Enpresak

Michelin eta Sidenor hilaren 14an itzuliko dira lanera

Volkswagen, berriz, hilaren 20an itzultzea aztertzen ari da. Espainiako Gobernuak ez du asmorik funtsezkoak ez diren jardueren etenaldia luzatzeko.

Gasteizko Michelin, itxi bezperan. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 6a
11:50
Entzun

Aste Santuaren amaieran, jarduera ekonomikoak berriro gora egingo du. Azken astean itxita egon diren fabrika batzuek jada iragarri dute oporren ostean produkzioari ekingo diotela.

Michelinek gaur goizean jakinarazi du datorren asteartean zabalduko dituela berriro Euskal Herrian dituen bi lantegiak, Gasteizkoa eta Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoan). Aste honetan hasiko da mugimendua lantegi horietan, mantentze lan batzuk derrigorrezkoak dira-eta fabrikak berriro martxan jarri ahal izateko. Egun bat lehenago hasiko dira lanean Valladoliden eta Aranda de Dueron (Espainia), astelehena ez baita jai Gaztela eta Leonen.

Agiri baten bidez, Michelinek ziurtatu du ezin duela denbora gehiago itxita egon, bere lantegiak «oinarrizko euskarria» direlako oinarrizko zenbait jardueratarako. Horrela, haren pneumatikoak erabiltzen dituzte, besteak beste, traktoreek, anbulantziek, suhiltzaileek eta kamioiek. Kasu batzuetan hornitzaile bakarrak direla gaineratu du.

Michelinek nabarmendu du beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuko dituela bere langileen segurtasuna bermatzeko. «Osasun agintariek zehazten dutena baino gehiago» egiteko prest azaldu da.

Espainiako Michelinen 7.500 langileak aldi baterako erregulazioan daude martxoaren erdialdetik. Horietatik 3.300 Gasteizen daude, eta beste 500, Lasarte-Orian. Beste ehunka batzuk ari dira haientzat lanean, azpikontratazioen bitartez.

Sidenor ere bai

Sidenorrek ere hilaren 14an zabalduko ditu bere fabrikak (Basauri, Gasteiz eta Azkoitia). Martxoaren 30ean itxi zituen, Espainiako Gobernuak iragarri ondoren derrigorrezkoak ez diren jarduerek geratu egin behar zutela. Langileak baimen ordainduarekin ari dira, eta urtean zehar berreskuratu beharko dituzte azken egunotan lan egin ez dituzten orduak. «Ahalik eta lasterren jarriko da zuzendaritza harremanetan sindikatuetako ordezkariekin, berreskuratzea nola egin behar den zehazteko».

Batez ere autogintzarako egiten du lan Sidenorrek, eta espero du apirilean berriro jarduerara itzultzea sektore hori, praktikoki geratuta baitago Europa osoan.

VW, 20ra arte ez

Iruñeko Volkswagenek, berriz, ez du asmorik hurrengo astean zabaltzeko. Agiri baten bitartez, zuzendaritzak iragarri du jarduerari hilaren 20an ekiteko aukera aztertzen ari dela, «modu progresiboan» betiere. Enpresak esan du langileen osasuna duela lehentasuna, eta lanean ari dela langileek babesteko jantzi eta tresna guztiak izan ditzaten. Hasi da sindikatuekin biltzen, jarduerara itzultzeko epeak negoziatzeko.  

Euskal Herriko lantegi handien artean, Iruñeko VW lehenengoetariko bat izan zen ekoizpena geratzen: martxoaren 15ean eten zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.