Metaleko langileen kontrako epaiketan, Segurtasun Sailaren jarrera salatu dute

2022ko greba egunetan egindako mobilizazioen harira, deklaratzera deitu dituzte Bizkaiko metalgintzako sei langile. Sindikatuek kontzentrazioa egin dute, babesa emateko

Metalgintzako langileen aldeko kontzentrazioa, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako sei langile deklaratzera deitu dituzte, 2022ko greba egunetan egindako mobilizazioetan parte hartzeagatik. Atzo deklaratu zuen lehenengoak, Bilboko Epaitegian. Beste bostek hurrengo egunetan deklaratuko dute: bihar, Barakaldon; eta, urtarrilaren 18an, Durangon. Besteak beste, agintarien aurkako atentatua eta desordena publikoa egotzi diete. Babesa adierazi nahian, epaitegi aurrean kontzentrazioa antolatu zuten atzo CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek. «Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari argi utzi nahi diogu jazarpen bide hau ez dela egokia; gaur deklaratzera bertaratu den pertsona langilea, grebalaria eta borrokalaria da, baina inola ere ez gaizkilea», adierazi zuen Unai Orbegozo CCOOko kideak.

Joan den urteko azaroan beste langile batek deklaratu zuen. Guztira, beraz, zazpi dira epaitegietara deitu dituzten langileak. «Isunak ailegatzen hasi dira, eta badakigu gehiago helduko direla», esan zuen Iratxe Azkue LABeko kideak; 150 eta 900 eurobitarteko isunak dira. Azkueren hitzetan, Ertzaintzaren «inpunitatearen» atzean «erabaki politiko» bat dago. Salaketa eta isun guztiak bertan behera uztea eskatu zuen. Segurtasun Sailaren aurkako salaketan, bat egin zuen Jose Maria Rojo UGTko kideak: «Mobilizazioak Bizkaiko metalaren sektoreko langile guztien baldintzak hobetzeko egin dituzte, eta langileek jaso duten erantzuna atxiloketak izan dira». Babes mezua helarazi zien Rojok langileei.

Bitartekaritza eskaera

Orbegozok patronalari egotzi zion negoziazioan aurrerapenik ez egotea: «FVEM da blokeoa egiten ari dena». Aurrera egin nahian, sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari bitartekari lana egiteko eskatu diote. Izan ere, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak 56.000 langileri eragiten die. «Idoia Mendiak parlamentuan esan zuen Enplegu Saila hor zegoela bitartekaritza lanetarako», gogoratu zuen Azkuek. «Eusko Jaurlaritzaren eginkizuna da negoziazioa ahalbidetzea, eta ardura hori ere badu». Negoziazioek aurrera egiten ez badute, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuen Orbegozok.

Bere aldetik, beste sindikatuek egin duten bitartekaritza eskaerari erantzun dio ELAk. Haien iritziz, hitzarmen berria Negoziazio Mahai ofizialean hitzartu behar da. Eusko Jaurlaritzari eta sindikatuei «gardentasuna» eskatu diete, eta mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute. Bihar FVEMen egoitzaren aurrean elkartuko dira, 11:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.