Metal Groupek itxi egingo ditu Abadiñoko eta Legutioko lantegiak, eta datorren astean hasiko dira kaleratzeak negoziatzen

191 langile geratuko dira lanik gabe. Enpresak autogintzarako piezak ekoizten ditu, eta Volkswagenek utzi egin dio bezero izateari. Bertatik zetorren bi lantegien fakturazioaren %80.

Metal Groupen lantegietako bat. BERRIA
Metal Groupen lantegietako bat. BERRIA
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko otsailaren 6a
14:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenean itxi egingo ditu bi lantegiak. Metal Group Smelting & Precision taldeak Abadiñoko Lebario auzoko (Bizkaia) eta Legutioko (Araba) lantegiak itxiko ditu, eta hortaz, 191 langile geratuko dira lanik gabe. Eratu dute jada kaleratzeak negoziatzeko mahaia, eta sindikatuek, enpresako zuzendaritzak eta konkurtso administratzaileak asteartean egingo dute kaleratze horiek negoziatzeko lehen bilera.

Abenduaren erdialdean iragarri zuten Abadiñoko lantegia ixteko asmoa zutela —48 langile ditu—. Adierazi zuten Legutioko lantegian ere langile gehienen kaleratzea adostu zutela baina lantegia ez zutela guztiz itxiko: 135 langile ditu, eta 91 kaleratu nahi zituzten. Orduan, enpresak argudiatu zuen negoziazioetan ari zirela Volkswagenekin, beren bezero nagusiarekin, eta aukera zegoela Legutioko lantegia guztiz ez ixteko.

Baina huts egin zuten negoziazioek, eta, urtarrilaren erdialdean, adostutako enplegu erregulazioa atzera bota zuten. Goikoa Maestro ELAko ordezkariaren arabera —sindikatu horrek du gehiengoa Legutioko lantegian—, langileek uste zuten enpresarekin adostutakoa ez zela «bideragarria», enpresak ez zuela gaitasunik eta, hortaz, «ez zuela zentzurik». Beraz, konkurtsora aurkeztea planteatu dute bi lantegiek, azken aukera gisa.

Urteak daramatza Metal Groupek zailtasun handiak izaten. Enpresak automoziorako piezak ekoizten ditu, eta iaz ere hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. Ezin izan zion 50 milioi euroko zorrari aurre egin. Likidazio egoeran zegoela, Suitzako Meteorix funtsak erosi zuen enpresa uztailean, euro soil baten truke.

Hala ere, egoerak ez zuen hobera egin, okerrera baizik. ELAko ordezkariaren arabera, Meteorix funtsak enpresa erosi eta hilabetera, Volkswagenek bezero izateari utziko ziola iragarri zion zuzendaritzari, eta Metal Groupi erosten zizkion piezak Txinan erosiko zituela. Negoziazioetan ibili dira ordutik zuzendaritza eta VW, baina ez dute akordiorik lortu. Maestroren arabera, Abadiñoko eta Legutioko lantegien fakturazioaren %80 ekartzen zuen Alemaniako autogileak. 

CCOOko iturriek Europa Press berri agentziari aitortu diote zaila izango dela lantegien jarraipena bermatzeko erosle bat topatzea, batez ere eskari faltarengatik. «Sektore honetan eskariak ez dira ateratzen egun batetik bestera». CCOOk du gehiengoa Abadiñon.

Greba mugagabera

Egoera horretan, greba mugagabea hasi zuten Legutioko lantegiko langileek urtarrilaren 7an. Hala ere, hilaren erdialdean adierazi zuten hura bertan behera utziko zutela, hainbat eskari bete ahal izateko eta horrekin zenbait zor ordaintzeko. Harrezkeroztik ez dute adierazpenik egin.

Asteartean hasiko dira kaleratzeen baldintzei buruzko negoziazioak, eta horien zain daudela azaldu du Maestrok; izan ere, oraindik ez dute informazio garbirik jaso enpresaren partetik. Are gehiago, ELAko ordezkariak dio egoera ziurgabe honetan haiek ez dutela kanpora begirako diskurtsoa aldatu, eta aurreko enplegu erregulazioaren garaian zuten diskurtsoari eusten diotela: «Gure ustez, talde guztia inplikatu beharko litzateke prozesu honetan».

Legutiokoa eta Abadiñokoa ez dira Metal Group taldeak dituen lantegi bakarrak. Zazpi ditu guztira, guztiak Euskal Herrian, eta 315 langile. Guztira, urtean 50.000 tona ekoizteko ahalmena du taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.