Laboral Kutxako ikerketa batzordeko zuzendaria

Joseba Madariaga: «Irudipena dut Europa ahul geratu dela»

Erresuma Batuaren eta Txinaren aldean, Europako Batasunak kontzesioak egin dituela uste du Madariagak. Hego Euskal Herriko sektoreen artean kaltetuena ekipo ondasunak dira.

Joseba Madariaga, Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Joseba Madariaga, Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2025eko uztailaren 28a
16:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Akordioaren letra txikiaren berri jakin zain, zuhur baina argi mintzatu da Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria (Bilbo, 1964). 

Zer balorazio egiten duzu akordioaren inguruan?

Europatik gaitz erdi esan nahi digute. Alegia, ez dela garaipen bat, baina ez dagoela hain gaizki. Ziurgabetasuna kendu dugu gainetik eta ez gara %30era ailegatu, Donald Trumpek mehatxu hori egin baitzigun. Nik, hasteko, diferentzia handia ikusten dut negoziatzeko moduetan, Europako Batasunaren, Erresuma Batuaren eta Txinaren artean.

Txinak oso bestela jokatu du?

Bai. Txinak gogor jokatu du partida. Presioari aurre egin dio, eta ez du amore eman. Hasteko, muga zerga simetrikoak ezarri zituzten, esportazioei murrizketak ezarri..., eta, ondorioz, elkarren arteko muga zergak gorantz egin zuten ziztu bizian.

Eta Erresuma Batuak?

Sektoreka negoziatu zuen. Automobilei %10era murriztu zien muga zerga, sektore aeroespazialari tarifa kendu egin zaio, eta ez dira erosteko konpromisoak ezarri, hemen egin den bezala.

Nola geratu da Europako Batasuna?

Europan, berriz, %15ean geratu gara. Gainera, energia arloan 750.000 milioi dolar erosteko eta 600.000 milioi euroko inbertsio zuzena egiteko konpromisoa hitzartu da. Beste tokietan ez da halako kontzesiorik egin. Europako Batasunak ez du aurrez aurre negoziatu. Talka zuzena saihestu nahi izan du, eta ziurrenik pentsatu dugu denbora irabazi dugula. Irudipena dut Europa ahul geratu dela.

%15 horrek zer eragin izango du euskal enpresetan?

Enpresek arazoak izango dituzte. Normalena da prezioa jaistea, kontsumitzaile estatubatuarrari ez diezaion %15eko igoerak horrenbeste eragin, arriskua baitago enpresa horien produktuek lehiakor izateari uzteko. Egoera horri erantzuteko enpresek berehalakoan duten aukera bakarra zera da: prezioa jaistea eta negozio marjina zerbait galtzea. 

Enpresa bakoitzaren erabakia da hori.

Bai, eta produktuaren araberakoa da. Bezeroak produktu hori beste toki batean topa badezake, jaitsiera are handiagoa izango da; kontrara, produktua bereziagoa bada eta beste tokietan aurkitzeko zaila, akaso ez duzu prezioa jaitsi beharrik ere. Enpresa bakoitzaren estrategia da.

Eta zein da euskal enpresen egoera?

Hemen elastikotasun maila neurtu behar da; prezioak igoz gero zenbat jaisten den eskaria, alegia. Izan ere, oinarrizko produktu bat saltzen baduzu —arropa, kasurako—, prezioak igotzeak ondorio handia du. Zergatik? Zuri erosteari utzi eta beste bati erosiko diotelako, produktu hori enpresa askok saltzen baitute. Aitzitik, produktua konplexuagoa bada, eskaria ez da horrenbeste jaitsiko prezioa igo arren. Gure enpresen salgaiei dagokienez, oro har garestitzeak eskariari eragingo dio, baina ez oinarrizko produktuetan adina.

Oro har, zer-nolako eragina du?

Orientazio gisa, Hego Euskal Herriko enpresen elastikotasuna batez beste batekoa (1) da, apur bat handixeagoa —hots, produktua %1 garestituta, %1 galtzen da eskaria—. Horrek esan nahi du prezioa %15 igotzen baduzu, esportazioak %15 jaisten direla. Inpaktua ez da hondamendia. Okerrena ziurgabetasuna da, enpresek ez jakitea zein diren joko arauak. Orain badakite zein diren arauak. Behin akordioaren letra txikia jakiten denean, kaltetutako enpresa bakoitzak luzera begira azter dezake zer gehiago egin dezakeen, prezioa jaisteaz harago: hornidura kateak berrikusi, beste merkatu batzuk bilatu...

Zer sektoreri eragingo dio gehien?

EAEn, makina eta ekipo ondasunen elastikotasuna batezbestekoa baino handiagoa da (1,5-1,6), lehia mundu mailakoa delako, eta baliteke muga zergen kaltea handiagoa izatea haientzat. Esportazioen zati handi bat hartzen du. Farmazian eta gai kimikoetan, elastikotasuna apalagoa da (1-1,1), araudien eta ziurtagirien eraginak mugatu egiten baitu ordezkoak bilatzea. Gailu elektrikoen sektorean, tarteko zerbait (1,3-1,4), produktua oso espezializatua izan arren mundu mailako lehia du eta. Metalurgian eta tutuen sektorean, irudipena dut elastikotasuna askoz ere apalagoa dela (1etik beherakoa), baina haien arazoa da sektorearen muga zerga %50ekoa izango ote den.

Eta Nafarroan?

Ez da hainbeste esportatzen eta BPGarekiko kaltea apalagoa da. Autogintzaren elastikotasuna handia da (1,2), baina gutxi esportatzen da. Makineria industrian, eragina handia da (1,5-1,6), EAEkoaren parekoa. Olioari eta ardoari dagokienez, apalagoa (1etik beherakoa). Estatubatuarrek ez dute oliba oliorik, eta ez da lortzen erraza. Beste kontu bat izango da nekazaritza produktuei beste muga zerga bat ezartzen bazaie. Ardoaren sektorean oso kezkatuta zeuden horrekin. 

261

Muga zergen eragina zenbatekoa izango den, milioi eurotan. Duela lau aste Joseba Madariagak muga zergek euskal enpresetan izan zezaketen eraginari buruzko hipotesiak landu zituen. %15eko muga zerga adostu dela jakinda, datuak berrikusi ditu. Orientagarriak dira eta ez dute kontuan hartzen euroaren eta dolarraren truke tasa —dolarra merkatuz gero, are handiagoa litzateke—. Madariagaren arabera, hipotesi nagusia da euskal enpresek igoeraren %85 ordainaraziko dietela bezeroei, eta, hortaz, kaltea 261 milioi eurokoa litzateke urtebetean, eta 365 milioi eurokoa bi urtean. Aitzitik, igoeraren %100 ordainarazita, esportazioak urtebetean 308 milioi murriztuko lirateke — 431 milioi bi urtean—, eta igoeraren %70 ordainarazita, 215 milioi —302 milioi bi urtean—. Barne produktu gordinean, baliteke %0,19 eta %0,27 arteko kaltea izatea urtebetean, eta Nafarroan %0,12 eta %0,17 artekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.