Merkatuak berri txar baterako prestatu ditu Stellantisek. Autogileak hilaren 26an aurkeztuko ditu 2025eko emaitzak, baina milaka milioiren galerak izango direla aurreratu du gaur haren buru Antonio Filosak. Izan ere, iragarri du 22.000 milioi euroren hornidurak egin dituztela, auto elektrikoetara egokitzeko egindako inbertsio asko ez direlako nahi bezala atera, AEBetan bereziki. Iragarpenaren ondoren, Stellantisen akzioak %25 jaitsi dira. Europako autogile handienetan bigarrena da Stellantis, Peugeot, Citroen, Opel, Fiat, Jeep eta beste marka askoren jabea.
Neurri handi batean, Carlos Tavares aurreko presidentearen eta haren taldearen bizkar jarri du Filosak enpresaren une txarra. Tavaresen agintaldian, Stellantisek auto elektrikoen aldeko apustua egin zuen, baina, aldi berean, bere modeloen prezioa igo zuen, bai Europan, baita AEBetan ere. Estrategia horrek balio izan zion aldi baterako —%12,8ko irabazi tartea lortu zuen 2023an—, baina, azken bi urteetan, agerian geratu dira haren mugak. 2024an 2.300 milioi euro galdu zituen, eta are okerrago zihoan aurten —2.600 milioi galdu zituen lehen erdian—, haren salmentak jaisten ari zirelako. Europako Batasunean, esaterako, %16,4tik %15,3ra jaitsi zen haren merkatu kuota, VW taldetik gero eta urrunago (%27,6).
Tavaresek 2024aren amaieran utzi zuen Stellantiseko buruzagitza, estrategiari buruzko desadostasunak zituelako akziodun nagusiekin, Peugeot eta Agnelli familiekin. Orduz gero, Filosarekin, modelo askoren prezioa jaitsi du taldeak, Renaultekin eta Txinatik iristen ari diren lehiakide berriekin lehiatu ahal izateko. Gainera, bere eskaintzaren elektrifikazioa moteldu du, eta lantegiak prestatu ditu bere autoak motor mota desberdinekin aurkezteko. Tavaresen helburua zen 2030erako Europan auto elektrikoak baizik ez saltzea.
Inbertsioak AEBetan
«Iragarri ditugun hornidurek, neurri handi batean, erakusten dute trantsizio energetikoaren erritmoa gaizki neurtu genuela, eta horrek erosle askoren beharretatik eta finantza aukeretatik urrundu gintuztela», azaldu du Filosak.
Estrategia aldaketak AEBetan izango du eraginik handiena, han seko geratu baita auto elektrikoen igoera, %10etik behera. EBn, berriz, %30 handitu zen iaz elektrikoen salmenta, eta merkatu kuota %17,4ra iritsi zen —eta hori halako bi da iparraldeko herrialdeetan—. Errealitate horri egokitzeko, AEBetan zenbait modelo elektriko kendu ditu, eta beste batzuk sortu aurretik eten. Gainera, AEBek ezarritako muga zergei aurre egiteko, udazkenean iragarri zuen 11.000 milioi euro inbertituko zituela errekuntza autoen ekoizpena handitzeko.