Osasun larrialdia

Mondragonen Txinako lantegiak, erdizka lanean

Joan den astean ireki zituzten berriro, urtarrilaren 24az geroztik itxita egon ondoren.

Langile bat Fagor Ederlanen Kunshango lantegian. IREKIA
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 24a
17:01
Entzun

Koronabirusaren krisiak bete-betean eragin dio Mondragon taldeari, 22 lantegi baitituzte haren kooperatibek herrialde hartan. Besteak beste, Txinan ekoizten dute Fagor Arrasatek, Orklik, Ciakutxok, Batzek eta Coprecik. Horietako asko taldeak Kunshan hirian duen industria parkean daude, Shanghaitik gertu, eta Wuhandik 800 kilometrora. Ia 2.000 langile ditu Mondragonek Txinan, eta horietatik dozena gutxi batzuk baizik ez dira euskal herritarrak. Kooperatiba batean izan ezik, besteak kooperatiben lantegi nagusietan ari dira lanean, Txinara itzultzeko baimenen eta egoera egokien zain.

Mondragoneko iturriek Europa Press agentziari aitortutakoaren arabera, egun batzuetan geldirik egon ziren lantegiak, herritarrak eta salgaiak mugitzeko debekuaren ondorioz. Txinatarren Urteberriko oporren ondorioz, urtarrilaren 24tik 31ra arte egon behar zuten itxita, baina oporraldi hori otsailaren 10era luzarazi zieten agintariek. Azkenean, baina, hilaren 14an ireki zuten lehenengo fabrika, eta haren atzetik besteak.

Gutxika bada ere egoera «normaltasunera» itzultzen ari dela esan dute Mondragoneko iturriek. Gaur egun, ohiko jardueraren %50 eta %60 artean dabiltza. Hurrengo egunetan eta asteetan berreskuratu nahi dute normaltasuna.

Kooperatiba taldearen arabera, geldialdiak ez du oraingoz kalte handirik eragin. Hornikuntza arazorik ez dute, biltegietan zegoen materiala erabiltzen ari direlako. Ez du baztertu, ordea, aurrerago produktu batzuen eskasia izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.