dituzte, eta bero estresaren indizea 29,5era iritsi da —araudiak 29ko indizea ezarria du muga—. Gainera, salatu dute bero boladak eta alerta laranja edo gorriak aurrez iragarrita egon arren enpresak ez dituela prebentzio neurriak aldez aurretik prestatzen, eta egunean bertan hasten dela tenperaturak neurtzen lantegi osoan neurgailu bakar batekin.

Langileen esanetan, ez dago gorputza hozteko moduko atseden gune klimatizaturik, eta hartutako neurriak «oso eskasak» dira: zenbait tokitan haizagailuak jarri dituzte, eta egunean lau minutuko bina hidratazio etenaldi baino ez dituzte egiten.

Hala ere, sindikatuen ustez, neurri horiek ez dira nahikoa, langileek atsedenaldietan ere bero handia izaten dutelako eta ezin dutelako gorputzaren tenperatura jaitsi. Era berean, eskatu dute gauez nabeak hozteko sistemak erabiltzea, ur freskoa eskuragarri jartzea, eta bero estresaren arabera araudiak ezartzen dituen etenaldiak «zorrotz» aplikatzea.

Egoeraren ondorioak jada nabariak direla salatu dute. Azken asteetako bero boladetan hainbat langilek konortea galdu dutela azaldu dute, eta kasu batean Osakidetzako anbulantzia batek bertaratu behar izan zuela. Sindikatuen arabera, enpresako prebentzio zerbitzuak gertakari horiek ezkutatzen saiatu dira, eta ez die lan arriskuen prebentzioko ordezkariei informaziorik eman nahi izan.

Hori ikusita, hiru sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur lantegiaren atarian, enpresaren jarrera publikoki salatzeko. Adierazi dutenez, Mercedesek ez dauka tenperatura beroetarako jarduera protokolorik, ezta alertak indarrean daudenerako ere. Gogorarazi dutenez, enpresa batzordeak 2024an protokolo bat negoziatzeko proposamena aurkeztu zion zuzendaritzari, baina hark uko egin zion negoziatzeari. Ordutik, diotenez, enpresak ez du urratsik egin.

Sindikatuek salatu dute enpresak «lan arin» gisa sailkatzen dituela lantegiko lanpostu guztiak, benetako lan baldintzak kontuan hartu gabe. Horregatik, Lan Ikuskaritzan beste salaketa bat ere aurkeztu dute lanpostu guztiei «metabolismo kontsumo bera» egokitzen dien irizpidearen aurka. Azaldu dutenez, ikuskaritzak jada ohartarazi dio enpresari beste azterketa bat egin behar duela, lanpostuen arteko desberdintasunak ebaluatzeko.

Araudia ez da betetzen

Azken asteotan, Lan Ikuskaritzan beste salaketa batzuk aurkeztu dituzte, tartean ekoizpena gelditzeko eskaera bat. Hala ere, salatu dute oraindik ez dutela erantzunik jaso. «Alerta gorria eta laranja izan den asteetan, jendea zorabiatzen eta konortea galtzen ikusi dugu, baina ikuskaritzak oraingoz ez du agindurik eman jarduera eteteko edo neurri zorrotzagoak hartzeko», adierazi du Juan Hernandez ESKko lan arriskuen prebentziorako arduradunak.

Hernandezek kritikatu duenez, gaur egun ez dago irizpide bateraturik bero dagoenean jarduteko, eta sektore bakoitzeko arduradunak erabakitzen du noiz eta zenbat denboraz eten behar den lana. Horrek, haren ustez, segurtasun falta eta arbitrariotasuna eragiten ditu. «Langileek jakin beharra dute zer tenperaturatan geldituko den lana eta zenbat atsedenaldi izango dituzten; ezin da egon arduradun bakoitzaren borondatearen menpe».

«Alerta gorria eta laranja izan den asteetan, jendea zorabiatzen eta konortea galtzen ikusi dugu, baina ikuskaritzak oraingoz ez du agindurik eman jarduera eteteko edo neurri zorrotzagoak hartzeko»

JUAN HERNANDEZESK 

Francisco Antonio Ariza ELAko ordezkariak ere salatu du araudia ez dela betetzen. Haren esanetan, azken alerta gorrian muntaketa gordinean sei minutuko etenaldia baino ez zuten egin, nahiz eta bero estresaren indizearen arabera orduko hamasei minutuko atsedenaldia zegokien. Beste egun batzuetan, berriz, behar baino gehiago eten dute lana, baina inolako irizpide argirik gabe. «Protokolo garden bat behar da, langile guztiek jakin dezaten zer gertatuko den alerta maila bakoitzean».

Sindikatuek nabarmendu dute beste automobilgintza enpresa batzuek dagoeneko badituztela tenperatura altuetarako protokoloak —Volkswagenen eta Renaulten, besteak beste—, eta Mercedesi gauza bera egiteko eskatu diote. Horrenbestez, galdegin diote ekin diezaiola 2024an aurkeztutako proposamena negoziatzeari, eta langileen osasuna bermatuko duen protokolo argi eta lotesle bat adostu dezala.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA