Michelinek dio oraindik 105 langile sobera dituela Gasteizen

Multinazionalak 150 langile kaleratu nahi zituen, baina soilik 45ek onartu dute enpresa uzteko proposamena. Zuzendaritzak ez du argitu lantaldea txikitzeko asmoari eusten dion.

MICHELIN GASTEIZ
Michelineko langile bat, pneumatiko erraldoi bat aztertzen, artxiboko irudi batean. MICHELIN
aitor biain
2024ko urtarrilaren 26a
17:20
Entzun

Lantaldea txikitzeko Michelinen planak ez du esperotako emaitza izan. Frantziako multinazionalak esan zuen Gasteizko lantegian 150 langile sobera zituela, haientzako lanik ez zuela argudiatuta, eta sindikatuei proposatu zien neurri «ez-traumatikoen» bidez txikitzea lantaldea, errelebo kontratuen eta adostutako kaleratzeen bidez. Urtarrilaren 15erako epea eman zien langileei, enpresa uzteko boluntario gisa aurkezteko. Epea igarota, baina, soilik 45ek onartu dute proposamena.

Hala azaldu die enpresako ordezkariek sindikatuei gaur egindako bileran. Zehazki, 22 langilek onartu dute enpresa uzteko zuzendaritzaren proposamena; hamabi langilek multinazionalaren beste lantegi batzuetara lekualdatzea eskatu dute, eta beste hamaika errelebo kontratua izatera igaro dira. Michelinentzat ez da aski, ordea, eta ohartarazi du ekoizpenari erantzuteko behar baino langile gehiago dituela Arabako hiriburuko fabrikan: 105 langilerentzat lanik ez duela adierazi du.

Enpresak ez du adierazi zein neurri hartuko duen aurrerantzean, eta ez dago argi lantaldea txikitzeko nahiari eusten ote dion. Izan ere, zuzendaritzak sindikatuekin itundu zuen sei hilabeteko epean ez zuela langilerik kaleratuko ekoizpen arrazoiengatik. Baina Europako autogintza ez dago bere onenean, eta horren eragina antzematen hasiak dira enpresa asko beren ekoizpen prozesuan: eskariak txikitzen hasi zaizkie.

Sindikatuek ez dute kezka ezkutatu, eta kaleratzeak behar bezalako kalte ordainekin sustatu ez izana gaitzetsi dute. Izan ere, lantaldea txikitzeko hiru aukera proposatu zien zuzendaritzak sindikatuei: errelebo kontratua zen lehena; 1962an jaiotakoei erretiroa hartu arte %20ko lanaldia egiteko aukera eskaini zien. Multinazionalaren beste fabrika batzuetara lekualdatzeko aukera zen bigarrena, ikusten baitzuen Espainiako eta Portugalgo zenbait fabrikatan lantaldea handitzeko aukera bazuela. Eta adostutako kaleratzeena zen hirugarrena. Lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko soldata eskaini zien Michelinek aukera hori hartzen zutenei.

Ekoizpena mugatuko du

Lantaldearekin zer egin argitu artean, salmenta jaitsierari aurre egiteko neurri gehiago ere iragarri dizkie enpresako ordezkariek sindikatuei. Batetik, gurpil erraldoien ekoizpena txikitu egingo du: 350 tona gutxiago ekoitziko ditu, eta, ondorioz, iragarri du 21 txanda bertan behera utziko dituela. Eta, bestetik, metalaren eta kableen fabrikazioa ere mugatu egingo du, eta alor horietako zenbait lan txanda etengo ditu: bost metalean eta hiru kableen fabrikazioan. 700 langileri eragingo die neurriak. Otsailaren 9, 10, 11, 16, 17, 18, 23 eta 25ean etengo dituzte lan txanda horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.