Mubilek 1 Formulako abiada hartu du bere lehen urtean

«Aurreikuspen guztiak» gainditu ditu garraio jasangarriaren eta adimendunaren poloak, eta eraikin berria altxatuko du sektoreko 'start-up'-ak hartzeko.

Mubil zentroko Powertrain laborategia. SARA SANTOS / GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Mubil zentroko Powertrain laborategia. SARA SANTOS / GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Irune Lasa.
Donostia
2026ko maiatzaren 7a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

1 Formulako McLaren Mubilen saiatzen ari da errekuntza motorraren hibridazioko transmisio elektrikoaren zati bat. Auto lasterketa horiek ikusten dituztenei ezaguna egingo zaie; «motorrari bulkada ematen dion parte elektriko hori», esplikatu du Cesar Gutierrezek. Mubileko zuzendari nagusiak kontatuko lituzke, ahal balu, Eskuzaitzetako (Donostia) puntako haien laborategietan egiten diren beste hainbat saio eta proba, baina enpresekiko konfidentzialtasunak eragozten dio. Azaldu du, hori bai, galtzak bete lan dabiltzala zentroko hiru laborategiak; haien batez besteko okupazioa %75etik gorakoa da, eta aldiro okupazio tasa hori %100era handitzen da baterien laborategian eta automoziorako Powertrain laborategian.

Iazko maiatzaren hasieran inauguratu zen Mubil zentroa Eskuzaitzetan, Gipuzkoako Aldundiaren babespean, alor publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan, garraioaren sektoreko enpresa, zentro teknologiko eta formakuntza zentroen ekosistemarako egoitza izateko. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera, «aurreikuspen guztiak» gainditu dituzte. «Europa hegoaldean alor honetako erreferente izatea zen helburua, eta orain Europa guztian da erreferente Mubil».

'Start-up'-entzako zentroa

Gutierrezek ere, bide beretik, azaldu du joan den urtean Mubilek pausoa eman duela proiektu izateari utzi eta errealitate bihurtzeko, eta bai berak eta bai Mendozak haren inguruan sortu diren eta sortzen diren harremanak azpimarratu dituzte.

Harreman horien emaitza izan daitezkeen start-up-ei eta negozio ildo berriei tokia emateko, eta talentua erakartzeko, Mubil Business Center izeneko eraikina altxatuko dute Eskuzaitzetan bertan, Mubil zentroaren ondoan. 4.500 metro koadro izango dira, eta aurreikusitako inbertsioa, 7,5 milioi euro. Start-up-ei tokia eskaintzeaz gain, zentro berrian proiektuek mailaz hazteko aukera ere izango dutela zehaztu du Gutierrezek.

Eta beste hazkunde bat ere aurreikusten du Mubilek: irailetik aurrera bi lur zati jarriko dituzte eskuragarri poligonoan —6.683 eta 3.336 metroko koadrokoak—, garraio jasangarriari eta adimendunari lotutako proiektu berritzaileak erakartzeko.

Gainera, Mendozak eta Gutierrezek iragarri dute azaroaren 4tik 6ra City Science Summit kongresua egingo dela Donostiako Kursaal jauregian. Hiri zientziaren, plangintzaren eta hirien eraldaketaren arloko kongresu garrantzitsuenetako bat da, MIT Massachusetts Institute of Technologyrekin batera antolatuko dena. MITek eta Mubilek jada egiten dute lan elkarrekin, laborategi bat eratu baitute City Science Lab@ Gipuzkoa datuak sortzeko, besteak beste, karbono dioxidoaren isurien murrizketei, garapen ekonomikoari eta lurralde kohesioari buruz.

Bruselari adi

Mubilek urte honetarako espero du Europako Batzordeari egindako proposamen baten erantzuna. «Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun autonomo, konektatu eta adimendunean erreferentziazko eskualde gisa hautatzea nahi dugu», azaldu du Gutierrezek. «Europako beste 56 eskualderekin baino gehiagorekin ari gara lehian, baina ari gara lanean, eta badugu itxaropena hautatuak izatekoa». Bulkada ederra izango litzateke Mubilentzat.

Automozioaren krisiaren eragina

Igarri ote du Mubilek Europan automozioak bizi duen erdipurdiko egoera? Cesar Gutierrezen arabera, «egia da baduela eragina, baina erabakiak hartuta daude aspaldi. Elektrifikazioa nagusituko da, lehenago edo geroago, eta Europan argi dago berrikuntza apustua egin behar dela». Egoerak, esan du Mubileko zuzendari nagusiak, «mantsotu egin ditzake proiektu batzuk aldi batean, baina ez dugu igartzen geldialdirik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA