Globalizazioak joko arau berriak ditu. Ostiral honetan bere desioa bete du Donald Trump AEBetako presidenteak, eta nazioarteko merkataritza ulertzeko bere ikuskera inposatu du. Akabo. Argitara eman du AEBekin harreman komertziala duen herrialde bakoitzari zer muga zerga jarriko dion, eta noiz sartuko dituen indarrean —abuztuaren 7an, osteguna—, negoziazioak zabalik dituen herrialde batzuetan salbu.
Emandako hitza bete du: %10 eta %50 arteko zerga mugak jarri dizkie berrehundik gora herrialderi. Trump agintera itzuli aurretik %2,4koak ziren batez beste. Bigarren Mundu Gerraren aurreko urteetara egin behar da atzera: orduan AEBek %24ko muga zergak jarri zituzten. Oraingoa jauzi izugarria da, eta ondorioak ezin dira aurreikusi.
1
Noiz sartuko dira indarrean muga zerga berriak?
Berez ostiral honetan ziren indarrean sartzekoak, baina azkenean abuztuaren 7ra atzeratu du Trumpek. Ez du azalpenik eman horri buruz. Arrazoi burokratikoak argudiatu dituzte Etxe Zuriko iturriek. Trumpek apirilaren 2an aurkeztu zituen muga zerga berriak 60 herrialderentzat, eta %10eko tarifa orokor bat beste guztientzat. Denei uztailaren 9ra arteko epea eman zien negoziatzeko. Gero, epe hori uztailaren 31 arte luzatu zuen. Denbora horretan bederatzi akordio baino ez ditu lortu, eta horietako batzuetan, denetan ez bada, zehaztasun ugari falta dira.
2
Azken orduko erabakirik egon al da?
Bai. Azken erabakia ostegun gauean jakinarazi zuen: AEBekin negoziatu ez duten edo horretarako astirik izan ez duten 70 herrialderi muga zerga berriak jarri dizkie. Batzuek apirilaren 2an ezarritako ehuneko bera izango dute —adibidez, Errusiak, %10ekoa—, eta gutxi batzuek, txikiagoa. Dekretuak beste nobedade bat ere badakar, Txinari kalte egiteko bereziki pentsatua: beste herrialde batzuetan geldialdia egiten duten Txinako ondasunek %40ko muga zerga izango dute.
3
Zeinekin egin du akordioa?
Europako Batasunarekin eta zazpi herrialderekin: Erresuma Batua (%10), Vietnam (%20), Japonia (%15), Filipinak (%19), Indonesia (%19), Hego Korea (%15) eta Pakistan (ez dute muga zergarik zehaztu). Beste batzuekin negoziazio epea luzatzea erabaki dute AEBek, hain zuzen ere merkataritza harremanik handiena duten herrialdeekin: Txinarekin, Kanadarekin eta Mexikorekin; azken bi horiei dagokienez, apirilean 2an ezarritako muga zergei eutsiko diete.
4
Zer adostu du EBrekin?
Aurreko igandean egin zuten akordioa. Europako produktuek %15eko muga zerga orokorra jasoko dute AEBetan. Trumpek apirilean iragarritako %20a baino gutxiago da hori, eta duela aste batzuk mehatxu gisa aipatutakoaren (%30) erdia. Baina Trump gobernura iritsi aurretik zegoena baino nabarmen handiagoa: lehen %4,7koa zen batez beste. Salbuespen batzuk egongo dira: hegazkinak, kimikoak, produktu farmazeutikoak eta erdieroaleak, besteak beste. Zerrenda hori luzatzeko negoziatzen ari da Brusela. Autoei dagokienez, %27,5eko muga zerga %15era jaitsi dute. Horrez gain, Bruselak bi konpromiso hartu ditu: datozen hiru urteetan 638.000 milioi euroren erosketak egitea AEBei energiaren arloan, eta gastu militarra handitzea. Ikusteko dago hori guztia nola gauzatuko den. Akordioa ez da estatu kide gehienen gustukoa izan; Frantziak egin ditu kritikarik gogorrenak.
5
Zer gertatu da Mexikorekin eta Kanadarekin?
Negoziazioak luzatzea erabaki du Etxe Zuriak. Bi herrialde horiek eta AEBek merkataritza librerako akordio bat dute produktu batzuetan. Hortik kanpokoentzat, Trumpek %25eko zerga orokor bat jarri dio Mexikori, eta %35ekoa Kanadari. Mexikorena ez handitzea erabaki zuen ostegun eguerdian, Claudia Sheinbaum presidentearekin hitz egin ondoren. 90 egun gehiago eman dizkiote elkarri, akordio batera heltzeko. Kanadari dagokionez, Trumpek muga zergak handitzeko mehatxua egin dio egunotan, Ottawak Nazio Batuen Erakundean Palestinako estatua aitortuko duela adierazi ondoren.
