Uztailetik zegoen susmoa, eta orain berretsi egin dute: mingain urdinaren 3 serotipoa aldaera indarrean dago Araban, eta kasu bat atzeman dute Barrundiako ustiategi batean. Ardia txertaturik zegoen, eta, horri esker, ez du sintoma larririk izan eta sendatzeko bidean dago. Horregatik, aldundiak gogorarazi du txertoa dela «mingain urdinaren kontrako babes tresnarik eraginkorrena». Aurreko hilabeteetan, Errioxako eta Nafarroako eskualdeetan ere aurkitu izan da gaixotasuna, Arabak mugakide dituen lurralde batzuetan, alegia.
Berrehun abelburuko artalde batekoa da ardia. Uztailean gaixotu zen, eta, PCR proba egin ostean, mingain urdinaren birusa detektatu zioten uztailaren 31n Eskalmendiko laborategian (Arratzua-Ubarrundia, Araba). Geroago, Neiker nekazaritza ikerketarako institutuak aztertu zuen lagina, eta birusaren aldaera zein zen zehaztu zuten: 3 serotipoa. Datu hori berretsi zuten ofizialki abuztuaren 14an.
Artalde osoa txertaturik zegoen mingain urdinaren kontra. Ardiari gaitzaren kontrako botikak eman dizkiote, eta sendatzeko bidean dago.
Arabako Foru Aldundiak gogorarazi die nekazariei komenigarria dela abelburuei txertoa ematea: «Hori da gaitzaren kontrako babes tresnarik eraginkorrena, apaldu egiten baitu haren eragina». Gaur egun, Araban ez da derrigorrezkoa abelburuak txertatzea, baina hala egitea erabakitzen duten nekazariek doan jasotzen dute zerbitzua iazko abuztutik, aldundiak bere gain hartzen baitu kostua. Gutxi gorabehera, Arabako ardien herenek jaso dute txertoa.
24 aldaera
Mingain urdinaren birusak 24 aldaera ditu, eta 1 eta 8 serotipoak izaten dira arriskutsuenak abelburuentzat. Eltxoen ziztadaren bidez transmititzen da, eta, horregatik, uda garai aproposa izaten da gaitza hedatzeko. Gizakientzat ez da kaltegarria.