Autogileei ez ezik, autoentzat eta beste ibilgailuentzat osagaiak egiten dituzten industriei ere eragiten die Txinako konpainien lehiak. Kaltetuen artean dago Michelin, ikusten ari baita Txinan egindako pneumatiko merkeagoek merkatua kentzen diotela, baita Europan ere. Gauzak horrela, oharra egin du Cesar Moñux Espainiako eta Portugalgo Michelineko presidenteak: «Lantegi bakar batek ez du bermaturik hamar urte barru lanean segituko duenik».
Frantziako autogileen salmentak %4,4 gutxitu ziren iaz, eta %20 azken lau urteetan, eta ekoizpena gutxituz eta lantegiak itxiz erantzun du enpresak. Iaz lantegi bat itxi zuen Choleten (Frantzia) eta beste bat Gweneden (Vannes, Bretainia), eta 1.300 langile utzi zituen lanik gabe. Aurten, berriz, iragarri du 2028rako itxiko duela Tuscaloosako planta (Alabama, AEBak) eta bulegoetako 1.500 langile kaleratuko dituela.
Michelin Euskal Herriko autoen osagaien arloko enpresa handienen artean dago, 3.300 langile baititu Gasteizen eta beste 500 Lasarten (Gipuzkoa). Lehenengoan ibilgailu industrial handietarako pneumatikoak egiten dituzte, baina baita auto arruntentzat ere; bigarrenean, berriz, motorrentzako pneumatikoak.

Hain zuzen, Gasteizen mintzatu da Moñux, Foro Capitalen. Han, goretsi egin du Arabako hiriburuko lantegia, haren esanetan «munduko hiru onenen artean» dagoelako. Baina, aldi berean, lantegiari eustea «erronka bat» dela ziurtatu du. Are gehiago, adierazi du ezin duela bermatu bere menpeko lantegi guztiak irekita egongo direnik hamar urte baino gehiago. «Oso gogorra da horrela esatea, baina hori esaten digu patroiak bisitan datorrenean». Aranda de Dueron eta Valladoliden ere (Gaztela, Espainia) plantak ditu Michelinek.
Absentismoaz kexu
Lantegien geroa ziurtatzerik ez duela onartu arren, Moñuxek dei egin die Michelinen lan egiten dutenei «arduraz» jokatzeko, «hurrengo belaunaldiak ere konpainian jarraitu ahal izan dezan».
Ardura hori zertan datzan ez du azaldu, baina uler daiteke «absentismoa» murriztea dagoela horien artean, esan baitu bere kontrolpeko lantegietan bikoiztu egin dela azken hamar urteetan. Aitortu du lanera joaten ez diren guztiek ez dutela «iruzur» egiten, eta langileen gaixotasunak eta baimenak ere badaudela kopuru horietan —kasu gehien-gehienak direla diote sindikatuek—, baina azpimarratu du gaiari «serio» heldu behar zaiola.