6
Nork izango du muga zergarik handiena?
Brasilek. Apirilaren 2an ez zuen zigorrik jaso, %10eko muga zerga orokorra jarri zion Trumpek, baina orain horri beste %40 gehitu dio, haren aliatu den Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren aurka abiatu duten epaiketa dela eta. Muga zerga handiak izango dituzte, halaber, Siriak (%41), Myanmarrek (%40), Laosek (%40) eta Irakek (%35). Suitzari beste zazpi puntu igo dizkio, %39raino, baina oraindik negoziatzen ari dira. Apirilaren 2ko zerrendan Lesotho azaltzen zen lehen postuan —%50eko muga zerga—; %15era murriztu du orain. Izan ere, Afrika hegoaldeko herrialde horretan egiten dituzte AEBetako marka enblematiko batzuetako galtza bakeroak, Levis etxearenak, esaterako. Eta industria horren presio handiak jaso ditu Trumpek.
7
Zertan dira Txinarekin dituen negoziazioak?
Apirilaren 2an Txinak jaso zuen zigorrik handiena AEBen partetik, baina Pekinek txanpon bera erabiliz erantzun zuen. Handik gutxira, bi aldeek su eten bat sinatu zuten, eta, horren bidez, AEBek Txinako produktuei ezarritako muga zergak %145etik %30era jaitsi zituen, eta Txinak, berriz, AEBetako ondasunei jarritakoak %125etik %10era. Halaber, oinarrizko produktu batzuen esportazioei ezarritako debekuak altxa zituzten; adibidez, lur arraroenak eta erdieroaleenak. Trumpek epe bat jarri zuen akordioa lortzeko: abuztuaren 12a. Bilerak egin dituzte Genevan, Londresen eta, aste honetan, Stockholmen; azkenengo horretan, zabalik utzi dute epea luzatzeko aukera.
8
Zer gertatu da beste muga zergekin?
Indarrean jarraituko dute. Altzairuari eta aluminioari %50eko muga zerga jarri die Trumpek, herrialde esportatzailea edozein izanda ere. Gauza bera egin du egunotan kobrezko produktuekin, Txilekoak salbuetsita. Trumpek berak 2018an ezarritakoa halako bi da hori. Joe Bidenek %25ari eutsi zion bere agintaldian, baina, esportazio kuota batzuen arabera, hori jaits zitekeen. AEBek eta EBk egindako akordioan «metalen aliantza bat» edo «kolaborazio estrategiko bat» sortzea adostu dute, bereziki Txinaren altzairu merkeari aurre egiteko. Horrekin lotuta, Bruselak uste du Europako altzairuaren %50eko muga zerga malgutuz joango dela Washington, kuoten bitartez.
9
Erabakia behin betikoa da?
Trumpekin ezin da halakorik ziurtatu. Soilik AEBetako sistema judizialak geldiaraz dezake. Herrialdeei jarritako muga zergei dagokienez, Apelazio Auzitegia ostegunean bildu zen. Maiatzaren 28an, AEBetako Nazioarteko Merkataritzarako Auzitegiak aho batez ebatzi zuen zerga horiek legez kanpokoak zirela, halako neurri batek AEBetako Kongresuaren babesa behar duela argudiatuta. Litekeena da auzia azkenean Gorte Goreneraino iristea, eta hor gehienak epaile kontserbadoreak dira. Autogintzari, altzairuari, aluminioari eta kobreari ezarritako zergak, berriz, ez dute inolako arazorik lege aldetik.
10
Zer ondorio izango ditu?
Muga zergen bidez Trumpek diru sarrerak handitu nahi ditu: apiriletik indarrean direnen bitartez, 87.000 milioi dolar bildu ditu urteko lehen seihilekoan, aurreko urtean baino %23 gehiago. Baina neurria estatubatuarren poltsikoetan ere nabarituko da: inflazioa apur bat igo da, %2,7raino, eta AEBetako zenbait ekonomialarik estagflazioaren mamua zabaltzen hasi dira: hazkunde ekonomiko apala eta prezioen gorakada.
Euskal Herrian oraindik goiz da jakiteko nola eragingo duen. Joseba Madariaga Laboral Kutxako azterketen egilearen hipotesi nagusia da euskal enpresek igoeraren %85 ordainaraziko dietela AEBetako bezeroei, eta, hortaz, enpresek jasoko luketen kaltea 261 milioi eurokoa izango litzatekeela urtebetean. Makina-erremintaren, metalaren eta autogintzaren sektoreek nabarituko dute gehien.